NAIZ

Pasa den astean bi langile hil ziren lan-istripuetan LABek jakinarazi duenez

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, bi langile hil ziren pasa den astean lan-istripuez eraginez. 54 urteko Nafarroako garraiolaria bata, eta Oreretako Merkaoiartzunen lanean ari zen 58 urtekoa bestea. LABen kontagailuaren arabera 45 dira jada 2025 honetan hildako langileak.

Prekarietateak hiltzen duela salatu du LABek.
Prekarietateak hiltzen duela salatu du LABek. (Oskar Matxin | FOKU)

Bi langile hil ziren pasa den astean lan-istripuen eraginez LAB sindikatuak ohar batean adierazi duenez. Joan den asteazkenean, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Kataluniako hiriburuan, EBRO ibilgailu-enpresan kamioia deskargatzen ari zela. Ostegunean, berriz, Oreretako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea zendu zen, istripu ez-traumatiko baten ondorioz, GESTORGANIK S.L enpresarentzat lanean ari zela. LABen kontagailuaren arabera 45 dira jada 2025 honetan hildako langileak.

LABek gogorarazi du prebentzio araudiak zama-lanak egiteko prozedura aurreikusten duela, eta enpresa kontratatzaileek prozedura horiek garatu eta ezarri behar dituztela garraiolariak kabinan bertan itxaroten edota gune seguruetan egoten direla bermatzeko. «Koordinazio-prozedura bat garatzea ezinbestekoa da arrisku mota hori kontrolatzeko», gaineratu du.

EBRO enpresari ere zuzeneko interpelazioa egin dio: «EBRO enpresaren kasuan, prozedura ez zegoen garatua edo ez zen praktikan jarri; bi egoerak dira,legeak agintzen duen bezala, enpresarien erantzukizunpekoak. Bartzelonako enpresa horrek bi langileren heriotza eragin du hilabete gutxiren buruan».

Merkaoiartzunen jazotako istripu ez-traumatikoari dagokionez, sindikatuak azaldu du langilea gutxienez 2022tik aritu zela modu prekarioan lanean, «beste lankideen bajak eta oporrak ordezkatzen». Istripu ez-traumatikoen atzean hainbat kausa egon daitezkeela esan du, baina halere, «prekarietateak sortutako ziurgabetasuna eta estresa» arrisku faktore argiak direla, «eta gainera, gero eta ohikoagoak», zehaztu du.

Istripu traumatikoen kasuan ohartarazi du agerikoa dela prebentzio-arauak ez direla behar bezala aplikatzen. Eta ez-traumatikoetan, berriz, prebentzio neurriak ez ezartzeaz gain, arrisku faktoreak gero eta presenteago daudela ikusten dutela azaldu du LABek.