NAIZ

Ministro Kontseiluak Martxoaren 3aren memorialera 600.000 bideratzea onartu du

Gasteizko San Frantzisko Asis elizan Martxoaren 3aren memoriala egiteko 600.000 euro bideratzea onartu du espainiar Ministro Kontseiluak. Bertan hil zituzten 1976an greba egiten ari ziren bost langile eta datorren urtean beteko da 50. urteurrena.

Martxoaren 3aren omenezko oroigarria.
Martxoaren 3aren omenezko oroigarria. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko San Frantzisko Asis elizan Martxoaren 3aren memoriala eraikitzera 600.000 euro bideratzea onartu du Madrilgo Ministro Kontseiluak. Espainiar Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, espero dute memoriala prest egotea 2026ko lehen hiruhilekorako. Hain zuzen ere, orduan beteko dira 50 urte espainiar Poliziak greba egiten ari ziren bost langile hil zituenetik, oroimenerako baliatuko duten elizan bertan.

Martxoan hasi zituzten San Frantzisko Asis memoria demokratikorako toki deklaratzeko izapideak, Estatuko Aldizkari Ofizialean Fernando Martínez Memoria Demokratikorako Estatu idazkariak sinatutako ebazpena argitaratuta. Bertan azpimarratuta dator 1976ko martxoaren 3an jazotakoak gasteiztarren memorian iltzatuta geratu direla eta «bizi-baldintzak eta lan-baldintzak hobetzeko langileen bidezko borrokak sinbolizatzen» dituztela, baita «indar polizialek langileen mobilizazioen aurka egindako errepresio gogorra ere».

Elizari dagokionez, ebazpenak azpimarratzen du «sozializazio espazioa» zela, Gasteizko langileen ordezkariak hartzen zituena askatasun politiko eta sindikalik ez zegoen momentu historiko batean, ez zeudelako aitortuta bilera eta elkarte eskubideak.

«Duen balio sinbolikoagatik, langile klasearen imajinarioan duen garrantziagatik, opresio frankistaren aurkako erresistentziaren adierazgarri delako, hilketa eta gertaera ikaragarri horien erreferente delako, San Frantzisko Asis elizak eta Gasteizko 1976ko martxoren 3an jazotakoak merezi dute Memoria Demokratikorako Leku izendatuak izatea», nabarmentzen du ebazpenak.