
Cannesko zinema jaialdiaren Urrezko Palma, Epaimahaiaren Sari Nagusia, zuzendari onenaren saria eta Urrezko Kamera eta Veneziako Mostran programatutako lanetako ugari egongo dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Perlak saila osatuko duten hamasei film luzeen artean.
Olivier Assayas, Noah Baumbach, Kaouther Ben Hania, Yorgos Lanthimos, Richard Linklater, Kleber Mendonça Filho, François Ozon, Hlynur Pálmason, Jafar Panahi, Raoul Peck, Paolo Sorrentino, Joachim Trier eta Rebecca Zlotowskiren film luze berriekin batera, Guillermo Galoe, Hasan Hadi eta Maïlys Vallade eta Liane-Cho Hanen lehen lanek hartuko dute parte sailean. Guztiak lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko.
Cannesko lehiaketa ofizialean estreinatu ondoren, ‘Nouvelle Vague’-k emango dio hasiera sailari; Richard Linklaterrek (Houston, 1960) Frantziako zinema-korronte ospetsuari eta 1959an Jean-Luc Godarden À bout de souffle filmaren ekoizpenari egindako omenaldia da filma.
Horrez gainera, lehiaz kanpo programatu zen Cannesen ‘Vie privée / A Private Life’, Perlak sailari amaiera emango dion filma. Pelikulan, bere pazienteetako baten heriotza ikertzen duen psikiatra baten rola egiten du Jodie Fosterrek. Daniel Auteuil, Virginie Efira, Matthieu Amalric eta Vincent Lacoste antzezleek ere parte hartu dute Rebecca Zlotowskiren (Paris, 1980) lan berri honetan.
Paul Dano, Jude Law, Alicia Vikander, Jeffrey Wright eta Tom Sturridge dira Olivier Assayasen (Paris, 1955) ‘Le mage du Kremlin / The Wizard of the Kremlin’ filmeko protagonistak. Filma –artista eta telebista-ekoizle gazte bat nola bihurtu zen Vladimir Putinen aholkulari kontatu du– Venezian lehiatuko da.
Era berean, Noah Baumbachen (New York, 1969) ‘Jay Kelly’ ere lehiatuko da Venezian; George Clooneyk krisi pertsonala bizi duen zinema-izar handi baten rola egin du zuzendari eta gidoilari estatubatuarraren azken film luzean, Adam Sandler, Laura Dern, Billy Crudup, Riley Keough, Eve Hewson, Greta Gerwig, Alba Rohrwacher eta Emily Mortimer –gidoigile ere badena– aktoreen partaidetza ere izan duenean.
Kaouther Ben Hania tunisiarra (Sidi Bouzid, 1977) –2012an Zinema Mugimenduan sailean parte hartu zuena eta, geroago, Zabaltegin ‘Tunis / The Challat of Tunis’ (2014) lanarekin–, Donostiara itzuliko da Veneziako lehiaketa ofizialean programatutako ‘The Voice of Hind Rajab’ filmarekin, 2024an Israelgo armadaren eraso batean familiarekin batera eraildako sei urteko neskato gazatar baten benetako kasuan oinarritutako fikzio berri honekin, hain zuzen.
Guillermo Galoek (Madril, 1986) Prix SACD saria irabazi zuen, Cannesko Semaine de la Critique atalean, ‘Ciudad sin sueño / Sleepless City’ bere lehen film luzearekin; Madrilgo Cañada Real auzoan antzezle ez-profesionalekin filmatu zen pelikula berria, eta agertoki horretan bertan eta pertsonaia berberekin filmatu zuen Galoek, hain zuzen, ’Aunque es de noche’ (2023), Cannesko film laburren hautaketa ofizialean bildua eta Zabaltegi-Tabakaleran programatua.
