
«Gaur bertan eman da ezagutzera munduko unibertsitateak ebaluatzen eta zerrendatzen dituen Munduko Unibertsitateen Sailkapen Akademikoa (ARWU) edo Shanghaiko ranking ezaguna, eta Euskal Herriko Unibertsitatea 301 eta 400 postuen artean dago», jakinarazi du ostiral honetan EAEko unibertsitate publikoak ohar bidez.
Zehaztu duenez, munduko 20.000 unibertsitate ingururen artean 2.500 daudela aipatutako zerrendan. Kimika eta nanozientzia eta nanoteknologiaren ezagutza eremuan, gainera, munduko 151 eta 200 unibertsitate onenen artean dago EHU.
Unibertsitateak berak emandako datuen arabera, Estatu espainoleko 36 unibertsitate sartu dira rankingean eta zortzi onenen artean kokatzen da EHU.
Datuon harira, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak nabarmendu du «lehia geroz eta handiagoa» dela unibertsitateen artean, «batez ere, espezializatutako unibertsitateek hartzen dituztelako lehen postuak. Hori dela eta, are garrantzia handiago hartzen du EHU hor egoteak, ezagutza arlo guztiak eskaintzen dituen unibertsitate publikoa baita».
«Kalitate akademikoa eta ikertzailea»
Juan Ignacio Perez Iglesias Lakuako Zientzia Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak EHU zoriondu du ranking ezagunean mantendutako aitortzagatik eta «meritu berezitzat» jo du.
«Munduko elite honetan sendo mantentzeak Euskal Herriko Unibertsitatearen kalitate akademikoa eta ikertzailea erakusteaz gain, nazioarteko egoera gero eta zorrotzagoan maila gorenean lehiatzeko gaitasuna ere erakusten du», esan du.
Ohar batean sailburuak adierazi du sailkapen horiek ez direla «sakralizatu behar» baina erantsi du Txinako eta Taiwango unibertsitateak «indarrez» sartu direla eta «gero eta gorago» daudela, «historikoki ondo kokatutako beste erakunde asko» beherantz mugituz.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
