
Abuztuaren 13an amaitu zen CT itzuliko hamaikagarren txapelketa Tahitin. Australiarrak nagusitu ziren. Orain txapelketa bakarra falta da aurtengo WSL txapeldunak izendatzeko, hau da, abuztuaren 27tik irailaren 4ra Fijin egingo den Final Handia. Nesken zein mutilen rankingeko lehen bost lehiakideak bakarrik izango dira Fijin.
Azken txapelketaren ondoren, aldaketak izan dira rankingetan, eta surflari batzuek munduko titulua eskuratzeko aukera galdu dute. Haien lekua hartu dutenak, ordea, Fijin lehiatu ahal izango dira 2025eko txapela eskuratzeko.
Beti bezala, Tahitiko txapelketak ikusmin handia sortu zuen, Teahupon olatuak onak direnean ikuskizuna ziurtatua baitago. Munduko ezker olatu zail eta indartsuenetako bat da Teahupo, eta duela gutxi arte gizonezkoak bakarrik lehiatzen ziren bertan; baina aurten nesken finala mutilena baino ikusgarriagoa eta hunkigarriagoa izan zela esan daiteke, sekulako maila eta adorea erakutsi baitzituzten.
EGURRA
Nesken finala gogoangarria izan zen. Duela gutxi arte ez ziren Teahupon lehiatzen, arriskutsuegia eta zailegia zelako. Alabaina, azken txapelketan olatu handienak neskek hartu zituzten, nahiz eta ordainetan sekulako egurra jaso behar izan zuten. Molly Picklum, 22 urteko australiarra eta, Caitlin Simmers, 19 urteko estatubatuarra akituta iritsi ziren finalera, aurrez egindako txandetan jada indar asko xahutu baitzuten. Hala ere, indartsu hasi zuten finala.
Lehen 20 minutuak oso antzekoak izan ziren. Simmersek serieko lehen olatua hartu zuen, baina ez zuen lortu tubotik irtetea, eta sekulako egurra jasotzen zuen. Picklumek, ostera, serieko bigarren olatua hartu eta tubo erraldoiak egin zituen.
Txanda amaitzeko 10 minutu falta zirenean, Simmers tubo erraldoi batean sartu zen, baina olatuak irentsi egin zuen, eta zafraldi bortitza jasan zuen. Ur-azalera irtetea lortutakoan, sorosleek erreskatatu zuten, baina urautsira itzuli aurretik eten bat egin zuen entrenatzailearekin egoteko. Xehatuta zegoen. Oraindik arnasa hartzea kostatu egiten zitzaion. Hala ere, sei minuturen faltan urautsira itzuli zen eta, antza, aurkariak zer moduz zegoen galdetu zion. Hots, bi lehiakideek elkarrizketa bat izan zuten, batere ohikoa ez dena, eta gutxiago final garrantzitsu batean.
Hortik aurrera agerikoa zen Simmersek finala galdutzat ematen zuela, izan ere, Picklumek 17’26 puntu zituen, eta estatubatuarrak 4’94 puntu besterik ez. Hala ere, finalera iristearekin bakarrik Fijin egingo den Final Handirako tokia ziurtatu zuen.
Klaxon hotsak txandaren amaiera iragarri zuenean, bi surflariek elkar besarkatu zuten, lehiaketaz harago lagun onak baitira. Simmersek irabazi zuen iazko titulu mundiala, baina aurtengoa lortzeko berriz ere Piclumen aurka lehiatu beharko da, Fijiko ezker olatu luze eta indartsuetan.
BATZUK KALERA ETA BESTEAK BARRURA
Mutilen finala ez zen neskena bezain ikusgarria izan. Txandaren hasieran olatu on bana hartu zuten Jack Robinsonek eta Griffin Colapintok, baina hortik aurrera ezer gutxi; olatuen tamainak behera egin zuen azkar, eta haizea zeharka putz egiten hasi zen. Australiarrak bi olatu bakarrik hartu zituen, baina nahikoa izan zen txapela eskuratzeko. Guztira, 16’90 puntu bildu zituen Robinsonek (9’50 + 7’40). Colapintok lau olatu hartu zituen, baina horietako bi txikiak ziren, eta ez zuten baliorik. Guztira, estatubatuarrak 13’67 puntu bildu zituen (8’00 + 5’67).
Nesken finalarekin alderatuta, mutilena apur bat aspergarria izan zen. Adibidez, Picklumi garaipena eman zioten 8’83 eta 8’43 puntuko bi olatuez gain, 8’33 puntuko hirugarren olatu bat ere egin zuen australiarrak. Hau da, olatu gehiago, handiagoak eta hobeak hartu zituzten neskek.
Kontuak honela, Tahitiko txapelketaren ostean, Isabella Nichols australiarrak Final Handian egoteko aukera galdu zuen, rankingean seigarren postura jaitsi baitzen, eta bere tokia Caroline Marks estatubatuarrak hartu zuen. Honako bost lehiakideak izango dira nesken Final Handian: Molly Picklum (AUS), Grabriella Bryan (HAW), Caitlin Simmers (AEB), Caroline Marks (AEB) eta Bettylou Sakura Johnson (HAW).
Mutilen kategorian, Kanoa Igarashi japoniarra eta Ethan Ewing australiarra izan ziren Tahitiko txapelketaren ostean rankingean behera egin eta Final Handian lehiatzeko aukera galdu zutenak. Kontrara, Tahitin finalera iritsi ziren Robinsonek eta Colapintok rankingean gora egin eta lehen bost postuetako batean kokatzea lortu zuten.
Abuztu amaieran Fijin lehiatuko diren bost gizonak Yago Dora brasildarra, Jordy Smith hegoafrikarra, Griffin Colapinto estatubatuarra, Jack Robinson australiarra eta Italo Ferreira brasildarra dira.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual
