NAIZ

Remco Evenepoel, Marc Hirschi eta Isaac Del Toro, Donostiako Klasikoko izarrik distiratsuenak

Larunbatean jokatuko da Donostiako Klasikoaren 44. ekitaldia. Orotara 211 kilometro pasatxo izango ditu probak eta Murgil tontorra berreskuratuko du aurten, helmugatik hamar kilometro eskasera. 24 talde ariko dira lehian Gipuzkoako errepideetan barrena.

44. Donostiako Klasikoaren aurkezpena.
44. Donostiako Klasikoaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Astearte honetan egin da Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofiziala. Klasikoaren 44. edizioa zapatuan jokatuko da eta Murgil tontorra berreskuratuko du, Boulevardean 211 kilometro pasatxo izango dituen lasterketa amaitzeko. Lasterketa erabaki beharko lukeen aldapatzarra helmugatik hamar kilometro eskasera pasa beharko dute txirrindulariek.

Faboritoen artean Marc Hirschi iazko irabazlea –Tudor–, Tourra bertan behera lagata, 2019, 2022 eta 2023an Donostian garaile atera zen Remco Evenepoel –Soudal– edota aurtengo Giroan eztanda egin duen Isaac Del Toro mexikarra –UAE– izango dira.

Evenepoelen kasuan, Tourra amaitu baino astebete aurretik lasterketa utzi behar izan zuen saihets bat hautsita zuela-eta, baina antza denez larunbatean Donostian parte hartzeko moduan dago. Uneotan Marino Lajarretarekin berdinduta dago palmaresean, Flandriako «pitbull»-a eta berriztarrak hiruna Donostiako Klasiko patrikaratu dituztelako. Ikusi egin behar saihetseko arazoari buelta emateko kapaz izan den ala ez, eta bere palmaresera Donostiako Boulevardean laugarren garaipena gehituko ote dion.

Ezin ahaztu, noski, beren burua alternatibatzat har dezaketen txirrindulari multzoa. Besteak beste, 2018an Boulevardean gailendu zen Julian Alaphilippe –Tudor– hortxe izango da, azken aldian garai baten baino kamutsago dabilen arren. Baita pasa den astean Ordizian garaile atera zen Igor Arrieta nafarra –UAE– edo Giroko aurreneko etapan bizkarrezurreko orno bat hautsi zuen Mikel Landa (Soudal) bera ere. Murgiakoaren kasuan, Albanian izan zuen istripuaren aurretik aurreneko kilometroak osatuko ditu, Vueltara begira gorputzaldirik onena hartzeko gogoz. Parte hartuko duten euskal txirrindularien artean, ezin ahaztu 2023an Donostian bigarren amaitu zuen Pello Bilbao –Bahrain– eta Tourrean parte hartzen izan diren Ion Izagirre eta Alex Aranburu –Cofidis– ere. Orotara 24 taldek hartuko dute parte Gipuzkoako errepideetan barrena.

Esan gabe doa Donostiako Klasikoan gailentzeko orotariko ibilbidetan ondo moldatzen den txirrindularia beharko dela izan. Ez da gauza bera Jaizkibelen gora arnasa luzea lantzea edo Murgil tontorreko %20ko aldapatzarrean okertuta aritzea, edo Boulevardean esprinta jokatzea. Zentzu horretan Tourretik datozen txirrindulariek uztailean beste lasterketa batzuetan parte hartu duten aurkarien aldean erritmo bizia izango dutela eta behin Parisa iritsita, atseden hartzeko ere aukera eta tartea ere izan dute.

Ziklistek 11.20ak aldera ekingo diote lanari eta 211,4 kilometroko ibilbidean sei mendate puntuagarri igo beharko dituzte: hirugarren mailako Andazarrate, 28,3. kilometroan; bigarren mailako Urraki, 81,5.ean; hirugarren mailako Alkiza, 102,1.ean; bigarren mailako Jaizkibel, 149,2.an; lehen mailako Erlaitz, 169. kilometroan; eta Murgil, bigarren mailakoa bera, 203,4.an. Halaber, bi esprint berezi jokatuko dituzte, biak ala biak Donostian, 132. eta 194,1. kilometroetan. Antolatzaileen aurreikuspena da irabazleak 16:29tik 17:02ra bitartean altxatzea besoak. Ikusi egin behar iazko moduan Marc Hirschi gailentzen den, zerrendan aipatu den beste izenen batek lortzen duen garaipena ala inondik espero ez den ezustekoren batek argitzea Boulevardeko helmuga.

Txirrindularitzaren jaia

Aurkezpen ekitaldira bertaratutakoen artean, honako hauexek nabarmendu dira: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Iñaki Gabarain, Donostiako Kiroletako zinegotzia; Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru-diputatua; Izaskun Vazquez, FCCko zerbitzuburua zein LAPeko goi-mailako teknikaria; eta Javier Riaño, OCETAko presidentea. Guztiek berretsi dute larunbatekoa «txirrindularitzaren jaia» izango dela.

Zentzu horretan, ikus-entzunezko ikuskizunak zeresanik izango du, 150 herrialdetan ikusiko baita Donostiako klasikoa. Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak lasterketaren jarraipena nola egin ahal izango den azaldu du. «Emanaldia 14.30ean hasiko da ETB1en eta zuzenean. Goi-teknologiari esker, goi mailako ikuskizunaz gozatu ahal izango da EITBn. Lasterketaren jarraipena Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta etib.eus webgunean ere egin ahal izango da xehetasun osoz».

Horrez gain, abuztuaren 1ean, ostiralean, taldeak Donostiako Udaletxe aurreko terrazan aurkeztuko dituztela, abuztuaren 2an, lasterketa egiten denean, Donostian eta Gipuzkoan txirrindularitzaren jai handia egingo delakoan daude Klasikoko antolatzaileak.