
Leitzako festak abuztuaren 10etik 15era luzatuko dira eta txupinazoa igande arratsaldeko 18.00etan botako dute. Hala ere, larunbata gauean (abuztuak 9) ez da musika faltako herriko txoko desberdinetan. Plazan Burutik taldearen kontzertua izango da, eta DJ emanaldiak beheko txoznan, plazako txoznan eta Atekabeltz gaztetxean.
Igandean, txupinazoaren aurretik, "Etxera" kalejira musikatua eta kantu bazkari herrikoia daude iragarrita. Arratsaldean, txupinazoaren ondoren, La Jodedera eta Mejikortxo taldeen emanaldiak izango dira. Gauerako, suzko zezena, Itzal erromeria eta Incansables txarangaren gaueko erronda daude iragarrita, baita DJ saioak ere plazako txoznan, beheko txoznan eta Atekabeltz gaztetxean.
San Tiburtzio eguna aurten astelehenarekin egokitzen da eta egun osorako ekitaldi ugari daude iragarrita, hala nola txistulariekin diana, entzierroa eta behiak, hamaiketako irekia, dantzariak, txaranga, jazz kontzertua, herri kirolak, suzko zezena eta Puro Relajo taldearen kontzertua.
Egitaraua, esan bezala, hurrengo ostiralera arte luzatuko da (abuztuak 15). Leitzako alkateak, Dabid Anautek, herriko festak «ekitaldi bilduma» bat baino askoz gehiago direla gogoratu du, gauza askotarako balio baitute: «Ongi pasatzeko, noski, arnasa hartzeko, baina baita harreman sareak trinkotzeko ere, herria kohesionatzeko, kultura sustatzeko, herria egiten jarraitzeko azken batean».
Informazio honen babesleak: Leitzako Udala, Saralegi Taloak, Maimur Liburudenda.
Agoitzen larunbat eguerdian botako dute txupinazoa (abuztuak 9) eta egitaraua bost egunez luzatuko da, datorren asteazkenera arte (abuztuak 13). Aurten, Agoizko Kirol Elkarteko futboleko lehen taldea izango da suziria botatzeko ohorea izango duena, hamabi urte geroago hirugarren mailara igotzea lortu du eta.
Aurtengo egitarauan bada berritasunik, izan ere ez da behien entzierrorik izango. Hala erabaki da prozesu parte-hartzaile baten ondoren, eta datorren urtean, herri-kontsulta egingo da herritarrek erabaki dezaten. Entzierroen ordez, beste ekitaldi batzuk izango dira hiru arratsaldeetako hutsunea betetzeko.
Jai ekitaldiei dagokionez, adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu dira: haurrentzako jolasak, gazte gunea, erraldoi eta buruhaundiak, trikipoteoa, paellada, herri kirolak, pilota partidak (eskuz eta erremontez), larrain-dantzak, zezensuzkoak… Musika arloari dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Sustrai Berria, Modus Operandi, Eztitan, Rumbo Tijuana, Biziraun erromeria edota Ilargi taldea, besteak beste.
Angel Martin Unzue alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie jaien antolaketan parte hartu duten norbanako zein talde guztiei, eta parte hartzean eta bizikidetzan oinarritutako «jai ahaztezinak» bihurtzeko deia egin die herritarrei.
Informazio honen babesleak: Agoizko Udala, Seguros Fermin Leatxe.
Asteburu honetan baita ere jaietan murgilduta egongo dira Aranguren Ibarreko bizilagunak. Hori bai, kasu honetan jaiak ostegun arratsaldean hasi ziren eta igandean amaituko dira. Ostiral honetan (abuztuak 8) herri bazkaria eta herri afaria zango dira, baita ur-zezena, zezensuzkoa eta DJarekin dantzaldia ere; larunbatean (abuztuak 9), mozorro-kalejira, ur-puzgarriak, kuadrillen arteko kalderete afaria eta dantzaldia; eta igandean (abuztuak 10), pilota partidak, etxez-etxeko poteoa, haurrentzako jokoak, mus txapelketaren finala, zezensuzkoa eta herri afaria.

Tafalla eta Burlata, datorren astean
Jaietarako motorrak berotzen ari diren beste bi herri Tafalla eta Burlata dira. Bietan, abuztuaren 14an hasiko dituzte jaiak eta prest dituzte dagoeneko egitarauak.
