
Gol falta nabaria duela islatu du Alavesek aurredenboraldian, baina inor ez da harritu. Izan ere, Espanyolera joan den Kike Garciaren hutsunea ez da erraz betetzen diren horietarikoa. Baina taldeak sendotasuna ere galdu du atzekaldean, itxuraz, iaz maila ona eman zuten bi zentralak –Mouriño eta Aqbar– ez daudelako (Vila-realen eta Getafen jokatuko dute).
Horien ordezko garbirik ez dela ikusita, pentsatzekoa da kirol zuzendarizak ez duela oraindik bere lana amaitu. Hiru jokalari berri etor litezke Gasteizera irailaren 1erako, baina aurretik larunbat honetatik aurrera forma hartu beharko du taldeak, eta ahal bada emaitza txukunak lortu. Eduardo 'Chacho' Coudetek ez zuen iaz soberako krediturik lortu, eta kontratua berritu zitzaion arren, hasiera ona beharko du karguan sendotzeko eta zalegoaren oniritzia jasotzeko.
Argentinarrak Luis Garcia Plazaren lana berdindu zuen asko jota; hobetu ez. Helburua lortu zuen behintzat, majo sufrituta. Orain eskura du nahi duen taldea osatzea, baina horretarako defentsan zein erasoan piezak falta zaizkiola ukaezina da. Facundo Garcesek har dezake protagonismoa atzean, denboraldiaren bukaera ona egin ostean, baina gainerako fitxaketa nagusiak bi aldeetarako heldu dira, ez bere ondoan egoteko: Jonny Otto, eskarmentua bermatzen duen gizona, eskubian, eta Youssef, 19 urteko jokalari bizkorra Madrilgo 'Fabrikan' hazita, ezkerrean. Momentuz Parada eta Tenaglia ari da erabiltzen –edo probatzen?– entrenatzailea.
Zer esanik ez aurreko aldean. Une honetan Toni Martinez eta Mariano dira aukera bakarrak, azken honek ustekabean entrenatzailearen onespena jaso ostean, 32 urte dituela eta azken denboraldian 'langabezian' izan ostean. Real Madrilen (oso gutxi) jokatu izanak ez dio postua ziurtatuko.
Panichelli Mendizorrotzan ikustea amesteko tarterik ez dute izan zaleek, Mirandesetik zuzenean Estrasburgora 'hegan' egin baitu. Hori bai, 16 milioi euro kutxan utzita. Arazoa Aqbar eta Kikerekin jazotakoa da, bata zein bestea musutruk atera baitira Mendizorrotzatik, behin kontratua amaituta.
«Dena borrokatzea», ipar-orratz
Zelai erdian osatuago da taldea, dudarik gabe, baina daitekeena da jokalari asko perfil berekoak izatea. Osasunatik etorritako Pablo Ibañez, esaterako, Guridiren tankerakoa da, Protesoni eta Blanco ere antzekoak... Gatza eta piperra jartzeko ez da futbolari gehiegi antzematen, Carlos eta Carles, Vicente eta Aleña, ez badira. Calebe, Fortalezak Gasteizera bidali duen 24 urteko brasildarra, batu da jokoa sortzeko asmo horretara; Coudetek badu horrekin berri, tarte txiki batean entrenatu zuelako Brasilgo ligan.
Jokalari ugari beste talde batzuetara utzita bidali izana, bestalde, Coudet ez zela iazko jokalarigoarekin oso konforme frogatzen du: Owono Andorrara joan da, Pica Miranda aldera, Villalibre Santanderrera... Zalantza asko eta gauza seguru bakar bat, kontratua berritzeko orduan entrenatzaileak aitortutakoa: «Alaves talde fisikoa da, dena borrokatzen duena, nortasuna duena. Eta gero, ahal bada, ondo jokatzen ahaleginduko gara».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

