
Edward Berger, Claire Denis, Dolores Fonzi, Joachim Lafosse, Olmo Omerzu, Xiaoyu Qin eta James Vanderbilt zuzendarien lan berriak Urrezko Maskorraren lehian izango dira Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Juliette Binoche aktorearen lehen filma zuzendari gisa eta Junji Sakamotoren lan berria ere bilduko ditu sailak, lehiaz kanpo, emanaldi berezi gisa.
Iaz Urrezko Maskorrerako hautagai izan ondoren ‘Conclave’ (2024) filmarekin (besteak beste, egokitutako gidoi onenaren Oscar saria eta film onenaren BAFTA saria irabazi zituen), Edward Berger (Wolfsburg, 1970) lehiara itzuli da ‘Ballad of a Small Player’ filmarekin. Britainia Handiaren ekoizpen honen protagonista Colin Farrell da, Macaun egonik iragana eta zorrak benetan eragiten hasiko zaizkion jokalari amorratu baten rolean. Fala Chen, Tilda Swinton eta Alex Jennings aktoreek ere parte hartu dute filmean.
Claire Denis (Paris, 1946) bigarrengoz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko ‘Le Cri des Gardes / The Fence’ filmarekin. Mendebaldeko Afrikako obra bateko barrakoietan girotutako filma da, Bernard-Marie Koltèsen ‘Combat de nègre et de chiens’ antzezlanean oinarrituta eta Isaach de Bankole, Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth protagonista dituena.
Dolores Fonzi (Buenos Aires, 1978) aktore, gidoigile eta zinemagile argentinarraren lehen zuzendaritza-lana ‘Blondi’ (2023) izan zen, BAFICIn estreinatu ondoren Horizontes Latinosen aurkeztua; oraingoan Sail Ofizialean lehiatuko da bere bigarren zuzendaritza-lanarekin. Fonzik berak protagonista-rol bat du ‘Belén’ filman, Camila Plaate eta Laura Paredesekin batera. Benetako istorio bat birsortzen duen film honetan, Fonzik Tucumango abokatu bat haragitzen du, nahita abortatzea leporatuta kartzelatutako emakume gazte baten askatasunaren aldeko borrokaren buru dena.
‘Six jours ce printemps-là / Six Days in Spring’ da Joachim Lafosseren (Uccle, 1975) film luze berriaren izena; Belgika, Frantzia eta Luxdemburgoren arteko koprodukzioa honetan, Eye Haïdarak ama etsi baten rola egiten du, aitaginarreba ohiek Kosta Urdinean duten etxea maileguan hartzen duena, seme-alabekin opor-egun batzuk igarotzeko hor.
Eslovenia, Polonia, Eslovakia, Kroazia eta Estatu frantsesarekin batera ekoitzitako Txekiar Errepublikaren produkzioa da ‘Ungrateful Beings’, eta bertan, lasaia den oporraldi batez gozatzen ari dira, kanpin batean, aita dibortziatu berri bat eta haren bi seme-alaba nerabeak. Olmo Omerzu esloveniarrak (Ljubljana, 1984) lehendabizikoz hartuko du parte Sail Ofizialean, baina ez da izango, ordea, bere lehen partehartzea Zinemaldian, New Directorsen izan baitzen ‘Rodinny Film / Family Film’ (2015) bere bigarren film luzearekin.
Xiaoyu Qin (Hohhot, 1974) zinemagile txinatarrak fikziozko bere lehen film luzea aurkeztuko du, ‘Jianyu Laide Mama / Her Heart Beats in Its Cage’, bere protagonista originalekin emakume baten benetako istorioa birsortzen duena; protagonista, senarra hiltzeagatik espetxean hamarkada bat eman ondoren, hamar urteko semearekin elkartuko da.
Robert Redford eta Cate Blanchett protagonista zituen ‘Truth’ (2003) filmarekin debuta egin ondoren, James Vanderbiltek (Connecticut, 1975) ‘Nuremberg’ filmarekin parte hartuko du Sail Ofizialean. Bertan, Rami Malekek Douglas Kelleyren benetako pertsonaia hezurmamituko du; Nurembergeko epaiketen bezperan 22 nazi aztertu zituen psikiatra estatubatuarra izan zen Kelley, tartean Hitlerren eskuineko esku Hermann Göring, Russell Crowe aktoreak gorpuztua. Jack El-Hai kazetari eta idazlearen ‘The Nazi and the Psychiatrist’ liburua egokitu du Vanderbillek.
Arestian aipatutako filmez gainera, jada iragarritako hauek ere parte hartuko dute: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren ‘Maspalomas’; Alauda Ruiz de Azuaren ‘Los domingos / Sundays’; Arnaud Desplechinen ‘Deux pianos / Two Pianos’; Jose Luis Guerinen ‘Historias del buen valle / Good Valley Stories’; Agnieszka Hollanden ‘Franz; Milagros Mumenthalerren Las corrientes / The Currents’; Alberto Rodriguezen ‘Los tigres’; Yutaro Seki eta Kentaro Hiraseren ‘SAI / SAI: Disaster’; eta Alice Winocourren ‘Couture’.
Lehiaz kanpoko emanaldi bereziak
Emanaldi berezien atalean, Juliette Binochek (Paris, 1964) zuzendutako lehen film luzea emango da, ‘IN-I In Motion, In-In’ –aktoreak 2007an Akram Khan dantzari eta koreografoarekin batera egindako dantza eta antzerki ikuskizun hibridoan– izandako esperientzia berrikusten duen ez-fikziozko filma. 40 urtetik gorako ibilbidean, Binochek goi-mailako zinemagileen 70 bat filmetan parte hartu eta sari igari jaso ditu, hala nola antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria ‘The English Patient’ (1996) filmean egindako lanagatik, eta beste hainbat interpretazio-sari munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenetan (Cannes, Berlin, Venezia, etab.), ahaztu gabe 2022an Donostia Saria eman zitzaiola bere ibilbide osoagatik.
Lehiaz kanpo, ‘Teppen no mukou ni anata ga iru / Climbing for Life’ ere emango da, Junko Tabei alpinista japoniar handiaren benetako istorioan funtsatutako pelikula; Everest mendiaren gailurrera iritsi zen lehen emakumea izan zen Tabei.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Robe Iniesta, el poder del arte

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari
