NAIZ

Intza Lizarazu jokalari ohiak ordezkatuko du Maier Lizaso Iraurgi ISBren presidente karguan

Iñaki Uriaren lekua hartuta, 2014tik betetzen zuen Maier Lizasok Iraurgiko presidentetza. Intza Lizarazu Iraurgiko jokalari eta kapitain izandakoak gidatzen duen taldeak, beste hautagairik azaldu ez denez, gidatuko du Azpeitiko taldea datozen lau urteetan.

Intza Lizarazu, Iraurgi ISBko presidente berria.
Intza Lizarazu, Iraurgi ISBko presidente berria. (@AzpeitiaGuka)

Espero bezala, Intza Lizarazuk ordezkatuko du Maier Lizaso hurrengo lau urteetan Iraurgi ISB klubeko presidente karguan. Ekainaren 12an hasi zen hauteskunde prozesuari amaiera emanez, eta Intza Lizarazuk gidatutako hautagaitza bakarra aurkeztu ostean, astearte honetan amaitu da prozesua eta Intza Lizarazu Iraurgiko jokalari eta kapitain ohia izendatu dute lehendakari.

Azkoitiarrak 23 urtez jokatu du ISB taldean, eta aurten utzi ditu kantxak alde batera kapitain izan denak. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak kirolari nabarmenduaren saria eman zion, ISB klubarekiko erakutsi duen «leialtasunagatik».

Presidente berriarekin batera batera, aurreko zuzendaritza batzordeko kideek bere horretan jarraituko dute: Luis Agirre izango da zuzendariordea, Stephanie Thurman idazkaria, Maitane Gurrutxaga diruzaina eta, azkenik Igor Mantzizidor ariko da bokal lanetan.

Maier Lizasok ia 11 urteko lanari amaiera eman dio, Iñaki Uriaren lekuan 2014ko irailean Iraurgiko presidentetzara iritsi zenetik. Garai horretan hiru denboralditan lortu du Azpeitiko taldean gizonen Urrezko LEB Mailan aritzea eta, horrez gain, Gipuzkoa Basketekin harrobiko jokalariekin lanean aritzeko akordioa ere sinatu du.

Emakumeen taldeari dagokionez, 2015/16 denboraldian, Maier Lizaso presidente zela eta Intza Lizarazu kapitain, egoera xelebrea bizi izan zuen. Emakumeen Ligako bigarren mailan izena emateko baimenik ez zion eman hasiera baten Espainiako Saskibaloi Federazioak, ordaindu beharreko kuota epez kanpo ordaindu zuela-eta.

Alabaina, azkenean Urola bailarako taldeak zegokiona maila bat gorago jokatu behar izan zuen; hau da, Emakumeen Ligan, Al-Qazeres taldeak bere lekuari uko egin ziolako. Bigarren mailan talde guztiek beren lekua hartu zuten eta, ondorioz, Iraurgik kolpetik bi maila egin zuen gorantz, nahiz eta elitean urtebete bakarrik eman.