NAIZ

Entzute prozesuan «herriak esandakoa» errespetatzea eskatu du Guggenheim Urdaibai Stop-ek

ALC Fundazioak Guggenheim Urdaibai proiektuari buruzko entzute prozesuaren txostenaren balorazioa egin du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, eta dei egin die instituzioei «esandakoa aintzat hartzera eta errespetatzera». Busturialdeak halako makroproiektu turistikorik ezin duela hartu berretsi du.

Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako mobilizazioetako bat.
Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako mobilizazioetako bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Agirre Lehendakaria Center Fundazioak uztailaren 23an publiko egin zituen Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lakuako Gobernuak abian jarritako entzute prozesuaren lehen emaitzak. Astearte honetan, txostena aztertu ondoren eta «bertan publikatutako emaitzen inguruan instituzioek erakutsi duten isiltasunaren aurrean», Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bere balorazioa eman du.

Plataforma honek entzute prozesu honen inguruan dituen zalantzak publiko egin zituen abian jarri zuten momentuan. Hala ere, «zuhurtziaz», prozesuan parte hartzea erabaki zuen, «betiere. instrumentalizazio izpiren bat ikusiz gero, berehala prozesutik irtengo ginela argi utzita».

«Beti eduki dugu argi eta gaur oraindik ere argiago dugu, Busturialdeak ez duela Guggenheim museorik behar eta prest gaude prozesu honetan eta martxan jartzen dituzten kanpaina guztietan horrela esateko. Kaleetan herritarrek adierazitakoa nahikoa ez bada, prozesu honetan ere gauza bera errepikatu eta dokumentatuta gelditzea salaketa modua dela deritzogu», dio plataformak.

Plataformak nabarmendu du, txostenarekin, argi geratzen dela herritarrek proiektuaren aurka egiten dutela, bereziki Muruetan kokatzearekin: «Argi dirudi Murueta ez dela Bilboko Guggenheim museoaren handipena egiteko lekua izango. Beti esan dugu Biosfera Erreserbaren bihotza dela. Dagoeneko egoera zaurgarria duen eremua da, saturazio zantzuak erakusten dituena eta berehalako premiazko kudeaketa jasangarri aktiboa eskatzen duena».

«Busturialdeak ezin du halako makroproiektu turistikorik hartu»

Horrez gain, Guggenheimi Urdaibain beste kokapen bat emateko aukera zabaltzearen aurka agertu da plataforma: «Busturialdeak ezin du halako makroproiektu turistikorik hartu. Muruetatik urruntzea Biosfera Erreserbaren bihotza salbatzea litzateke, baina ez gaude ez giltzurrunik ez birikarik sakrifikatzeko prest. Proiektu honek Muruetan suposatuko lituzkeen lege urraketak ekiditeak ezin ditu ordezkatu turismo masiboak eskualdera ekarriko lituzkeen albo kalte guztiak».

Bestalde, beharrezkoa ikusten du Guggenheim Urdaibai proiektua «berehala publiko egitea». Izan ere, txosteneko 004 pertzepzio taldean bildutako herritarrek argi esaten dute ezinezkoa zaiela iritzia ematea proiektua ezagutu barik. «Informazio eta gardentasun falta da adierazpenik errepikatuena, eta herritarren narratibak zehatzak izatea bada benetan helburua, beharrezkoa da proiektu hau ezagutzea», dio Guggenheim Urdaibai Stopek.

Halaber, plataformak argi utzi nahi izan die erakundeei «entzutea bakarrik ez dela nahikoa, esandakoa aintzakotzat hartu eta errespetatu egin behar» dela. «Pradales lehendakariak ondo esan zuen: ezin da gobernatu herriari entzun barik. Hementxe dute aukera aparta, eredu izan eta esandakoa betetzeko!», azpimarratu du.

«Erakundeok, utzi proiektua bertan behera gaur bertan eta erantzun arduraz Busturialdearen beharrei! Garbitu kutsatutako lurrak eta akuiferoa eta hainbat aldiz aho zabalez esan duzuenez, egin leheneratze lanak. Baldintza barik eta Biosfera Erreserba errespetatuz. Diru publikoa herritarren eta naturaren hobebeharrez inbertituz eta ordainetan, etekin ekonomikorik espero barik», galdegin die Guggenheim Urdaibai Stopek.