Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Laura Rogorak historia egin du kirol eskaladan bistan sinatutako 8c+ mailako bide batekin

24 urteko eskalatzaile italiarra estilo horretan maila goren hori lortu duen lehen emakumezkoa bihurtu da. Rogorak adierazi du ‘Ultimate sacrifice’-ren hasierako zein amaierako sekzioetan ia erorikoak izan zituela.

Laura Rogora eskalatzaile italiarra.
Laura Rogora eskalatzaile italiarra. (LAURA ROGORA)

Hemezortzi urte igaro dira Patxi Usobiagak ‘Bizi euskaraz’ bidearekin historia egin zuenetik. Eskalatzaile eibartarrak urrezko pasartea idatzi zuen marra horrekin; izan ere, 8c+ mailako munduko lehen bidea bistan sinatu zuen. Orain, berriz, emakumezkoen artean ohore hori erdietsi duena Laura Rogora dugu.

Gorges du Loup-era (frantziar Estatua) eginiko bidaia labur batean 24 urteko eskalatzaile italiarrak emaitza ikaragarriak lortu ditu. Eta horien artean garrantzitsuena, historikoa ere, ‘Ultimate sacrifice’ izan da. Eta hori diogu 8c+ maila duen ibilbide hori bistan egin duelako. Horri esker, zailtasun hori bistan egiten lehen emakumea bihurtu da.

Rogoraren ekarpen handi horrek, gainera, badu azpimarratzeko beste eite bat. Aipatu dugu Usobiaga izan zela estilo horretan 8c+ mailara igo zen lehena. Ondoren, soilik beste lau eskalatzaile igo dira podium horretara: Ramon Julian, Alex Megos, Adam Ondra eta Magnus Midtboe. Hortaz, talde txiki horretara gehitu da italiarra.

Rogorak 24 urte besterik ez ditu, baina kirol eskaladan egiten ari den ibilbidea oparoa da oso. Munduko lehien zirkuituan espezialista handia izateaz gain, arrokan eskalada bikainak egiten ari da. Landutako bideetan, adibidez, Arcoko ‘Erebor’-ekin 9b/+ mailara heldu da. Eta aipatu dugun bezala, bistan 8c+ historiko hori sinatu berri du. Hain zuzen ere, uztailaren 28an.

Gorges du Loup izan da eskalatzailearen azken bidaiaren «geralekua». Eta oro har onartu behar zaio astebeteko bisita horretan sasoi ikaragarria erakutsi duela. Oso eraginkorra izan dela ere nabarmendu behar da. Hitz batean esanda, ‘Ultimate sacrifice’-n hori guztia indarrean jarri zuen.

Ibilbide hori eskalada eskola horretako klasiko bat da. Deverse Satanique sektorean kokatuta dago eta eroria duen marra horren ezaugarri nagusia erresistentzia da. Lehen zatiak 8b zailtasuna du, eta, ondoren, ‘Last soul sacrifice’ bidearen (8c) mugimendu zailenetara lotzen da. Muriel Sarkany belgikarra izan zen bide hori kateatu zuen lehen emakumezkoa. 2012an izan zen. Hamahiru urte beranduago, Rogorak bistan egin du. Hots, lehen ekinaldian.

‘Ultimate sacrifice’-ri dagokionez, eskalatzaile italiarrak bazekin ezin zuela hutsik egin arrakasta hori lortu nahi bazuen: «Antza denez, bidea ondo irakurri nuen; hots, lurretik ikusitako eta aztertutako metodoak eta mugimenduak ondo memorizatu nituen. Alabaina, ez zen jarduera samurra izan. Ia eroriko batzuk izan nituen. Lehenbiziko biak hasierako 8b mailako sekzioan izan ziren. Bigarren sustoa amaierako mugimenduetan izan nuen. Bidearen azken giltzan eskuinean dauden helduleku batzuekin nahastu nintzen; irakurketa akats bat izan zen. Nekatuta nengoen eta mugimendu batzuk deseskalatu nituen. Atseden pixka bat hartu ondoren, metodoa aldatu nuen eta katera erorikorik gabe iritsi nintzen».

Aste biribila

‘Ultimate sacrifice’ bistan eskalatu ondoren, Rogorak onartu zuen zaila egiten zitzaiola iritzi bat ematea. Soilik lagunen babesa eta laguntza eskertu zituen. Eta horri honako hitzok gehitu zizkion: «Inolako zalantzarik gabe, nire ibilbidearen egunik onena izan da! Oso harro nago eginiko lanarekin, eta onartu behar dut ere arrakasta hori ezusteko handia izan dela. Neure buruak ez zuen inoiz irudikatu 8c+ maila bistan egingo zuenik».

Rogorak dio helburu hori aurreko egunetan sortu zela. Bidea ikusi eta hasierako 8c zailtasuneko bidean saiatzeko asmoa piztu zitzaion. Baina, azkenean, 8b-tik hasi zen: «Ez nuen presiorik. Metro horietan huts egiten banuen, 8c-kora igaroko nintzela erabaki nuen. Nire ezaugarrien artean erresistentzia nagusi da, eta banekien sekzio gogorrena gaindituta aukera handiak nituela ‘Ultimate sacrifice’ bistan kateatzeko. Nahiz eta 8b-ko sekzioan ia bi eroriko izan nituen, lasai nengoen. Baina metro zailenetan estresatzen hasi nintzen; izan ere, helburu hori egingarri ikusi nuen».

Bestalde, aipatu behar da italiarraren egun hori berezia izan zela. Igoera historikoari beste eskalada zail bat gehitu zion. ‘Ultimate sacrifice’-ko lanaren osteko energia eta indarrak berreskuratu eta ‘Trip tik tonik’ (9a) hiru ekinalditan kateatu zuen. Antza denez, bide horren igoera azkarrena izan da.

Aurreko egunetan, berriz, goi-mailako beste eskalada batzuk egin zituen: ‘Punt´X’ marraren (9a+) lehen igoera femeninoa eta azkarrena, ‘Kinematix’ (9a/+), ‘Just two fix’ (9a/+), hainbat 8c+, 8c mailako bat bistan…

Irakurtzen den bezala, Rogorak beste urrats bat egin du emakumezkoen kirol eskaladan. Bistan eginiko bideei dagokienez, Rogoraren azken hori heldu arte, maila gorena 8c zen. Eta hori Janja Garnbret esloveniarrak, Chaehyun Seo korearrak eta Rogorak berak lortu zuten.