NAIZ

43. Buruz Burukoa gaur bertan jarriko da martxan, aspaldiko partez Urrizaren hutsunearekin

Donostiako Miramar Jauregian egindako aurkezpena amaitu eta segituan Ezkurra II.a eta Azpiroz Galarretara joan dira 18.00etan partida jokatzera. Bertan, Azpirozek lortu du txartela 30-24 irabazita. Pasa den urtean bezala, iraileko azken larunbatean jokatuko da finala.

Astearte honetan aurkeztu da, Miramar Jauregiko lorategian, Buruz Burukoa.
Astearte honetan aurkeztu da, Miramar Jauregiko lorategian, Buruz Burukoa. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI 2010)

Astearte honetan aurkeztu dute, Donostiako Miramar Jauregian, urteko erremonte txapelketa garrantzitsuena; 43. Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa. Momentuko erremontari onenak nor baino nor arituko dira txapelketa honetan, irailaren 27ko finalean txapela janzteko asmoarekin. Hau da: Ansa II.a, Barrenetxea IV.a, Juanenea, Ezkurra II.a eta Azpiroz. Aurten ere finala irailaren azken larunbatean jokatuko da. Txapelketaren historian finala beti jokatzen zen irailaren bigarren larunbatean, baina azken bi urteetan irailaren azkenengo larunbatera atzeratu da.

Gaurkoa aurkezpen berezia izan da, Javier Urriza txapeldun handia falta baitzen Miramar Jauregiko lorategian. Urte asko ziren aurkezpenean egoten eta behin erretiroa hartuta aurrelari irundarraren hutsunea nabaritu da. Hala ere txapelketak osagai ezin hobeak ditu txapelketa onena izateko.

Txapelketa ekainaren 27an hasi zen, lehenengo faseko partidekin. Oriamendiko erremontari guztiak hartu dute parte eta kanporaketak jokatu dira. Iazko txapelketako emaitzen arabera sartu ziren erremontariak jokoan, eta lehenengo fasetik Ezkurra II.ak eta Azpirozek lortu dute aurreligaxkara igarotzea.

Ezkurra II.ak 30-27 irabazi zuen Jabaleraren aurka uztailaren 24an. Aurretik kanpoan geratu ziren hurrenez hurren: Arluziaga, Aiestaran VII.a, Irazu, Susperregi, Goikoetxea VI.a, Gurrutxaga, Apezetxea, Eskudero, Aiestaran VI.a, Goikoetxea V.a, Segurola, Martirena, Larrañaga, Aldabe eta Jabalera.

Txapelketa aurreligaxkarekin hasiko da astearte honetan bertan

Gaur bertan hasi da Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa aurreligaxkako partidarekin. Aurkezpena amaitu eta segituan Ezkurra II.a eta Azpiroz Galarretara joan dira 18.00etan partida jokatzera. Han, Azpirozek 30-24 irabazi du eta, beraz, Ansa II.a txapelduna izango du aurkari.

Ligaxka abuztuaren 9an, larunbatean, hasiko da eta gaurko aurreligaxkako garaileak Ansa II.a txapelduna izango du aurkari. Guztira sei jardunaldi izango ditu aurreligaxkak: abuztuaren 9an, abuztuaren 16an, abuztuaren 23an, abuztuaren 30ean, irailaren 6an eta irailaren 13an.

Pilotari guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuaketa sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko: 30 tantora iristen den erremontariak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu jasoko ditu; 26 eta 24 artean geratzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena geratzen den pilotaria txapelketatik kanpo geratuko da.

Bi erremontarien arteko puntu berdinketa badago, bi pilotari horien arteko partida irabazi duen pilotaria sailkatuko da ondorengo fasera. Hiru edo lau erremontistek berdintzen badute, ordea, tanteo globala hartuko da kontuan. Erremontari batek partida bukatu aurretik utziz gero, hurrengo lehia jokatu edo ez erabakitzeko eskumena enpresak izango du.

Ligaxka irabazten duenak finalera zuzenean sailkatzeko sari potoloa izango du. Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontarien artean finalaurreko partidua jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantora jokatuko dute finalerdia, irailaren 20an. Azkenik, irailaren 27an jokatuko dute final handia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko partida irabazten duen pilotariaren arteko lehia izango da Galarretan.

Aurtengo txapelketan garaikurra mantentzen saiatuko da Ansa II.a, iazko mailari eutsiz. Hala ere, ez du lan erraza izango aurrelari urnietarrak, Juanenearen, Barrenetxea IV.aren eta Ezkurraren edo Azpirozen konpetentziarekin.