Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Squibanen garaipen handia Gigante bizirik utzi duten egunean

Tourreko seigarren etapa irabazi du Maeva Squiban bretainiarrak. Beste guztiak elkarri begira geratu diren unean jo du erasoa eta erakustaldia eman du helmugaraino. Faboritoen artean ez da alderik izan, baina Sarah Gigantek jaitsiera bakoitzean sufritu du. Bizirik utzi dute.

Maeva Squiban bretainiarrak Tourreko seigarren etapa irabazi du.
Maeva Squiban bretainiarrak Tourreko seigarren etapa irabazi du. (Julien de Rosa | AFP)

UAE taldeko Maeva Squiban txirrindulari bretainiarrak bere ibilbideko garaipenik onena eskuratu du. Helmugatik 32 kilometrora jo du erasoa, bigarren mailako mendatean, faboritoak elkar markatzen ari ziren bitartean. Hortik Amberteko helmugarainoko bidea bakarrik eta erakustaldia emanda osatu du.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan. Kim Le Courtek jarraituko du horiz jantzita. Izan ere ez da alderik izan faboritoen artean.

Mendiko lehen etapa izan dute ostegun honetan txirrindulariek. Clermont-Ferrand eta Ambert arteko 123 kilometroko etapa, zeintzuetan lehen mailako Beal eta bigarren mailako Chansert igoerako topatu dituzten.

Kosta da ihesaldia egitea. Eta halakoetan gertatu ohi denez, maila handiko taldeak lortu du azkenean tartea irekitzea. Usoa Ostolaza zarauztarra bertan izan da, Liane Lippert, Soraya Paladin, Elise Chabbey, Yara Kastelijn edo Pfeiffer Georgi bezalako goi mailako txirrindulariekin.

Ez dute baina tarte handirik irekitzea lortu. Lehen mailako mendatearen hasierako aldapak iritsi bezain pronto Kim Le Court liderraren eta Sarah Gigante igotzailearen AG Insurance taldeak erritmoa bizitu du. Iheslariek gauza bera egin dute eta soilik indartsuenak mantendu dira aurrean. Hala ere minutu erdi inguruko errenta baino ez zuten gailurrean, 40 kilometro baino gehiago falta zirenean.

Mugimendu gehiago egon da beherakoan gorakoan baino. Lasterketa burua hautsi da eta Chabbey izan da gehien eutsi duena. Tropelean ere ziztu bizian jaitsi dira. Horretan munduko onenetako bat den Cedrine Kerbaolek tenkatu du lasterketa, iaz Tourra irabazi zuen Kasia Niewiadoma gurpilean zutela. Denak batu dira berriz bigarren mailako igoeran, baita halakoetan beti sufritzen duen Sarah Gigante bera ere baina hanketako mina pilatzen ari zen. Egunak aurrera doaz eta Giganteren aukerak bizi-bizirik daude, mendiko etapa handienen atarian.

Kontraerasoa Maeva Squibanek jo du. Denak begira geratu dira eta errenta minutura joan da segituan. Berriz ere, beherakoan egon da saltsa gehiago. Demi Volleringen taldekideek bizitu dute abiadura eta biktimak izan dira. Niamh Fisher-Blackek zulatua izan du eta Gigante eten egin da, beste behin. Gaurkoan zaindari izan du Justine Ghekiere taldekidea eta bigarrenez ekarri du bueltan faboritoen taldera. Beste egun batez bizirik atera da Gigante eta larunbateko Madeleineko amaieraren atarian, pisua irabazten ari da hautagai gisa. Bat baino gehiago damutu daiteke australiarraren ahulezia baliatu ez izanaz.