Nora Unanue Aldazabal

Inklusioa goraipatuko du Emakumezkoen Euskal Herria Kopak, asteburu honetatik aurrera

Euskal Herria Kopako XV. edizioak Mikel Garcia omenduko du, kirolean inklusioa goraipatzea helburu. Finalerdietan Athletic Eibarren aurka eta Alaves Realaren aurka gurutzatuko dira, Amurrion eta Dulantzin hurrenez hurren, 19.00etatik aurrera. Finala, abuztuaren 24ean, 12.00etan, Guardian.

Mikel Garcia, Kike Zurutuza eta Athleticeko, Realeko, Eibarreko nahiz Alaveseko ordezkariak, EH kopako finalaren aurkezpenean.
Mikel Garcia, Kike Zurutuza eta Athleticeko, Realeko, Eibarreko nahiz Alaveseko ordezkariak, EH kopako finalaren aurkezpenean. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Euskal Herria Koparen emakumezkoen XV. edizioa aurkeztu dute astearte honetan EH Kirola ekimenak eta aurtengo protagonista berezia izango den Mikel Garcia gazteak. EH Kirola elkarteak antolatutako ekitaldian, Athletic, Reala, Eibar eta Alaves taldeetako ordezkariak izan dira, baita omenaldua ere. Finalean ohorezko sakea egiteaz gain, irabazleei txapela jarriko die Mikel Garciak, inklusioa sustatzeko asmoarekin.

Hiru mailatan banatutako txapelketa honetan, A kategorian lehen finalerdia Amurrion abuztuaren 16ean 19.00etan Athletic eta Eibarren artean jokatuko da eta, ordu berean, Dulantzin, Alaves eta Reala lehiatuko dira.

Bi buruz buruko horietako garaileen arteko finala abuztuaren 24ean, igandean, jokatuko da 12.00etan Laguardiako Oscar de Marcos zelaian. Hirugarren eta laugarren postuak bezperan, abuztuaren 23an, 18.30etan, zelai berean erabakiko dira.

Kirolak eta inklusioak bat

Antolatzaileen hitzetan, edizio honek ez du soilik punta-puntako lehiaketa eskainiko, balio sozial «garrantzitsuak» ere sustatuko ditu. «Mikel Garcia bezalako kirolariek erakusten digute kirola guztiontzat dela, eta inklusioa garaipena dela», aipatu dute.

Garcia kirolari nabarmena da T21 kategorian, Down sindromea duten kirolarientzat espezifikoa den modalitatean. Bere lorpenen artean, 800 metroko munduko errekorra du bere kategorian, nazioarte mailako beste titulu garrantzitsu batzuekin batera.

Antolatzaileen esanetan, omenaldi honek «bere ibilbideari merezitako aitortza» eskaini nahi dio eta, aldi berean, desgaitasuna duten kirolarien ikusgarritasuna handitzeko eta Joko Paralinpikoetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko balio izango du.

B eta C kategoriak

B kategorian, finalerdietan izango dira Athletic B eta Osasuna B, aurrez aurre, Urduñan, abuztuaren 23an, eta Real Sociedad B eta Eibar B, Mutrikuko San Migel zelaian, egun berean. Finala Elorrion jokatuko da hilaren 30ean eta hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko lehia Garesen egingo da egun berean.

C kategoriak formatu ezberdina izango du, bi multzotan banatuta. Ostiral honetan hasiko da eta multzo bereko talde bakoitzak beste guztien aurka ligaxka bat jokatuko du. Liga hasi aurreko asteburuan, beste multzoko kideen aurka sailkapen partida bat jokatuko dute. Honela geratu da banaketa: A multzoan, Athletic C, Artizarrak, Bizkerre B, Arratia eta Alaves B arituko dira; B multzoan, aldiz, Añorga, Oiatzun, Oberena, Mulier eta Berriozar.