Tafallan abuztuaren 20ra arte luzatuko dira jaiak eta 130 ekitaldi baino gehiago daude iragarrita, egitarau ofizialean agertzen ez direnak kontuan hartu gabe, hala nola peñenak, txosnenak eta jaiak prestatzen lan egiten duten gainerako kolektibo, talde eta elkarteenak.
Gainera, asteburu honetan jai-aurreko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, horien artean ostiralean (abuztuak 8) iaz jaiotako haurrei zapi banaketa, larunbatean (abuztuak 9) Nafarroako Jota lehiaketa nagusia eta igandean (abuztuak 10) behi askatzea eta kontzertua.
Esan bezala, txupinazoa datorren ostegunean izango da (abuztuak 14), eguerdiko 12.00etan, eta aurten Peña Sport FC taldeko kideak dira ohore hori izango dutenak, klubaren mendeurrena dela eta. Arratsaldean, jota jaialdia, haurrentzako ikuskizuna, Salbeko igoera, zezensuzkoa eta Amalur taldearen emanaldia izango dira.
Aurtengo egitaraueko berritasun nagusietako bat entzierrilloaren atzerapena da. Horrela, goizaldeko 2:00etan izango da, gaueko orkestrek iraupen luzeagoa izan dezaten. Entzierroak goizeko 9.00etan izango dira.
Aurten ere beste urteurren bat beteko da, ikastolako barrakarena hain zuzen, 50 urte beteko baititu Tafallako erdigunean. Aurtengoan ere abuztuaren 13tik 20ra bitartean egongo da zabalik eta bertan, tragoa hartzeaz gain, oilaskoak edo bokatak eskatzeko aukera ere izango da.
Informazio honen babesleak: Tafallako Udala, Txiki taberna, Seguros Senosiain.
Burlatan ere abuztuaren 14an hasiko dituzte jaiak, baina kasu honetan sei egunez luzatuko dira, asteartera arte. Txupinazoa eguerdiko 12.00etan botako dute Larrañeta plazan eta aurten Malkaitz eskubaloi taldea da ohore hori izango duena, herritarrek hala erabaki baitute bozketa bidez. Aurten, gainera, suziri bakar bat botako da, arriskuak ekiditeko eta izua eragiten dien pertsona eta animaliak babesteko.
Txupinazoaren ondoren, ohikoa den bezala, erraldoi eta buruhaundien konpartsa abiatuko da gaitero, txistulari eta musika bandaren laguntzaz. Egunean zehar, hainbat ekitaldi izango dira, hala nola EZK txarangaren kalejirak, kafe kontzertua, haurrentzako gunea, txistularien kontzertua, entzierro txikia, suzko zezena edota gauerdiko bigantxak. Herri mugimenduak ostegunerako antolatutako ekitaldien artean, aipatzekoak dira ikurriñari omenaldia, karropoteoa, txarangaren irteera edota gaueko kontzertuak.
Udalak prestatutako egitarauan ehun bat jarduera biltzen dira, baina kopuru horri herriko hainbat kolektibo eta elkartek antolatutakoak ere gehitu behar zaizkio, baita ostalaritzako hainbat establezimenduk antolatutakoak ere.
Horrela, sei egunetan ez dira faltako dianak, pilota txapelketak, haur jolasak, erraldoi eta buruhandiak, dantzariak, kirol txapelketak (pilota, futbola, eskubaloia, xakea…), jota emanaldia, saiheski jatea, herri kirolak, bigantxak, entzierro txikiak, suzko zezenak, alkoholik gabeko gazte gunea… Musika arloari dagokionez, talde ezagunak hurbilduko dira Burlatara, besteak beste, Bizardunak, Lumak, Hofe, Tapia eta Leturia, Alarma Morea, Maruxak edo Andoni Ollokiegi.
Aurtengo egitarauaren berrikuntzarik handiena Jai Batzordeak antolatu duen herri bazkaria da. Intxaurdiko lanak direla eta, aurten ezinezkoa da ohiko kaldereteak egitea eta, Burlatako bizilagunak elkartzeko asmoz, Ermitaberri ikastetxeko patioan bazkaria egingo da. Bazkalostean Dj Xaibor arituko da.
Herri mugimenduak antolatutako ekitaldien artean, aipatzekoak dira bermut musikalak, kantujirak, bazkari herrikoiak, karaokea, karropoteoa, zumba herrikoia, parrillada, DJ emanaldiak, herriko eta eskualdeko taldeen kontzertuak…
Informazio honen babesleak: Burlatako Udala, Axular Kultur Elkartea, Vulcanizados Felix.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
