NAIZ

Noaingo aireportuan hainbat konexio berri ezartzeko gastua onartu du nafar Gobernuak

Maria Chiviteren Exekutiboak urte anitzeko 4 milioi euroko gastua baimendu du asteazken honetan, Noaingo aireportuko loturak hobetzeko xedearekin. Bartzelonako helgaldei berriro ekitea da Gobernuaren ideia, eta Andaluzia, Londres, Alemania edo Italia bezalako helmugak aztertu ditu dagoeneko.

Iruñeko aireportuko artxiboko irudia.
Iruñeko aireportuko artxiboko irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Gobernuak urte anitzeko lau milioi euroko gastua baimendu du asteazken honetan, Noaingo aireportuko aireko konektibitatea hobetzeko helburuarekin. Lizitazio publiko baten aurreko urratsa da, datozen asteetan deituko dena eta etorkizuneko lau konexio sortzea aurreikusten duena: Estatu espainoleko bi hiri eta Europako bi konexio berri.

Gobernu-bileraren osteko prentsaurrekoan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Jose Luis Arastik gobernu-akordio horren xehetasunak azaldu ditu. Hala, 2026an 1,4 milioi eta 2027an eta 2028an 1,3 milioi euroko aurrekontua bideratzea aurreikusten du Exekutiboak. Deialdia datozen asteetan Europar Batasuneko Kontratazio Atarian lizitatuko dute.

Arastiren esanetan, «lizitazio honek Aireko Konektibitatearen Mahaian onartutako ibilbide-orria jarraitzen du». Honek joan den maiatzean eratu zen lankidetza publiko-pribatuko lan-eremua hartzen du barne, Iruñeko aireportuaren loturak hobetzeko helburuarekin, Nafarroako garapen ekonomiko eta turistikorako gai estrategiko gisa.

Mahaiak hainbat bilera ospatu ditu dagoeneko, eta Exekutiboko, AENAko, Iruñeko Udaleko eta enpresa sektoreko (CEN, Merkataritza Ganbera, AIN), sektore turistikoko (AEHN, ANAPEH) eta unibertsitateetako (NUP, Nafarroako Unibertsitate pribatua) ordezkari nafarrek osatzen dute.

Konexioa

Estatu mailan, Exekutiboaren interesa da Bartzelonarako hegaldiei berriro ekitea eta Andaluziako hiriren batekin konexio berri bat lortzea. Bestalde, Londres, Alemania edo Italia bezalako helmugak aztertu ditu.

Helmugak Konektibitatearen Mahaian adostu dira, eta «gizarte, turismo, enpresa eta unibertsitate interesak batzen dituzte», Gobernuaren arabera. Helmugetarako zuzeneko hegaldiak izango dira.

Aurreikuspenen arabera, Iruñeko aireportuko lau konexio berrien zerbitzua 2026ko apiriletik aurrera hasiko da. Arasti kontseilariaren esanetan, «apurka-apurka, apustu horren xehetasun gehiago ezagutuko ditugu» Nafarroako Gobernuak gure ekonomia indartzeko konpromisoari eusten baitio, «bai enplegua sortzeko dakarren aukeragatik, bai gure erkidegoaren lurralde-kohesioari eta kanpo-proiekzioari egiten dion ekarpenagatik».