NAIZ

Suteen aurkako plana abiatu du Pasaiako Portuak, Adinberriren aldean eta 2018koa gogoan dela

Ia bi milioiko aurrekontua du Pasaiako Portuak abiatutako egitasmoa, Herrera eremuan suteen aurkako babes sarea hobetzeko. Gogoan hartu behar da 2018. urtean sute handia gertatu zela, kasu honetan Lezoko aldean, eta herritarren haserrea eta kezka agerian geratu ziren.

2018ko abuztuan piztu zen sutea Pasaiako Portuan, Lezo inguruan.
2018ko abuztuan piztu zen sutea Pasaiako Portuan, Lezo inguruan. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

Pasaiako Portu Agintaritzak (APP) 1.978.000 euro inbertituko ditu Herrera eremuko suteen aurkako babes-sarea modernizatzeko. Lanek portu-eremu honetako mendebaldeko eta hegoaldeko eremuak eta kaiak hartuko dituzte barne.

Ohar batean azaldu dutenez, proiektu honi esker, Portuak «azpiegitura hobea» izango du Herreran, eremu honetan dauden egungo biltegi eta eraikinei zein garatuko diren biltegi berriei zerbitzua emateko aukera emanez, eta «horrela, mota honetako gertakari potentzial bati erantzun azkar eta eraginkorra eman ahal izateko».

Adinberri egongo da bertan


Lizitazio prozesua abian da. Herrera eremu osoari zerbitzua emateko nahikoa den edukiera duten tankeak eraikitzea, hornidura-hodietatik bereizitako hodi berriak eta parametro hidraulikoen monitorizazio-ekipoak hartzeko ganbera bat eraikitzea izango du helburu.

Portuko Agintaritzak adierazi duenez, proiektuak Herrera eremuko azpiegitura modernizatzeko beharrari erantzuten dio, «eremuaren egungo eta etorkizuneko erabilerak asetzeko beharrezkoak diren presio eta emariarekin hidranteen sare zabaldu bat sortuz».

Herrera hedapen prozesuan dago ekonomia une honetan, eta besteak beste Adinberri izeneko zentroa hartuko du, erresidentzia eredu berri bat, Gipuzkako Aldunditik nabarmentzen ari dena. Zonaldean amiantoa agertu ondoren, lanak geldirik egon dira tarte batez.

2018ko sutea

Gogoan hartu behar da 2018. urtean sute handia gertatu zela Portuan, orduan Lezoko aldean, pilatutako hondakinek su hartu zutelako. Dimentsio itzela hartu zuen eta 21.000 litro ur behar izan zituzten amatatzeko.

Honen ostean auzitegira jo zuten bertan auzokideek, gertatutakoa ez zela kontu bakana eta Portuak berebiziko arriskua sortzen diela seinalatuz.