
Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren 2025eko lehen seihilekoari dagokion balantzea aurkeztu du asteazken honetan, 2024koarekin konparatuz. Zerbitzuak 6.328 kontsulta artatu ditu 2025eko lehen seihilekoan, aurreko urteko epealdi berean baino 41 gehiago, orduan 6.287 izan baitziren. Hala adierazi du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak.
Melgosak nabarmendu duenez, amaitutako bitartekotzen %80k akordioak lortu dituzte eta «familia gatazken judizializazioa murriztu» egin da.
Bikote hausturak, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, herentziak edo hezkuntza eremuko gatazketan bitartekaritza eskaintzen duen doako eta isilpeko zerbitzua eskaintzen da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. «Oraindik ere funtsezko baliabidea da familia gatazkak eta bikote hausturaren ondoriozkoak kudeatzeko», azpimarratu du, bestalde.
Era berean, ikusi da bitartekotza aurreko kontsultek gora egin dutela pixkanaka, baliabide horren erabilgarritasunari buruzko gizarte sentsibilizazio handiagoaren ondorioz.
Lurralde bakoitzari dagokionez, Bizkaia izan da eskaeraren buru, 3.243 arreta eman baitira lehen seihilekoan (iaz 3.690); ondoren Gipuzkoa dator, 1.707 arreta erregistratuta (2024an 1.651), eta, azkenik, Araban 1.378 izan dira (iaz 946).
Bestalde, bitartekaritza prozesuei buruzko datuak kontuan hartuta, 2025eko lehen seihilekoan, zerbitzuak 1.463 bitartekaritza espediente izapidetu ditu, 2.820 pertsona inplikatuz (gizonak eta emakumeak), 2024ko lehen seihilekoan baino %13,8 gehiago. Hiru lurraldeetan handitu da familia bitartekaritzako zerbitzuan parte hartu dutenen kopurua: Araban %9,3, Bizkaian %16 eta Gipuzkoan %12.
Kasu gehienak bikote hausturaren ondoriozko gatazkei dagozkie (%80 baino gehiago), eta, ondoren, belaunaldien arteko gatazkei eta familia gatazkei. Melgosa sailburuak adierazi duenez, baieztatu egin da bikote hausturaren ondoriozko gatazkak direla oraindik ere kausa nagusia, baina belaunaldi arteko familia gatazkek zertxobait gora egin dute, batez ere Gipuzkoan.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
