
Joan den ekainean, Madagaskarren kokatuta dagoen Tsaranoroko horma erraldoiak espedizio berezia jaso zuen. Mariana Ordoñezek eta Sasha Digiulianek osatutako sokadak 'Bravo les filles' ibilbidea (8b, 600 m) eskalatu zuen. Hori egiten lehen neskak izan dira. Jarduera eder horrek, gainera, azpimarratzekoa duen osagaia izan du.
Atzera egin behar dugu bide horren historia ezagutzeko eta aipatu duguna kokatu ahal izateko. 1.999an, Lynn Hill eskalatzaile historikoak buru zuen talde batek Tsaranorora bidaiatu zuen. Hillek asmo handia zuen: bide bat zabaldu eta hura era askean eskalatu. Lan horretarako Berth Rodden, Nancy Feagin eta Kath Pike 'fitxatu' zituen. Irakurtzen den bezala, den-denak emakumezkoak ziren. Bada, talde horrek 'Bravo les filles' sortu zuen. Zabaltzeaz gain, eskalatzaileok saiatu ziren puntu gorria jartzen. Baina, zoritxarrez, Hillek hamahirugarren luzea zintzilik utzi zuen; hots, ezin izan zuen era askean igo.
Hillek eta bere taldeak eginiko ekarpenak oihartzun zabala izan zuen mundu osoan; izan ere, garai haietan ez zen batere ohikoa hormatzar batean zailtasun tekniko handiko bide bat marraztea. Jakina, 'Bravo les filles' ez zen itzalean geratu. Bost urte beranduago, talde horrek egin zuen lan itzela biribiltzera joan zen gizonezko sokada bat. Eneko eta Iker Pou anaiei buruz ari gara. Bada, anaia txikienak, Ikerrek, bidearen giltza askatzeko aukera izan zuen: 8b maila proposatu zuen.
Hillen eta enparauen aztarna horrek beste amaiera bat behar zuen. Bederen, horrela ikusi zuten Ordoñez mexikarrak eta DiGiulian estatubatuarrak. Omenaldi gisa har daiteke sokada horrek 'Bravo les filles'-en egin duten lana, eta horrela ondoriozta daiteke estatubatuarrak eginiko azalpenetatik: «Lynnek istorio ederrak kontatu zizkidan Tsaranoron zabaldutako bideari buruz. Bat-batean, 'Bravo les filles'-ekin harrapatuta geratu nintzen. Lynnek eta bere kideek eginiko bidaia aparta iruditu zitzaidan; oso inspiratzailea ere. Garia haietan egin zutena handia da oso; ziur aski emakumeez osatutako sokada batek inoiz eginiko marra zailena zabaldu zuen! Bederen, ausardia izan zuten munduko bazter horretara bidaiatzeko eta lan hori egiteko. Denbora asko egin zuten ibilbidea ekipatzen eta eskalatzen. Zoritxarrez, denbora faltagatik, Lynnek ezin izan zuen bidearen giltza askatu. Denok ezagutzen dugu eskalatzaile historiko horren gaitasuna; horregatik pena handia hartu nuen arantza hori geratu zitzaiolako. Ondoren, ez zen itzuli luze hori askatzera. Onartu behar dut bidaia honetan Lynn gure ondoan edukitzea egundoko ohorea izango zela. Baina, azkenean, Mariana eta biok lekukoa hartu eta historia hori biribiltzea abiatu ginen».

