Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Oriok Zarautzen ere uda osoan erakutsi duen nagusitasuna berretsi du beste behin

Zierbenak azken luzera arte iraun die mirotzei inguruan, baina Orioren amaierak ia zalantza guztiak uxatuta utzi ditu, Bermeo, Zierbena eta Getariaren aurretik. Euskotren Ligan ere Arraun Lagunakek eskuetan du Zarauzko Ikurriña, azken minutu eta erdian eman duen erakustaldia eta gero.

Atzetik aurrera joanda, erakustaldia eman du Oriok.
Atzetik aurrera joanda, erakustaldia eman du Oriok. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ez da harrigarria aurtengo Oriok erakustaldia erakustaldiaren gainean ematea. Eusko Label Liga eskuetan dauka eta XLVIII. Zarauzko Ikurriña ere eraman egingo du igande eguerdi honetan. Bigarren postuan sailkatu den Urdaibairi 12 segundo atera dizkiola aintzat hartuta, nekez esan liteke mirotzek atzetik aurrerako lana egin dutenik, baina halaxe izan da, batez ere Zierbenak sekulako lana egin duelako estropadaren aurreneko erdian.

Baina pazientzia izan du Oriok eta hirugarren luzean ‘galipoekin’ bat egin ostean, beste martxa bat duela erakutsi du beste behin, Bizkaitarrek ezin izan dute aurreneko 15 minutuetan erakutsitako maila berdindu eta, aldiz, Oriok estropada eta ikurriña bere egin ditu. Kale zozketak Zierbenari mesede egin dio hasiera baten, baina Oriok kalea irabazi diolarik azken txanpan sartzeaz bat, estropadan ez da beste kolorerik izan mirotzen horia baino. Orain arte hamaika aldiz irabazi badu Orioko traineruak Zarauzko Ikurriña, hamabigarrena bidean da, eta Gorka Aranberri patroiak esan duen bezala –zarauztarra izanik bera, are ilusio handiagoa egin dio garaipen honek–, «Kontxaren atzetik arretarik handiena jartzen zaion saria da hau eta denok nahi dugu irabaztea». Ondorioz, halako nagusitasunez inposatzen denak pozarren egon behar du nahitaez.

Pozarren egon behar dira ere Getariako arraunlariak. Bigarren txanda irabaztea gutxi ez dela, Hondarribia bati azken txanpan aurrea hartuta gainera, igandean ohorezko txandan lekua egin dute. Donostiarra ez da finegi aritu zapatu honetan eta sailkapen nagusiko bigarren postua galtzeaz gain, igandean bigarren txandatik aritu beharra egokitu zaio ere. Getariarren antzera, atzetik aurrerako lanean ere ederki nabarmendu dira Bermeko arraun lariak. Aurreneko luzean pilatu dute beren galeraren zatirik handiena eta azken hamar-hamabi minutuetan Orioren martxa berdindu dute, azken metroetan Zierbenari aurrea hartu ahal izateko.

Aurreneko txandari arreta jarrita, Kaikuren lana azpimarratu behar da. Maila mantentzeko kanporaketetara begira ari dira lanean ‘Bizkaitarra’ ontzian, baina eguerdian KAE 1 mailako estropadan Santurtzik eman duen maila aintzat hartuta, Sestaokoek oso serio jokatu dute beren txanda eta ‘Itsasoko Ama’-koei ez daudela etsitzeko erakutsi diete. Ondarroa, Ares eta Cabo airean gainditu dituzte eta baita bigarren txandan aritu den Lekittarra ere.

Noski, banderak irabazteko helburuek «glamour» gehiago dute, baina eskertzekoa izaten da hiru txandetan ontzi guztiek erakusten duten profesionaltasuna eta grina.

XLVIII. Zarauzko Ikurriña

1- Orio 20:01.82

2- Urdaibai 20:13:86

3- Zierbena 20:14.36

4- Getaria 20:17.54

5- Donostiarra 20:24.22

6- Hondarribia 20:26.18

7- San Juan 20:32.46

8- Kaiku 20:46.54

9- Lekittarra 20:47.64

10- Ondarroa 20:51.12

11- Ares 20:52.84

12- Cabo 20:54.08

Eusko Label Liga

1- Orio 152 puntu.

2- Zierbema 125 p.

3- Donostiarra 124 p.

4- Urdaibai 113 p.

5- Hondarribia 108 p.

6- Getaria 93 p.

7- San Juan 68 p.

8- Lekittarra 65 p.

9- Ares 56 p.

10- Ondarroa 51 p.

11- Kaiku 37 p.

12- Cabo 23 p.

