NAIZ

Gutxieneko soldata propioaren aldeko 138.495 sinadura erregistratu dituzte sindikatuek Lakuan

Ostegun goiz honetan Lakuan 138.495 sinadura erregistratu dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta ETXALDE sindikatuek Gutxieneko Soldata propio baterako Herri Ekimen Legegilea babestuz. Langileek eskakizuna adierazi dutela esan dute sindikatuek, eta orain alderdiei dagokiela horri bide ematea.

Sindikatuek Lakuan erregistratu dituzte sinadurak.
Sindikatuek Lakuan erregistratu dituzte sinadurak. (Endika Portillo | FOKU)

138.495 sinadura. Horiek dira ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta ETXALDE sindikatuek ostegun goiz honetan Lakuan erregistratu dituzten Gutxieneko Soldata propio baterako Herri Ekimen Legegilea babesten duten sinadurak. Irailean bertan eztabaida abiatzea espero dute eta alderdi guztiei dei egin diete langileen ahotsa «entzun eta babesteko». Eskakizunak hilean 1.500 euro gordin 14 ordainsaritan izatea jasotzen du.

Hego Euskal Herrirako Gutxieneko Soldata propioaren aldeko lana ikasturte honetan abiatu zuten sindikatuek, Lanbidearteko Akordioaren eta Herri Ekimen Legegilearen bideak ireki dituzte horretarako. Sinadura bilketa aurreikusitakoa baino hiru hilabete lehenago amaitu dute, sinadura kopuruaren helburua beteta.

«ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta ETXALDE sindikatuek sinadura bilketa martxan jarri zutenean asmo argia erakutsi zuten: kohesio sozialerako eta pobreziari aurre egiteko tresna den gutxieneko soldataren gainean arautzeko eskubidea ezinbestekoa da», adierazi dute sindikatuek ohar partekatu batean, eta gaineratu espainiar Estatuko gutxieneko soldatak ez duela balio Euskal Herriko langileak «pobreziatik ateratzeko». Lortutako sinadura kopuru handia ideia hori Euskal Herrian hedatua dagoenaren erakusle da sindikatuetako ordezkarien arabera.

Lakuan erregistroa egin ondoren, sindikatuek alderdi politiko guztiei galdegin diete gutxieneko soldataren lege-proposamena ahal bezain pronto izapidetu dezaten, eta aldeko botoen bidez espainiar Kongresuari adieraz diezaioten euskal gizarteak 138.495 sinadurekin erakutsi duena: «Gutxieneko soldata propioa izateko borondate irmoa dagoela».

Era berean, mahai gainean jarri dute Confebask «ez dela gai enpresetako langileen nahiak asetzeko». Eta bere eredu ekonomikoa «langileen esplotazioan» oinarritzen dela salatu dute, «gizartean euren pribilegioen defentsa egiten duten enpresariak bakarrik ordezkatzen ditu». Ondorioz, sindikatuen iritziz, 138.495 sinadurek Confebaskek «jarrera demokratikoagoa» izan beharko lukeela eta negoziazioari bide eman behar diola esan nahi dute, eta hori bultzatzea dute helburu.

Alderdi politikoren baten babesik baduten galdetuta, sindikatuek azaldu dute «harreman bira bat» egin dutela alderdi parlamentarioekin, eta «inolako ziurtasunik» ez badute ere, onarpena ez den beste aukerarik ez dutela ikusten.

Proposamenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zein Nafarroan duen «bide ezberdina» izango dutela argitu dute sindikatuetako ordezkariek, izan ere, gaur gaurkoz, «Nafarroako Parlamentuko Mahaian ez dago ILP tramitera onartuta».

Gehiengoaren mesedetan

Balorazio positiboa egin du LABeko ordezkaria den Oihane Lopetegik: «Izugarria izan da euskal langileriak emandako erantzuna: hilabete gutxitan sinadura kopuru oso altua lortu dugu. Gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzeko helburu duen herri ekimen legegile honen bidez, Euskal Herriko langile askoren lan eta bizi baldintzak hobetzeko aukera ireki dugu; pobrezia murriztu, soldata arrakalak txikitu eta prekarietateari aurre egiteko proposamena da hau. Gainera, herri honen burujabetzan aurrera egiteko tresna izan daiteke».

Langileek zein sindikatuek beren ardura bete dutela adierazi du sindikatuak eta orain, Lakuari dagokiola «bere ardura betetzea»; izan ere, ohiko lege proposamenak bezala tramitatuko da proposamena eta ondoren, alderdi politikoen esku egongo da ekimen legegilea aurrera eramatea.

ELAko Peio Igeregik, jasotako sinadura guztien zentzua eta aldarria zein den gehitu nahi izan du: «138.000 arrazoi dira lan-pobreziaren aurka, gizarte-kohesioaren alde, soldata-arrakalaren aurka eta Confebask mahai batean eseri eta gutxieneko soldata propioa negoziatzea onartzeko». 

Hilabeteetako kanpaina

Apirilean jarri zuten martxan sindikatuek Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa izateko eskumena eskuratzeko Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa, ‘Gutxieneko soldata hemen erabakiz’ kanpainaren bidez.

Aurreratu zuten soldata propioa izateak langileari guztiari egingo ziola mesede, «bereziki eta zuzenean egoera zaurgarrienean daudenei: emakumeak, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak». Eta sinadura bilketa «mobilizazio erraldoi bilakatzea» hartu zuten helburu gisa.

Sinadura bilketa Lakuan erregistratu ondoren mobilizazio fase bati amaiera eman diete sindikatuek, eta udazkenean beste fase bati ekingo diote, langileen beste indar erakustaldien bidez sinadurek erakutsi duten atxikipena instituzio guztietan errespeta dadin.