
JAKA-ZABALETA 22
LARRAZABAL-REZUSTA 19
«Oso ondo!» errepikatu du Erik Jakak Jose Javier Zabaletaren belarrira 616 pilotakada eta ia ordubete eta laurden iraun duen partida atera eta gero. Bi hormako dotore batekin amaitu du Lizartzako aurrelariak eta Caixabank Masterseko ligaxkan bigarren puntu garrantzitsua atera dute gainera. Ez dute gutxiago merezi izan Larrazabalek eta Rezustak, baina urdinek larregi galdu dute, bereziki 10 pilota galdu dituen Iker Larrazabalek, nahiz eta oro har partida oso ona jokatu.
«Oraindik badugu zereginik. Ez gaude nahiko genukeen bezain ondo, baina bizirik gaude eta hori da garrantzitsuena», zehaztu du partida amaieran Zabaletak.
Hasieratik nabarmendu da urdinen akatsa. Izan ere, Jose Javier Zabaletak bigarren tantoan lortu duen errebote garbia ez beste, hasiera nahiko hotza eta akatsez betea izan da, batez ere Larrazabal eta Rezustaren aldetik. Kolpez bizi atera arren bikote urdina, kosta zaie pilota neurrian asmatzea. Hala akordatzerako 4-0 atzetik jarri dira.
Erik Jakaren hutsegite batek sake atea pilota aldatzeko parada eman die Larrazabal eta Rezustari, eta baita ederki baliatu ere. Bereziki aurrelari arabarrak eskutik pilota bizi asko ateratzen zaiola erakutsi du, akaso material behar baino gehixeago lagunduta. Jaka ikusle eta defendatzaile bilakatu dute, eta Lizartzako aurrelariak aukerarik izan duenetan komeni baino gehiago arriskatu behar izan du. Ondorioz, hasieran galdu duten aldea aitaren batean berreskuratu dute urdinek, baina aurretik jarri ere Larrazabalek eskuin boleaz txokoan 4-5ekoa lortuta.
Urdinen bolada 4-6raino joan da, baina Larrazabalek berak eten du urdinen bolada, ezkerrez kontrakantxara zabaldu eta gero. Ez du gehiago behar izan Erik Jakak ere, 6nako berdinketa ezker gantxo bikain bati esker sinatu baitu hurrengo tantoan. Ez dira, hala ere, aurretik jarri gorriak, Amurrioko aurrelariak atzean tantoa sartu ostean.
Izan ere, Larrazabalek egin eta galdu ditu gehienak, sekulako ahala baitauka Amurrioko aurrelariak. Jaka ikusle bihurtu du berak eta baita Rezustak ere, Zabaletarekin atzeko koadroetan sekulako ikuskizuna eskainiz. Nolanahi, diferentzia inork ezarri badu, aurrelari urdina izan da, batik bat eskuin boleaz eta sotamanoz aurrean edo atzera jota tanto erdian erritmoa aldatu duen bakoitzean.
Ez dira, hala ere, partida bertan behera uzteko azaldu Aritzbataldera ez Jaka ezta Zabaleta ere, eta nola edo hala, partidan sartuta eutsi diote, hamarretik zortzitan defentsa lanetan arituagatik. Erasora pasa ahal izan duenean aurrelari gipuzkoarrak ere pilota bikain mugitzen dakiela erakutsi du, baita urdinak dantzan jar ditzakeela ere. Hala, lizartzarrak 11nakoa txokoan ezker gantxoz amaitu eta gero, aurreneko atsedenaldi luzean partida airean dela iritsi da: 12-11, Larrazabalen ezker gantxoa kanpora joan ostean.
Gogortasunak erasanda
Partida asko gogortu da hurrengo tantoetan, bereziki defentsan Beñat Rezustak eraman dituen pilotengatik. Gorrienak beharko zuketen bi tanto Bergarako ezkerrak urdinentzat birbideratu ditu –bat zabalean, zoragarria–, markagailua 13na berdinduz, ondorioz.
