NAIZ

EHUn graduko ikasketak bukatu eta hiru urtera lanean ari dira hamarretik bederatzi

Euskal Herriko Unibertistatean graduatzen diren ikasleen hamarretik bederatzik lana lortu du ikasketak bukatu eta hiru urtera, Lanbidek tituludunen artean eginiko inkesta baten arabera.

EHUn ikasten dutenen 10etik 9k lana lortzen dute hiru urtera. Irudian, Leioako campusa.
EHUn ikasten dutenen 10etik 9k lana lortzen dute hiru urtera. Irudian, Leioako campusa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 2021eko promozioko tituludunen %90 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Horixe da, hain zuzen, Lanbide Enplegu Zerbitzua Publikoak EAEko unibertsitate publikoko gradudunei buruz egin duen ‘Laneratzeari buruzko azterlana’ txostenean jasotako ondorio nagusietako bat.

Unibertsitateak ohar batean azaldu duenez, 2021ean ikasketak bukatu zituzten 6.627 lagunetatik 4.926ri egin zitzaien inkesta; %75eri. Emaitza fidagarriak izateko lagin «oso esanguratsua, ikasle gehienen egoera islatzen baitu». Aipatutako promozioaren kasuan, okupazio tasa (ordaindutako lana duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekin alderatuta) %90ekoa da. Generoaren arabera aldea dago laneratze tasan: bi puntu handiago da gizonen artean (%91); zehazki, emakumeen %11 langabezian dago, eta gizonen artean %9 dago lanik gabe.

Egindako ikasketekin lotura zuzena duen lanpostu batean ari direnen ehunekoa, hau da, ikasketei lotutako enplegu tasa, %87koa da. Bestalde, lehen lana lortzeko epea urtebete baino gutxiago izan da ikasleen %63rentzat.

Soldatan arrakala

Lanbideren txostenak soldata ere aztertu du. Hala, lanaldi osoko batez besteko soldata garbia 1.819 eurokoa dela dio, 14 ordainsaritan banatuta. Eta laneratzearekin bezala, ordainsarian ere genero arrakala dago: gizonen batez besteko soldata 1.867 eurokoa da; emakumeena, 1.771 eurokoa.

Lan egoerari dagokionez, tituludunen %77,08k besteren kontura egiten du lan. Norberaren kontura ari direnen ehunekoa %3koa da, eta %5,56k, berriz, ikasketekin jarraitzea erabaki du. Gainerakoen artean daude doktorego aurreko edo ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasun egoeran dauden pertsonak, kooperatibetako bazkideak eta antzeko bestelako lan edo egoera pertsonalak dituztenak.

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerio espainiarrak QEDU (Qué Estudiar y Dónde en la Universidad) tresnaren bidez argitaratutako datuen arabera, EHUko hamabi gradu espainiar Estatuan hobekien ordaindutakoen artean daude, graduatu eta lau urtera. Azterketa hori unibertsitate publiko presentzialeko graduatuen Gizarte Segurantzako kotizazio oinarriaren batez bestekoan oinarritzen da.

Adierazle horretan nabarmendu diren graduak honako hauek dira: Arte Ederrak, Ingurumen Zientziak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Zuzenbidea, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Ingeles Ikasketak, Historia, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Medikuntza eta Itzulpengintza eta Interpretazioa.

Euskara

Txostenak euskararen garrantzia ere nabarmentzen du laneratzeko orduan: inkestatutakoen %60ri, lana aurkitzeko unean, euskara jakitea ezinbestekoa izan zaie, edo gutxienez baloratu egin diete. Ildo horretan, Noemi Peña EHUko Ekintzailetza, Enplegagarritasuna eta Transferentziarako zuzendariak nabarmendu du bi puntu hazi dela euskararen ezagutzaren eskaria laneratzeko orduan, %36tik %38ra.

Jakintza esparruaren arabera, euskararen garrantzia nabarmenagoa izan da gizarte zientzietan (%79,1), humanitateetan (%73,4) eta osasun arloan (%62,7). Beste esparru batzuetan ere garrantzitsua izaten jarraitzen du, nahiz eta ehuneko txikiagoekin: esparru esperimentaletan (%56,7), ekonomiko-juridikoan (%50,2) eta arlo teknikoetan (%35,3).

«Gure ikasleak laneratzen laguntzeko, kalitatezko hezkuntza inklusibo eta eleanitzaren alde egiten jarraituko dugu», adierazi du Noemi Peñak. Izan ere, «datuek berresten dute gure graduatuek enplegu tasa altuak dituztela, eta horrek erakusten du gure gradu, master eta titulu propioen eskaintza egokia dela, betiere gizartearen eskaerekin bat etorriz».