
Apirilean Paris-Roubaix bezalako lasterketa handi bat irabazi zuenean, Pauline Ferrand-Prevotek esan zuen hori ez zuela helburu. Jomuga udan zuela, Tourrean. Eta ametsa zirudiena egia bilakatu du Vismako txirrindulariak. Atzoko erakustaldiaren ostean, gaur aise egin die aurre aurkarien eraso apurrei eta arazorik gabe defendatu du maillot horia. Azken etapa ere eraman du frantziarrak, helmugatik sei kilometrora erantzunik izan dez duen erasoa jota.
Arazoak izan dituena, aldiz, Sarah Gigante izan da. Aste guztia eman du aldapa behera sufritzen. Baina gaur arte ahulezia salbatzea lortu du. Igande honetan, aldiz, Joux Planeko igoera gogorraren atzetik jaitsiera bihurria iritsi da eta hor joan dira hegan podiumean amaitzeko australiarrak zituen aukera guztiak. Demi Volleringek eta Kasia Niewiadomak pozik jaso dute oparia eta Ferrand-Prevoten albo banatan egon dira podiumeko argazkian.
Denek erre dituzte azken etapa honetan geratzen zitzaizkien aukera eta indar apurrak. Irteera puntutik gainera. SD Worxek Lotte Kopecky, Anna Van der Breggen eta Femke Gerritserekin egin du aurrera. Jaitsiera batean sailkapen nagusiko bi lehenak, Ferrand-Prevot eta Gigante, moztuta geratu dira. Eta kilometrotan zehar taldekako jazarpena izan da. FDJ eta EF aurretik tiraka eta Visma eta AG Insurance atzetik. Hala ere, azken hauek sutea itzaltzea lortu dute, eguneko lehen igoera, Arâches-la-Frasse (lehen mailakoa) abiatzera zihoanean.
Abiadura horretan, lehen aldapekin mehe-mehe geratu da tropela. 15 bat lagun baino ez eta lasterketa buruan Van der Breggen, atzoko txakalaldiaren arantza kendu nahian. Bidea egin du herbereetarrak eta errenta onarekin iritsi da eguneko bigarren zailtasunera, Joux Plane mendate gogor bezain ezaguna. Atzokoan bezala, Gigante izan da mugitzen lehena. Bigarren eraso bat ere jo du, lehenak min gutxi egin ostean. Baina bigarren saiakeran ere liderra, Vollering, Niewiadoma eta Fisher-Black itsatsi zazikio gurpilera. Eta bostek elkarrekin egin dute gailurrerainoko bidea.
Eta beherakoan galdu ditu Gigantek, gaurkoan bai, podiumean sartzeko aukera guztiak. Joux Plane mendateko jaitsiera hasi bezain pronto egin du atzera eta une horretan dagoeneko ez zuen taldekiderik zuloa ixten laguntzeko. Segituan minutu ingurura ikusi du bere burua australiarrak. Aurrekoak urruti eta atzekoak urrutiago.
Etapa jokatzeko unea
Corbierreko igoeran, Tour honetako azkena, Volleringek eta Niewiadomak argi utzi dute ez zutela Ferrand-Prevoten lidergoa eztabaidatzeko ahalmenik. Momentu horretan etapa garaipenaren jokoa hasi da.
Ongi ulertu dute elkar, Volleringen taldekide Juliette Labousek erritmoa jarri duen bitartean. Azken honen indarrak agortzean herbereetarrak jo du erasoa, zazpi kilometro inguru falta zirenean, baina denak atera zaizkio gurpilera. Eta atzetik etorri da liderraren kontraerasoa. Fisher-Black saiatu da, baina saiakeran lehertu egin da.
Festa osoa beraz, Ferrand-Prevotentzat, Vismarentzat eta frantziar txirrindularitzarentzat. Izan ere 35 urte pasa behar izan dira frantziar Estatuko txirrindulari batek berriz Tour bat irabazi ahal izateko. Azkena Catherine Marsal izan zen 1990ean. Beste bi urteko kontratua behintzat badauka Tourra irabazi berri duen txirrindualriak. Beraz, seguraski, ez da hainbeste denbora pasa beharko horrelako garaipenak ospatu ahal izateko.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

