NAIZ

Hamabost proiektu aurkeztuko dira Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan

Laura Baumeister, Alvaro Brechner, Ana Endara, Ignacio Juricic, Valeria Pivato eta Pablo Stoll zinemagileek, besteak beste, aurkeztuko dituzte euren proiektuak Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan.

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren kartela.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren kartela. (ZINEMALDIA)

Hamabost proiektuk ikusiko dute argia Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan. Maria Astrauskas, Laura Baumeister, Alvaro Brechner, Maitane Carballo Alonso, Ana Endara, Ignacio Juricic, Madiano Marcheti, Andres Martinez Pulido, Diego Martinez Ulanosky, Alejandra Moffat, Valeria Pivato, Francisco Rodriguez Teare, Pablo Stoll, Roxana Stroe eta Jacques Toulemonde egileen proiektu berriak hautatu dira Donostia Zinemaldiaren hamalaugarren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, izena eman duten 268 lanen artean.

Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Estatu espainola, Mexiko, Panama, Errumania eta Uruguaitik datoz, eta horietako hamaika egileen lehen edo bigarren lanak dira

Zinemaldia irailaren 22tik 24ra egingo da, eta ordezkariek proiektuen berri emango diete balizko bazkideei, nola finantzaketa osatzeko hala nazioarteko merkatuetarako sarbidea hobetzeko.

Proposamenetako hamaika zinemagileen lehen edo bigarren filmak izango dira. Euren lehen film luzeak osatuko dituzte hauek: Maitane Carballo Alonsok ‘La boa y el bambú / The Boa and the Bamboo’, ‘Begirada’ (2020) film kolektiboan parte hartu eta ‘(Ez)Ezagun’ (2020) film labur dokumentala zuzendu ondoren; Alejandra Moffat idazle eta gidoigileak ‘El atletismo y el amor’; ekoizle eta gidoigile ere baden Diego Martinez Ulanoskyk ‘No es un río / Not a River’; Francisco Rodriguez Teare artista bisualak ‘No me dejen morir solo / Do Not Let me Die Alone’; eta Maria Astrauskas muntatzaileak, azkenik, ‘Patrimonio / Patrimony. Azkenik, Roxana Stroek’ –Black Friday (2015) eta ‘O Noapte în Tokoriki / A Night in Tokoriki’ (2016) lanekin Nesten parte hartu eta Berlinaleko Generation 14plus Sari Berezia irabazi zuenak– Houses are Silent bere lehen luzemetraiaren proiektua aurkeztuko du.

Zinemaldian hasitako zuzendarien bigarren lanen proiektuak ere ezagutu ahalko dira: ‘Elogio del crimen / Praise for crime’, Andres Martinez Pulidorena; ‘Lo que sigue es mi muerte / What Follows is My Death’, Laura Baumeisterrena; ‘Mãe do Ouro / Mother of Gold’, Madiano Marchetirena; ‘Pacto Sublime’, Ignacio Juricicena; eta ‘Victoria en las nubes / Victoria in the Clouds’, Ana Endararena.

Zinemaldian izango dira, berriro hainbat egile, hala nola hauek: Valeria Pivato, bakarkako bere lehen film luzearekin, ‘La ilusión de un paraíso / An Illusion of Paradise’; Alvaro Brechner, ‘La piel del león’ekin; eta Pablo Stoll, ‘Papá no es Punk / Dad Is Not Punk Rocker’ filmarekin.

Jacques Toulemonde gidoigile eta zinema eta telebista zuzendariaren ‘Hijas del agua’ lanak osatu du hautaketa. Ciro Guerra eta Cristina Gallegoren ‘Pájaros de verano / Birds of Passage’ (Perlak, 2018) eta Ciro Guerraren ‘El abrazo de la serpiente / Embrace of the Serpent’ (Horizontes Latinos, 2015) gidoien idazketan parte hartu du Toulemondek, besteak beste.

2012an sortu zenetik Foroak 215 proiektu hautatu ditu eta horietako 106 osatu eta komertzialki estreinatu dira Cannes, Berlin, Venezia, Sundance, Locarno, Donostia eta abarreko jaialdietan.