Itsasoa, etsai bakarra

Igandean erabaki beharko da Euskotren Ligari dagokion XVII. Ikurriña, baina egiari zor, Arraun Lagunak taldeak poltsikoan duela esan liteke. ‘Lugañene’ ontziak sekulako erakustaldia eman du laugarren kaletik, batez ere popareko azken minutu eta erdian Kantauri itsasoaren korronteak inork baino hobetu menperatu dituelako.

Helmugara iritsi baino minutu eta erdi lehenago Tolosaldearekin borroka bizia zebilen Arraun Lagunakek, ordurako Orio eta Zumaia ekuaziotik kanpo zeudelako; Orioren kasuan, arraunlari batek gerri aldean izan duen ondoezak erasanda, ziurrenik. Baina Tolosaldea ez zegoen barkatzeko eta olatu txikiek istribor aldera bideratuta ontzia, bazirudien ‘Lugañene’-ri azken metroetaraino lagun egingo ziola.

Baina ez da horrela izan eta minutu eta erdi horretan hamar segundo atera dizkio Arraun Lagunakek. «Beren uhinek istriborrerantz agintzen zuten, baina Juan Marik –Etxabe entrenatzailea– inork baino hobeto menperatzen du estropada eremua. Laugarren kalean korrontea baliatzeko zuzen joateko agindu dit eta nik hori bete dut. Eta bistan da bikain atera dela», onartu du helmugan Joana Halsouet patroiak.

Horren ondorioz, hiru estropadaren faltan Euskotren Ligako azken irabazleak aurten ere iazko garaipena lortzeko bidea ederki moldatu du, hamar puntu ateratzen dizkio-eta Oriori.

Azken aldian Arraun Lagunak eta Orioren arteko lehiara ohituta, harrigarria izan da zeinen erraz hartu duen ‘Lugañene’ ontziak aldea. Nerea Perezek gidatuta, Tolosaldea ez du etsi eta Orioren ezina baliatuta, bigarren postua bere egin du, eta ziabogaren ostean, berriz, ia Arraun Lagunaken pareraino iritsi da.

Baina azken minutu eta erdian behera egin du ‘Lugañene’-rekiko. Ondorioz, hamar segundoko aldeari eman beharko dio buelta igandeko estropadan, baina inor baldin bada Arraun Lagunaken aurka Zarauzko ikurriña hau lor dezakeena, hori Tolosaldea da.

Azken postuaren borroka

Azken postuari ihes egiteko borroka ederra izan dute Hondarribiak eta Donostiarrak eta ‘Bantxa’ ontziak bi puntu eder sartu dizkio traineru «bikingoari». Azken asteetako inertziari segika, Kaiarribako ontzia ‘Ama Guadalupekoa’-ren gainetik jarri da hasi eta berehala. Aurreneko txanda horretan Astillerok aurrea sendo hartu du, Donostiarra branka noiz sartuko segundo bakarrera hurbildu zaion arte.

Ziabogara iritsi aurreko azken minutuan donostiarrek txandako buruzagitza hartu dute, bien bitartean Hondarribia Hibaikaren martxa bera ere jarraitu ezinik geratu da. Ziabogaren ostean, Hibaikak atzetik aurrerako lana burutu du, Astillerori berari aurrea hartu arte. Aldiz, puntuak gehien behar zituztenak gaua eta eguna bezalako estropada burutu dute: Donostiarra aldea ateratzen eta hiru ontzi baino gehiagoko aldea galduta, Hondarribia azken.

Baina traineru «bikingoa» ez da etsitzeko egon eta olatu txikia egonagatik poparean, olatutxoren bat harrapatu du ‘Ama Guadalupekoak’ eta ez dio estropadari joaten utzi. Kolpetik, laugarren postutik bigarren posturako borrokan murgildu da, Astillero eta Hibaikarekin.

‘Bantxa’ traineruak azken postura bidali du Hondarribia, bi puntuko aldearekin gainera, Astillerok azken metroetako buruz burukoan aurrea hartu baitio ‘Ama Guadalupekoa’-ri, aldea 18 ehunenekoa baino izan ez bada ere.

Ikusi egin behar igande honetan itsasoa altxatzen den. Hala balitz, larunbateko aldeek ez dute hainbesterako garrantzirik izango.

XVII. Zarauzko Ikurriña (Lehenengo jardunaldia)

1- Arraun Lagunak 10:36.14

2- Tolosaldea 10:46.66

3- Orio 10:58.88

4- Zumaia 11:01.04

5- Donostiarra 11:01.48

6- Astillero 11:04.14

7- Hondarribia 11:04.32

8- Hibaika 11:05.86

Euskotren Liga

1- Arraun Lagunak 97 puntu.

2- Orio 87 p.

3- Tolosaldea 83 p.

4- Zumaia 53 p.

5- Hibaika 41 p.

6- Astillero 41 p.

7- Donostiarra 32 p.

8- Hondarribia 30 p.