
Ohikoa den bezala, larunbata arratsaldean (abuztuak 9, 19.00etan) Alderdi Ederren botako den kanoikadak emango dio hasiera ofiziala Donostiako Aste Nagusiari. Aurten, Gipuzkoako Elikagaien Bankua eta Amara Berri Auzo Elkartea izango dira ekitaldiko protagonistak eta bi kolektibo horietako ordezkariek Artillero abestuko dute Udal korporazioarekin batera, jaia hasi baino minutu batzuk lehenago.
Guztira, 387 jarduera daude iragarrita, hiriko 34 leku desberdinetan. Hain zuzen ere, jai eremu berriak dira aurtengo berritasun nagusia, horien artean Uliako Mintegien parkea, azken urteetan arrakasta handia izan duen musika elektronikoaren zaleen topaketa gunea bihurtuko baita.
Egitarau ofizialak jasoko duen beste berritasun bat datorren ostiralean izango da (abuztuak 15), Donostiako Erraldoien konpartsaren eta Euskal Herriko eta Lleidako Castellers taldeen eskutik. Talde horiek ikuskizun bateratua eskainiko dute goiz guztian zehar.
Aurtengo beste protagonista Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa izango da, 60. edizioa beteko baitu. Hori dela eta, parte hartuko duten su-etxeen zerrenda lehiaketaren historian saria jaso duten su-etxeek osatuko dute. Azken egunean (larunbata 16), ikuskizun piromusikal berezia izango da eta hiru zuzeneko musika-emanaldi egongo dira.
Ohiko ekitaldien artean, aurten ere ez dira faltako lehiaketa gastronomikoak (paella, begi haundi tintan, legatza saltsa berdean, marmitakoa…), erraldoi eta buruhaundien arratsalderoko emanaldiak, folklore ikuskizunak, suzko zezenak, herri kirolak Trinitate plazan edo Urrezko Kopa hipodromoan.
Musika emanaldi nagusiak Sagues, Easo plaza, Kursaal eta Bulebarreko kioskoan izango dira eta aurten iragarritako izenen artean, honakoak nabarmendu daitezke: Morodo, Vicco, OBK, J Martina, Dupla, Sexy Zebras, Janus Lester, Marlon edota Leire Martinez.

Aste Nagusi Pirata
Donostiako Piratek ere jarduera ugari eskainiko dituzte abuztuaren 17ra arte luzatuko duten egitarauan. Bertan, herriaren parte-hartzea, kultura eta aldarrikapen soziala uztartuko dituzte. Horrela, aurtengo txupinazoan eta jai guztietan zehar Donostiako pentsiodunen mugimendua izango da protagonista nagusietako bat, mugimendu horren urteetako lana eta egungo borrokak lehen lerroan jartzea erabaki baitute.
Jai egitaraua larunbat eguerdiko 14.00etan hasiko da kofradien bazkariekin eta arratsaldeko 19.00etan ongietorria egingo diote Ezkila eta Mattiri, ordu erdi beranduago txupinazoa botatzeko.
Ohikoa den moduan, Flamenka eta hiriko beste zenbait txoko izango dira Aste Nagusi Piratako ekitaldien kokagune. Horietan, bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, play-back lehiaketak, azokak eta herri bazkariak egingo dira, besteak beste. Haurrek ere izango dute lekua: jokoak, hockey tailerra eta abordatze txikia izango dituzte, adibidez.
Mugimenduaren ikur bilakatu den Abordatzea abuztuaren 11n egingo da (astelehena) eta, eguerdiko bazkariaren ondoren, arratsaldeko 17.00etan baltsak uretara botako dituzte, parte-hartze zabaleko jarduera horrekin aldarrikapen kolektiboa eginez. Bestalde, abuztuaren 15ean ospatuko dute Egun Nagusia, programazio bateratu eta bereziarekin.
Musikari dagokionez, eskaintza «anitza, euskalduna eta feminista» osatu dute. Bi eszenatoki nagusi izango dira: Flamenka eta Trinitate plaza. Lehenengotik Orekka Erromeria, Olatz Salvador, Izaki Gardenak, Goxua’n Salsa, Hofe, La Txama, Labar, Euskoprincess, Bengo, Merina Gris, Añube, Sukena, Marte Lasarte, Indabe eta Lukiek igaroko dira. Bigarrenak «txikiagoen zale diren piraten gozamenera bideraturiko programazioa hartuko du: Revolutionary Brothers, Peppermint Sextet, Andoni Ollokiegi, Larre, Badmintones, ON, Ekiza & Xak, Pelax eta La Jodedera.
Azkenik, indarkeria matxistaren aurkako neurriak indartuko dituzte. Kai inguruan puntu more bat jarriko da erasoak salatzeko eta behar duten pertsonak Bulebarreko artatze gunera bideratzeko. Udalak Emagin elkartearen bidez kudeatuko du arreta hori.
Informazio honen babesleak: Donostiako Udala, Apal estudio, Bikabi artekaritza, Casa Urola Jatetxea, Enbata denda, Ganbara Jatetxea, Talleres Danena, Trikuharri jatetxea, Txola jatetxea, Decogros decoraciones.

Ikaztegietan, San Lorenzo jaiak
Donostiako Aste Nagusiarekin batera, Gipuzkoako zenbait herritan San Lorentzo jaiak ospatu ohi dituzte. Horien artean dago Ikaztegieta, eta Oria bailarako herri txiki honetan ostiralean bertan (abuztuak 8) hasiko dituzte aurtengo jaiak, goizeko 11.30etan botako duten txupinazoarekin. Aurten, San Lorentzeko eguneko txakolin dastaketa antolatu duen taldeak botako du suziria, 18 urteren ondoren erreleboa emango baitio talde berri bati.
Aurtengo egitaraua hiru egunez luzatuko da, igandera arte. Ostiralean umeen bazkaria izango da, larunbatean kuadrilla bazkaria eta igandean herri afaria. Arratsaldeetan ekitaldi gastronomikoak izango dira nagusi, hala nola patata tortila prestaketa edota zagiardoa eta sardin jatea. Txakolin dastaketa, hori bai, igande eguerdian izango da.
Berrikuntza nagusia igande arratsalderako iragarrita dagoen bertso saioa da. Arratsaldeko 18.00etan hasita, Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Eñaut Martikorena arituko dira. Musika taldeei dagokionez, honako egiraraua dago iragarrita: Ezezez eta Lukiek (ostirala 8), Bide Batez Erromeria (larunbata 9) eta Eingo taldea (igandea 10).
Jai Batzordeak dei egin die hiritarrei eta bisitariei ondo pasatzeko eta errespetua kontuan hartzeko, festa lasaiak eta alaiak izan daitezen. Jai Batzordea herriko gazteek osatzen dute eta belaunaldi erreleboa bermatuta dagoela dirudi, gero eta herritar gazteagoak ari baitira batzordean parte hartzen, lanerako ilusio eta gogo handiarekin.
Albiste honen babeslea: Ikaztegietako Udala.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
