Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Abentura

80ko hamarkadan jaio eta hazi nintzen, eta garai hartako film askok sekulako arrastoa utzi didate bihotzean: ‘The Goonies’, ‘Stand by me’, ‘Indiana Jones’, ‘Back to the future’... zerrenda amaigabea da. 

Sekulako pasioa sentitzen dut gaur egun, garai hartako pelikulak burura datozkidan bakoitzean. Oso desberdinak izan arren, muinean guztiek partekatzen zutelako zerbait: abentura eta zirrara. 

Umetan nire genero kutuna abentura zen, eta pantailari iltzatuta geratzen nintzen beste mundu batekoak ziruditen istorio eta kontakizun horiek ikustean. 

Zoritxarrez, azken urteetan genero zoragarri hau desagertzen ari dela uste dut, eta mota honetako filmak gero eta gutxiago egiten direla. Hollywoodeko zinema-industriak bi film motarekin bonbardatzen gaitu etengabe: superheroiak eta remakeak. Jatorrizko gidoiak eta istorio originalak gero eta urriagoak dira, eta zalantzan jartzen dut egungo umeek guk izan genituen erreferente horiek ote dituzten ala ez. Animazioan akaso badago esperantzarik, baina hortik at?

30-45 bitarteko adina duzuenok, zer sentitzen duzue Indiana Jones, Elliot, Sloth edo Marty McFly bezalako pertsonaien izenak entzutean? Deskribaezina ezta? Ziur nago gaur egungo umeak gose direla horrelako abenturak irensteko, behin helduak direnean oroitzapen berdinak eduki eta beraien Delorean partikularrean iraganera bidaia egiteko.