DiGiuliani dagokionez, aurreratu behar dugu horma luzeetan eskarmentu oso aberatsa duela. Adibidez, Europako mendietan duela hiru urte 'Rayu' (8c, 600 m) igo zuen Matilda Söderlundekin eta Brette Harringtoinekin. Hortaz gain, Tsaranoroko eskalada estiloa bikain ezagutzen du. 2017. urtean, Edu Marin kataluniarrarekin “Mora Mora” (8c, 700 m) eskalatu zuen. Estatubatuarrak ez bezala, Ordoñezek ez du curriculum handirik murru handietan. Alabaina, bi eskalatzaile horien artean kimika berezia dago. Iaz, adibidez, Potrero Chicon (Mexiko) dagoen 'Sendero luminoso' (7c, 455 m) elkarrekin igo zuten. Bikain moldatzen direnez, DiGulianek proposamena egin zion mexikarrari Madagaskarrera joateko. Estatubatuarrak dio inoiz ez duela eskalatzaile hain baikorra ezagutu: «Edozein abenturari aurre egiteko prest dago, eta gogor saiatzen da».
Eskertuta
'Bravo les filles'-era iritsi bezain laster, protagonistok lanean jarri ziren. DiGiulianek onartu du lehen egunetan kosta egin zitzaiela egokitzea: «Ohartu nintzen marra hau eskalatzeko ausardi puntu bat behar dela. Paraboltekin ekipatu zuten, baina hasierako luzeetan (ez dira zailak) lau txapa baino ez daude. Eta luze bakoitzak 55 metro ditu. Lehen egunetan bidearen giltzara iristeko aukera izan genuen; atzean 400 metro utzi genituen. Gure asmoa zen giltza hori askatu, bidearen oinarrira jaitsi, atseden hartu eta lurretik behin betiko ekinaldia egin».
Ekainaren 25ean martxan jarri ziren. Lehen eskalada egunean, adibidez, bederatzi luze igo zituzten. Sokaburu lanak partekatu zituzten. 7c mailako luze batean Marianak azken mugimenduan erorikoa izan zuen. Bilerara jaitsi, soka berreskuratu, estatubatuarra sokaburu jarri zen eta, ondoren, luze hori askean igo zuen.
Bidearen zati handi bat patrikan zuten. Marraren giltza zain zuten, eta DiGiulianek berriro ardura hartu zuen: «Lehen ekinaldian kateatu nuen; uste dut zorte handia izan nuela. Ondorengo luzea ere, zazpigarren mailakoa, librean igo nuen. Hori egin eta gero, hamakara jaistea erabaki genuen; hain zuzen ere, bidearen giltzaren oinarrira».
Lan gogorrenak atzean utzi ondoren, biharamunean, azken luzeak igo zituzten. Bistan, gainera. Bigarren eskalada egun horretan ere, estatubatuarrak ardura guztiak hartu zituen. Onartu du luze horiek ez zirela zailak; bai, ordea, arriskutsuak. Hortaz gain, oso zikinak zeuden: «Sasiak garbitzen denbora asko jardun nuen; neure burua babesteko tresneria egokiena jartzen saiatu nintzen. Beldur handia nuen heldulekuren bat puskatuko ote zen. Arroka ez zen batere sendoa! Luze gogor guztiak kateatu ondoren, ia amaieran, eroriko bat izatea ez zen gidoian sartzen. Mexikon ikasitako esaldi bat behin eta berriz esan nion neure buruari: ponte las pilas! Esan behar dut ere, azken sekzioa segururik gabe igo nuela».

Bestalde, estatubatuarrak ez zuen bilgunerik aurkitu gailurrean, eta bere kabuz bat antolatu behar izan zuen. Sokakidearekin tontorrean elkartu zenean, eginiko lan guztia ospatu zuten. «Egunaren azken argi-izpiekin rappelatzen hasi ginen. Hamakara iritsi eta atseden hartzeko unea heldu zen. Biharamunean, arazorik gabe, bidearen oinarrian geunden. Pozarren geunden, oso harro ere, batez ere ibilbide historiko batean egundoko eskarmentua lagun aparta batekin partekatu dudalako. Bide batez, txalotu behar dut Lynnek, Nancyk, Kathek eta Bethek 'Bravo les filles'-en eginiko ekarpena. Marra itzela sortu zuten; horregatik, nire eskerrik beroenak eskaini nahi dizkiet».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
