NAIZ

Jaiguneak «espazio eroso bilakatzeko» tresnak eskainiko dituen protokoloa izango du Gasteizek

Urtero bezala, Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri LGTBI kolektiboak elkarlanean arituko dira LGTBI pertsonen aurkako erasoen eta eraso matxisten kontrako protokoloa martxan jartzeko Andra Mari Zuriaren Jaietan. 747 414 834 eta 633 309 653 telefono zenbakiak aktibo egongo dira.

Erasoen aurkako Gasteizko Jaietako protokoloa aurkeztu dute Mugimendu Feministak eta Lumagorrik.
Erasoen aurkako Gasteizko Jaietako protokoloa aurkeztu dute Mugimendu Feministak eta Lumagorrik. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gasteizko Jaietan eraso matxisten eta LGTBI pertsonen aurkako erasoen aurrean eragiteko protokoloa abian jarriko dute aurten ere Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri LGTBI kolektiboak, elkarlanean.

Ostegun honetan egindako aurkezpenean nabarmendu dutenez, eraso bat gertattzen denean berehala erantzuteko tresna izateaz gain, «protokoloak iruditeri feminista bat eskaini behar du, jaiguneak espazio eroso bilakatzeko tresnak eskaini behar ditu eta esperientziak erakutsi digu protokoloa existitzeak berak izan dezakeela funtzio prebentiboa».

«Protokoloa eraso bat salatu edo honi aurre egiterakoan komunitatearen babesa ziurtatzeko tresna da, erantzun kolektiboa artikulatzeko baliabide eta erremintak sortzen dituena», gaineratu dute.

Txosnagunean, Aihotz Plazako GEU elkartearen gunean eta erdiguneko zenbait tabernatan egongo da martxan protokoloa. Horrela, eremu horietan beren burua feministatzat dutela, eremu segurua izateko bermeak egongo direla eta eraso baten aurrean babes sare bat egongo dela bermatuko da.

Jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuna emateko, erasotuak izan direnak laguntzeko eta erasoei lotutako informazioa jasotzeko Mugimendu Feministatik azken urteetako telefono zenbaki bera aktibo mantenduko dute: 747 414 834. Gainera, erasoak salatzeko kontzentrazioen berri @gasteizkomf sareetako profilean emango dute.

LGTBIfobiaren aurka, aldiz, Lumagorrik 633 309 653 telefono zenbakia ahalbidetuko du. Webgunean online salatzeko aukera ere badago. Alegia, «sexu orientazio, genero espresio eta identitateagatiko adierazpen, irain, diskriminazio, gorroto diskurtso edota erasoak ezagutzeko baliabide nagusiak».

«Guztion ardura»

Erasoen aurka egitea «jaietan modu batean edo bestean parte hartzen duten guztien ardura» dela nabarmendu dute, gizon zisheteroen papera bereziki aipatuz. «Sarritan gizonek alboratu egiten dute erasoa egin duena ez dutelako nahi harekin identifikatzea. Baina inguruak ere izan behar du funtzio bat erreparazioan, akonpainamendua egin behar du», azaldu dute.

«Urtero ateratzen ditugun txostenetan argi geratzen da espazio publikoan eta gaueko aisialdian ematen direla LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso gehienak eta askotan espazio horiek ez direla goxoak bazterretan bizi garen emakume, arrazializatuen eta LGTBI+ pertsonentzat», deitoratu dute prentsaurrekoan. «Horregatik inoiz baino garrantzitsua da espazio publikoa okupatzea eta ikustaraztea, gureak ere diren festa lekuak berreskuratzea», gaineratu dute.