NAIZ

Bera Bera eta Beti Onak, Grafometal La Riojarekin Egiako Torneoari ekiteko prest

Astearte honetan Bera Berako jokalariek errioxarrak izango dituzte aurkari, asteazkenean nafarrak errioxarren aurka arituko dira eta ostegunean euskal derbia ikusteko aukera izango da. Partida guztiak 18.30ean izango dira.

Wiggins Bera Berako atezaina, Beti Onak-en aurka geldialdi bat egiten.
Wiggins Bera Berako atezaina, Beti Onak-en aurka geldialdi bat egiten. (Juan Antonio GARAIKOETXEA | BERA BERA)

Eskubaloiko emakumeek aurrera daramate denboraldiaurrea, Liga hasierara ahalik eta sasoikoenen iristeko. Eta asteartetik ostegunera bitartean proba bikaina dute Liga Guerrerasen arituko diren Super Amara Bera Berak eta Replasa Beti Onak-ek. Izan ere, Egiako Torneo kutuna dator, aurten hiru taldeen artean jokatuko dena triangular formatuan.

Astearte honetan Bera Bera eta Grafometal La Rioja lehiatuko dira, 18.30etik aurrera. Asteazkenean, Beti Onak-ek eta Grafometalek ikusiko dute elkar, ordu berean; eta ostegunean euskal derbia izango da jokoan, beti 18.30ean.

Hain zuzen ere bi euskaldunek elkar ikusi zuten lehengo egunean Lekunberrin jokatutako lagunartekoan. Bera Bera atera zen garaile, 22-34 irabazita. Biek Europa jokatuko dute aurten, baina beste hitzordu garrantzitsu batzuk ere konpartituko dituzte. Adibidez, irailean Iberiar Superkopa jokatu beharko dute Iruñean, Bera Berak Liga irabazteagatik eta Beti Onak-ek Kopako txapeldunorde izateagatik.

Lekunberriko lagunartekoa proba ona izan zen donostiarrek egin dituzten lau fitxaketak ikusteko. Laurek egin zuten debuta eta itxura ona eman ere. Wigginsek, Lucia Pradesen bajaren aurrean, lehen 20 minutuetan atepean egindako lana adierazgarria izan zen –bederatzi geldiketa egin zituen–. Baina ez bera bakarrik, Amores –goleatzaile nagusia izan zen, sei golekin– eta Somazak (3) gol usaina dutela baieztatu zuten eta Kruijswijkek, gola sartu ez arren, abiada eman zion gipuzkoarren erasoari.

Astearte honetako partidarako Imanol Alvarezek deialdi bera osatuko du: Wiggins, Zabala, Prades, Erauskin, Rodrigues, Tchaptchet, Kruijswijk, Karsten, Amores, Etxeberria, Somaza, Ogonovszky, Gavilan, Álvarez, Hernández eta Arroyo. Gainera, ostegunerako, Urretabizkaia, Murgiondo eta Vazquez, taldeak entrenatzen ari direnak, sartzeko asmoa ditu prestatzaileak.

Beti Onak: gutxienez bi baja

Beti Onak-en partida ikusteko asteazkenera arte itxaron beharko da, baina segurua da gutxienez Patricia Encinasek eta Libe Arruabarrenak ezingo dutela jokatu. Lehenengoa, abuztuaren 7tik 13ra bitartean Txinan ospatzen ari den World Games 2025 txapelketa lehiatzen ari da. Txapelketa honek Olinpiar Jokoetan lehiatzen ez diren diziplinetako Munduko Jokoak barne hartzen ditu. Arruabarrena, aldiz, III. mailako belauneko bihurdura laterala diagnostikatu diote, eta horrek 12 aste inguruz kantxatik kanpo edukiko du.