Aktualitateko erredaktorea

Laugarren postuan finkatzeko eta izarren artean amesteko sasoia

Aurreko denboraldi bikainari jarraipena eman nahi dio Athleticek eta bideaz disfrutatzen jarraitu nahi dute athleticzaleek. Hain zuzen, 11 urte ostean, Txapeldunen Ligako ereserkia entzungo dute. 50 partidatara helduko dira lehoiak, eta denboraldia uda bezain intentsoa izatea espero dute.

Denboraldi berrirako, Iñaki Williamsek lekukoa hartuko dio Oscar De Marcos kapitain-ohiari.
Denboraldi berrirako, Iñaki Williamsek lekukoa hartuko dio Oscar De Marcos kapitain-ohiari. (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

Atezainen aldaketa, Yerayren positiboa, zigor-ekonomikoak, lauzpabost adierazpen-ofizial, Nicoren ‘sugetzarra’, hainbat lesio, aurpegi berriak… ez-ohiko uda izan da Bilbon athleticzaleentzat, denetarik izan du. 

Haatik, ate-joka dagoen denboraldi berriaren ispilua izan daiteke uda: intentsoa bezain gogorra. Gutxienez, 50 partida jokatuko dituzte zuri-gorriek, lau lehiaketan murgilduta egongo baitira: Liga, Kopa, Superkopa eta Txapeldunen Liga.

Aurreko sasoian historiako Europa Ligako hirugarren final-erdiak jokatu zituen Athleticek, mendeko bigarren puntuaziorik onena lortu zuen ligan eta gol gutxien jasotako bigarren taldea izan zen Europan, beraz; ez da erronka makala izango Valverderentzako aurreko denboraldiko erritmoari eta mailari eustea.

Motorrak berotzeko asmoz, aurredenboraldi gogorra eta exijentea izan dute lehoiek, eta sentsazioak ez dira izan espero zitezkeen bezain onak. Zazpi dolu jokatu dituzte, eta bakar batean atera da garaile Athletic: Ponferradinaren aurka (3. maila). Alaves, Racing, PSV, Arsenal eta Liverpoolen aurka porrota jaso izan dute. Azken biak Txapeldunen Ligako aurkariak izan arren, aldeak nabariak izan ziren.

Hori gutxi balitz, zorte txarra izan dute lehoiek lesioei dagokienez. Yeray, Egiluz, Prados, Unai Gomez eta Sancet ez dira iritsiko lehenengo jaurdunaldira. Egiluzena latzena da, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi baitu. Nabarmenena, ordea, Sancetena izan daiteke, aurreko sasoiko golegile nagusirena. Kontuan hartzekoa da Javi Ros, Valverderen konfiantzako lankidea, prestatzaile-fisikoari izateari utzi ziola ekainean. Are, aurreko denboraldian Athleticek inoiz baino lesio gutxiago izan zituen, %91,8ko prestasunarekin, azken hamarkadako bigarren zifrarik altuena.

Nolanahi ere, zaleak babesten dira lehenengo kapitaina izango den Iñaki Williamsen hitzetan: «Beti hanka sartzen dugu denboraldiaurrean, baina gero lehiaketa iristen da eta maila gorenean lehiatzen dugu».

Helburuak

‘Txingurrik’ argi utzi du behin baino gehiagotan ligatik «elikatzen» direla. Hortaz, San Mamesen punturik ez galtzea, eta aurreko denboraldiko seriotasunari eta lehiakortasun mailari eutsi beharko diote. Ez da erronka makala izango. Izan ere, Girona (23-24) eta Reala (22-23) onenen artean sartu ziren aurretik. Haatik, hurrengo urtean beherantz joan ziren bi taldeak.

Kopan ilusioa berpiztea du xede Athleticek. Aurreko edizioan Osasunak kanporatu zuen Athletic final-zortzirenetan. Aurten, ezustea ez errepikatzea eta Cartujara iristea izango dute jomugan. Bestetik, Superkopa urtarrilean jokatuko dute zuri-gorriek, Arabian, Bartzelonaren aurka, azken boladako polemikan murgilduta.

Azkenik, Txapeldunen Ligan bideaz disfrutatzea ez ezik, lehiatzea da Athleticen zeregina. Azkenengoz, BATE Borisoven aurka jokatu zuten 2014ko abenduan. 11 urteren ostean, Txapeldunen Ligako ereserkia entzungo dute athleticzaleek San Mamesen. Aurkariak abuztuko azken astean ezagutuko dituzte.

Aurpegi berriak

573 partida jokatu ondoren, erretiroa hartu zuen De Marcosek. Haren lekukoa hartuko dio Williams anaietan handiak. Ez da irteera bakarra izan, Julenek Valentzian jokatuko du utzita eta Djalók Qatarren. Azken mugimendu horren atzean, interes ekonomikoak egon daitezke.

Nico Williams Bilbon geratzeko erabakia izan zen udako berririk harrigarriena eta pozgarriena zaletuentzat. Bartzelonak dauzkan arazo finantzarioek eragotzi egiten diote normaltasunez fitxaketa handiak egiteko, baina zurrumurru guztien gainetik, Nico ateak itxi zizkion Bartzelonari, eta «nahi duen tokian» dagoela aitortu zuen.

Harrobiko lehoikumeek indartuko dute lehen taldea. Erdiko atzelariko postuan, batez ere. Bederatzi jokalari probatu ditu hortxe Valverdek aurredenboraldian: Yuri, Lekue, Paredes, Vivian, Egiluz, Prados, Vesga, De Luis, Duñabeitia. Johanekok, Regok eta Canalesek ere lehen taldean minutuak izan ditzateke.

Aldiz, Gerenabarrena (Castelló), Azkune (SV Ried), Varela (Mirandes), Olabarrieta (Andorra) minutuen bila joan dira lagata beste talde batzuetara.

Pastelaren ginga Aymeric Laporten fitxaketa izan daiteke, hilabete erdi geratzen zaio Athletici fitxaketa betetzeko

 

Aurreko denboraldian Athleticek lagatu zituen jokalarietako batzuk aukera izango dituzte aurten. Esaterako: Nico Serrano edo Urko Izeta. Beste norabidean, Rincon (Girona) eta Marton (Eibar) ez dute denboraldi berrian jarraituko. Era berean, Adu Ares eta Vencedor maletak egiteko eta bigarren mailan jokatzeko aukerak dituzte.

Jesus Areso eta Robert Navarro izan dira, unera arte, udako fitxaketak. Lehena, De Marcosen ordezkoa izateko fitxatu du Athleticek. Aurreko sasoian Osasunarekin, erregate gutxien jasotako defentzailetako bat bihurtu zen eta, aldi berean, erdiraketa arrakastatsu egin zituen bosgarren jokalaria izan zen. Bestalde, Navarrok aukera anitzak eskaintzen dizkio Valverderi, eta kalitate puntua gehituko dio taldeari.

Pastelaren ginga Aymeric Laporten fitxaketa izan daiteke, hilabete erdi geratzen zaio Athletici fitxaketa betetzeko. Bitartean, denboraldi hasiera izkinaren bueltan dago eta ilusioa nagusia da Bilbon.