NAIZ

‘Rondallas’ eta ‘Hasta que me quede sin voz’ filmak Belodromoan estreinatuko dira

‘Rondallas’ eta ‘Hasta que me quede sin voz’ lanen estreinua Belodromoan izango da. ‘Go!azen’-en denboraldi berriko lehen atala ere eskainiko da bi saiotan. Astearte honetan jarriko dira salgai sarrerak.

Leiva, ‘Hasta que me quede sin voz’ ez-fikziozko filman.
Leiva, ‘Hasta que me quede sin voz’ ez-fikziozko filman. (ZINEMALDIA)

‘Rondallas’ –Daniel Sanchez Arevaloren film berria– eta ‘Hasta que me quede sin voz’ –Leiva musikariari buruzko ez-fikzioa– Belodromoan estreinatuko dira, Zinemaldian. ‘Go!azen’-en denboraldi berriko lehen atala ere bertan ikusiko da bi saiotan. 

Halaber, auditoriumak –2.000 pertsona baino gehiago har ditzakeenak– itxiera galaren emankizuna ere hartuko du, EITB Gala, Kontzertua & Proiekzioa –Euskadiko Orkestrarekin eta SGAErekin batera antolatutako ekimen tradizionala– eta Ikastetxeak Belodromoan jardueraren goizeko emanaldiez gain.

Astearte honetan, 10.00etan jarriko dira salgai Donostia Zinemaldiaren 73. edizio honetan Belodromoan egingo diren emanaldietarako sarrerak.

Asteartean, irailaren 23an, 19.00etan estreinatuko da ‘Rondallas / Band Together’ –Daniel Sanchez Arevaloren (Madril, 1970) itzulera zinemara. Javier Gutierrez, Maria Vazquez, Judith Fernandez, Tamar Novas eta Fer Fraga dira komedia dramatiko honen protagonistak. Filmak kontatzen digu nola Galizako udalerri batek erabakiko duen herriko errondaila –musika talde tradizionala– berreskuratzea; erresilientziari eta garai gogorretan komunitateak duen garrantziari eskainitako oda bat.

Ostegunean, hilaren 25ean, 19.00etan, ‘Hasta que me quede sin voz’ filma emango da pantaila erraldoian. Bertan, Leiva musikariaren bizi-unea, zurrunbiloa eta bere ahots kordetako batean duen lesio konponezin baten ondorioz bizi duen egoera labaina azaltzen dira. Hiru egileren lan kolektiboa da filma: lehenik, Mario Fornies dugu (Madril, 1976), proiektu ugari ekoitzi dituena, besteak beste, kantautore madrildarraren bideoklipak; bigarrenik, Lucas Nolla (Madril, 1978), hainbat filmetan muntatzaile-lanak egin dituena; eta, hirugarrenik, Sepia (Ushuaia, 1980), argazkilaria eta musika-bideoen zuzendaria.

Gainera, lehen aldiz, ‘Go!azen’ telesailaren bi emanaldi egongo dira: bata, asteazkenean, hilaren 24an; bestea, ostiralean, hilaren 26an; bi saioak 18.30ean. ‘Go!azen’ telesailaren hamabigarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da, eta, iaz bezala, emanaldiaren aurretik zuzeneko funtzio bat egingo dute protagonistek. Itziar Gomez Sarasolak (Errenteria, 1964) zuzendu du Basakabi udalekuko musika abenturen denboraldi berri hau.