NAIZ

Euskal flotak 7.000 tona hegaluze baino gehiago arrantzatu ditu dagoeneko

Euskal flotak 7.000 tona hegaluze baino arrantzatu ditu dagoeneko, urte osorako dagokion kuotaren %27tik gora, hain zuzen ere. Lehen salmentako euskal portuetako prezio altuena Getariakoa izan da, 3,96 euroan saldu baitute kiloa; aldiz, Ondarroan saldu dute merkeen, kiloa 3,10 euroan.

Hegaluzearen kanpaina Hondarribian, artxiboko irudia.
Hegaluzearen kanpaina Hondarribian, artxiboko irudia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Abuztuaren 4ra bitarte euskal flotak 7.100 tona hegaluze arrantzatu ditu eta euskal lonjetan lehenengo salmentako batez besteko brezioa kiloko 3,90 eurokoa izan da. Horrez gain, antxoa arrantzatzeko lehen seihilekoko kuota agortu dute, baina berdelaren arrantza aldia ez da horren ona izan, euskal itsasontziek ez baitute kuota agortzea lortu.

Leandro Azkue Lakuako Gobernuaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura sailburuordeak plazaratu ditu datuak. Azaldu duenez, 2025erako hegaluzearen arrantzarako Estatuko kuotaren barruan (26.000 tona), «abuztuaren 4ra arte 12.150 tona harrapatu dira, kuotaren % 47». Jakitera eman duenez, kopuru horretatik, «euskal flotak 7.100 tona arrain harrapatu ditu, estatuko arrantza guztien % 60 inguru». Halaber, adierazi du euskal lonjetan lehenengo salmentako batez besteko prezioa 3,90 €/kilora iritsi dela.

«Lehorreratzeei dagokienez», zehaztu du Azkuek, «kontuan hartu behar da gure flotak beste erkidego batzuetako portuetan lehorreratzen dituela harrapaketetako batzuk, eta gure portuetan ere deskargatzen direla beste batzuk». Horrela, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 6.000 tona lehorreratu dira guztira, honela banatuta:

Bermeon 550.000 kilo deskargatu dituzte eta 3,75 euroan saldu dute kiloa; Ondarroan tona bat eta 800.000 kilo lehorreratu dira eta kiloa 3,10 euroan saldu dute; Getariako portura bi tona heldu dira eta bertan saldu da garestien, kiloa 3,96 euroan; Pasaian 115.000 kilo deskargatu dituzte eta 3,40 euroan saldu; eta Hondarribian tona eta erdi lehorreratu dituzte eta kiloa 3,81 euroan saldu dute.

Antxoa eta berdela

Antxoaren arrantza aldiari dagokionez, espainiar Estatuak duen 28.600 tonako kuotatik euskal herriko flotari 8.000 tona esleitu zizkioten, 7.200 tona urteko lehen seihilekorako eta 800 urtearen bigarren erdirako. Bada, Azkue sailburuordeak azaldu duenez, ekainaren 10erako euskal flotak lehen seihilekoari zegokion flota arrantzatu zuen eta ordutik aurrera euska itsasontzi gehienak hegaluzea arrantzatzen ibili dira. Halaber, jakinarazi du bigarren seihilekoari dagokin kuota udan eta udazkenean zehar arrantzatzea espero dela.

Halaber, jakitera eman du euskal flotari zegozkion 7.500 tona berdeletik 5.800 tona harrapatu dituztela. Izan ere, sailburuordearen hitzetan, «nahiz eta arraste-ontziek eta inguraketa-ontziek kuota osoa kontsumitzea lortu zuten, ‘arrantza-aparailu txiki’ edo tretzaontzi eta sare txikiak deiturikoekin arrantzatzen duten tamaina txikiko ontziek % 35 baino ez zuten lortu». Hori dela eta, azaldu du laguntza batzuk jarri dituztela martxan, tripulatzaileko 800 eurokoa, arrantza-aldi txarra konpentsatzeko xedez.

Akuikultura

Hegalaburra gizentzeko Getarian AZTIk ikuskatzen duen itsas haztegi esperimentalari dagokionez, uztailaren erdialdera, gutxi gorabehera 70-80 kiloko 50 atun harrapatzea lortu zuten, Bruselaren baimenarekin. Sailburuak azaldu du atun horiek urriaren amaierara arte sardina eta berdel izoztuekin elikatuko direla eta hilaren amaieran hiltzen direnean jasoko dituztela esperimentuaren emaitzak.

«Hori guztia, jatorrizko pisuarekiko koipeztatze-portzentajeari, gantz horren kalitateari, merkatuan duen errendimendu ekonomikoari eta jarduera horren bideragarritasun ekonomikoari dagokienez, hala badagokio, datorren urtean aurreeskalatze komertziala egiteko baimena eskatzeko, 50 atunetik 500 eta 1000 atun arteko esperientziara igarotzeko», gainertu du Azkuek.

Askotariko flota

Euskal flota askotarikoa da. Izan ere, 30 atun-ontzi daude 3 ozeanotan ibiltzen direnak; alturako arraste-flota 14 ontzik osatzen dute; hots, 150 pertsonak; inguraketa flotan eta beita bizian 40 itsasontzi daude, 550 pertsonarekin; kazako flota 25 ontzitan banatutako 125 pertsonak osatzen dute; eta baxurako flotan 50 ontzi ari dira, hau da, 100 pertsona.