
Igandean Castroko uretan jokatu zen Euskotren Ligako estropada inpugnatzea erabaki du Tolosaldeak. IX. Caixabank Bandera Oriok eraman zuen eta Arraun Lagunak izan zen bigarren, Tolosaldea hirugarren izan zen bitartean. Nolanahi, estropadako bigarren luzean 'Lugañene' ontziak kalte egin ziola iritzita, helegiteak aurkeztu du Tolosaldeak eta Arraun Lagunak estropadatik egozteko eta bertan lortu zituen zazpi puntuak kentzeko eskatu du.
Ziabogaren ostean Arraun lagunak Tolosaldearen kalean sartu zen, horretarako derrigorrezkoak diren sei segundoko tartea errespetatu gabe. Epaileek behin eta berriz bandera ezberdinak erakutsi zizkion 'Lugañeneri' eta honek jaramonik egiten ez zuela iritzita, hiru segundoko zigorra ezarri zioten Arraun Lagunaki. Tolosaldearen iritziz, ez da nahikoa.
Hala dio, behintzat, Ramon Erostarbe Tolosaldearen prestatzaileak. «Igande arratsaldean klubeko kide guztiak elkartu ginen: arraunlariak, zuzendaritza, ordezkaria eta ni neu, eta helegitea aurkeztea erabaki genuen. Estropadaren zortzigarren minututik aurrera uneoro Arraun Lagunaken uberan goaz. Tarte baten hiru segundora baino ez gaude, talka egiteko sekulako arriskuarekin. Orduan, ez dugu ulertzen uretako epaileek nola ez zituen egotzi, batez ere bandera zuria atera eta Arraun Lagunakek jaramonik ez ziotela egiten ikusita», adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
«Aurreneko bandera zuria atera zien, urdina gero eta azkenean horia, eta hala ere, hantxe jarraitzen zuen Arraun Lagunakek. Epaileak ez zekien azkenerako ezta zein bandera erakutsi ere. Ba gure iritziz argi dago: bandera gorria atera behar zitzaion eta estropadatik kanpo utzi. Izan ere, hiru segundoko zigorrak ez zuen ezer aldatu, bestela ere Oriorena izan zelako estropada», gaineratu du Erostarbek.
Sailkapenari begira
Igandeko estropada eta gero Euskotren Ligako sailkapen nagusian Orio eta Arraun Lagunak aurreneko postuan berdinduta daude, 57na punturekin, Tolosaldea hirugarren delarik zazpi puntu gutxiago pilatuta.
Nerea Perez Tolosaldea traineruko patroiak sailkapen nagusi horretan jarri zuen igandean arrazoia Arraun Lagunak ez egozteko erabakiaren aurrean. «Epaileekin hitz egin dugu eta ez dagoela zer eginik esan digute. Baina ez zaigu batere normala iruditzen; hau da, ibaiko estropadetan, hiruzpalau segundoko aldearekin ondoko kalean sartzen bazara estropadatik botatzen zaituzte, eta honako honetan, itsasoko estropada baten, Arraun Lagunak gure kaletik joan da itzulerako luze guztia, hiru segundoko aldearekin. Ez zaigu zilegi iruditzen hiru segundoko zigorra baino ez izatea epaileen aldetik. Oso haserre gaude eta gainera uste dugu beste ontziren batek egin izan balu Arraunek egin duela, bota egingo zuketela», iritzi zion.
Ramon Erostarbe prestatzailea ados azaldu da bere patroiarekin. «Nik ez dakit hiru segundoko zigorra Arraun Lagunak bera delako izan denik. Baina luzean pare bat bider Nereak –Perezen– ontziaren ibilbidea aldatu egin behar izan zuen aurrekoa joko ez bazuen. Sinestezina da halako egoera baten egozteko erabakia hartu ez izana», azaldu du.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