Ez dira kexu izan Aritzbataldera hurbildu diren zaleak, hasierako hoztasuna askoz txalo zaparrada luzeagoz epeldu baitute ostean. Bikote bientzat pilatu beharreko puntua zen neurketa honetakoa eta hargatik ez dute bururik makurtzeko gogorik erakutsi. Baina hainbesteko parekotasuna dagoen neurketetan nekea ere azken aldera iritsi egiten da eta hanka sartzea errazagoa izaten da.
Bi erremate garbik ihes egin diote Erik Jakari eta horrek bidea apur bat erraztu die urdinei, baina Larrazabalen enegarren oparia bikain baliatu du Jkak gorriei indar berria eman eta azken atsedenaldi luzera aurretik iristeko, 18-17 bada ere.
Baina gorriek ere nekea asko nabaritu dute azkenerako eta behar baino kale gehiago egin dute koordinazio falta dela-eta. Hala, urdinak 18-19 aurreratzeko kapaz izan dira, nahiz eta pronostikorik ematen inor ere ezin ausartu.
Hurrengo tantoan sekulako erresistentzia eta defentsa erakutsi du Zabaletak eta Etxarrengo atzelariaren «burugogorkeriak» berdinketa bideratu du, eta hurrengo tantoetan, berriz, Rezustari gain hartzeko kapaz izan da gainera. Urdinek ez dute beherantz nabarmen egin, baina tantoa amaitzeko orduan gutxiago asmatu dute eta azken tantoan, Rezustak ozta ozta Jakaren sakea eraman ostean, bi hormako bikain batekin amaitu ahal izan du, azken pilotakada balekoa ematea erresistentziaren eta garaipenaren sekretua baita.
Bizkaia Torneoko finala
Bilboko Aste Nagusiaren barruan, Miribillako Bizkaia pilotalekuan Bizkaia Torneoko finala jokatuko da astelehen honetan. Sollube eta Oiz taldeak neurtuko dira 18.30etan hasiko den jaialdian. Hala, hasteko Agirre eta Peio Etxeberria neurtuko dira Lau eta Erdiko norgehiagokan, binaka Artola eta Albisu Elordi eta Zabaletarekin neurtuko dira ostean eta amaitzeko, Bakaikoa eta Exposito buruz buru pilotaleku guztian arituko dira –Salaberriaren lekuan–. Jaialdiaren erdian Danel Elezkano Zaratamoko pilotari ohiari omenaldia egingo diote gainera.
Gogoan izan behar da ekainaren erdialdean jokatu zituztela Bizkaia Torneoko finalerdiak. Orduko hartan Sollube taldeak Kolitza utzi zuela bazterrean, buruz buruz Agirrek eta Bakaikoak lorturiko puntuei esker. Bestalde Oizek ere Peio Etxeberriaren eta Salaberriaren buruz buruko lanari etekina aterata ireki ahal izan zuten Bizkaia pilotalekuko atea.
Hamar tantora jokatzen diren bi set jokatu beharko dituzte hasteko norgehiagoka bakoitzean, eta kitarako seta jokatu behar izanez gero, bost tantora jokatuko lukete ostean. Jakina den bezala, 22ra jokatzen ohituta dauden pilotarientzat mentalitate aldaketa suposatzen du formatu berezi horrek.
Era berean, aintzat hartu behar da udak eskatzen duen bidaia eta neurketa kopuruarekin pilotariak ez dira agian nahi bezain fresko ariko. Esaterako, Artolak azken aldian giharretako arazoekin dabil eta ikusteko dago astelehenean zer-nolako maila emango duen.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 73.01 minutu. Pilotakadak: 616. Sakez: 0 Jakak eta 0 Larrazabalek. Egindakoak: 8 Jakak eta 3 Zabaletak; 8 Larrazabalek eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 4 Jakak eta 4 Zabaletak; 10 Larrazabalek eta 1 Rezustak. Markagailua: 1-0, 4-0, 4-1, 4-6, 5-6, 6-6, 6-9, 7-9, 7-10, 8-10, 9-10, 9-11, 12-11, 13-11, 14-13, 14-13, 14-14, 14-15, 15-15, 15-17, 16-17, 18-17, 18-18, 18-19, 19-19, 20-19, 22-19. Gorabeherak: Caixabank Masterseko aurreneko faseko ligaxkako norgehiagoka, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