‘Mamlaket al-Qasab / The President’s Cake’ filmaren protagonista nagusia neskato bat da, buru argitasunez jokatu beharko duena Sadam Hussein presidentearen urtebetetze ospakizunerako derrigorrezko tarta bat prestatzeko, zigor latza pairatu nahi ez badu. Filmak bi sari erdietsi zituen Cannesen: lehen lan onenaren Urrezko Kamera batetik, eta Publikoaren Saria Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean bestetik.
Venezian Urrezko Lehoia eskuratzeko lehiatuko den beste filmetako bat ‘Bugonia’ komedia beltza da, Yorgos Lanthimosen (Atenas, 1973) kolaborazio berria Emma Stone aktore eta ekoizlearekin, Jesse Plemons eta Aidan Delbis izanik beste protagonistak.
Kleber Mendonça Filho brasildarrak (Recife, 1968) zuzendari onenaren saria eta FIPRESCI saria irabazi zituen Cannes lehiaketa ofizialean ‘O agente secreto / The Secret Agent’ lanarekin. Filmeko protagonista Wagner Mourak gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen 1977ko Brasilen semea berriz aurkitu nahi zuen gizon misteriotsu baten rolagatik.
Benjamin Voisin, Rebecca Marder, Pierre Lottin, Denis Lavant eta Swann Arlaud dira ‘L'Étranger / The Stranger’ filmeko aktoreak. François Ozon (Paris, 1967) Venezian lehiatuko da Albert Camusen izen bereko eleberriaren egokitzapen honetan. Zuzendari frantsesak Urrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Saria irabazi zituen Donostian ‘Dans la maison’ (2012) filmarekin, eta beste film batzuekin ere lehiatu izan da Zinemaldian.
Cannes Première sailean ‘Ástin sem eftir er / The Love That Remains’ filma eman zen, familia baten bizitzako urtebete bineta intimo eta gertakari arraroen medioz harrapatzen duena. Hlynur Palmason (Hornafjörður, 1984) zinemagile eta artista islandiarrari Tabakalerak bakarkako erakusketa bat eskaini dio irailaren 28ra arte.
Jafar Panahi iraniarrak (Mianeh, 1960) Cannesko Urrezko Palma beretu zuen ‘Un simple accident / It Was Just an Accident’ lanarekin; filmaren abiapuntua aurreikusi ezinezko ondorioak izango dituen gorabehera txiki bat izango da.
Raoul Peckek (Port-au-Prince, 1953) –New Directorsen egon zenak Haitian Corner (1988) lanarekin– Perlak sailean parte hartuko du bere ‘Orwell: 2+2=5’ ez-fikzioarekin. Cannes Première atalean estreinatutako eta George Orwellen ikuspen profetikoan zentratu da lan berrian.
Perlak sailera itzuliko da aurten Veneziako Mostra inauguratuko duen filmarekin, ‘La Grazia’ deritzonarekin; Toni Servillo aktoreak zuzendariarekin gauzatutako kolaborazio berria Italian girotutako maitasun-istorio gisa definitu du napolitarrak.
Joachim Trierrek (Kopenhage, 1974) Epaimahaiaren Sari Nagusia bereganatu zuen Cannesen ‘Affeksjonverdi / Sentimental Value’ obrarekin; Renate Reinsve eta Stellan Skarsgård protagonista dituen familiaren esplorazio honek Inga Ibsdotter Lilleaas eta Elle Fanning ere baditu aktore-zerrendan.
‘Amélie et la métaphysique des tubes / Little Amélie or the Character of Rain’ (Little Amélie), Maïlys Valladeren (Châtenay-Malabry, 1985) eta Liane-Cho Hanen (Paris, 1983) lehen lana emanaldi berezi gisa aurkeztu zen Cannesko hautaketa ofizialean, eta Publikoaren Saria eraman zuen Annecyko animaziozko zinemaren jaialdian. Filma ‘Métaphysique des tubes’ (2000) eleberriaren egokitzapen librea da; Amélie Nothomb idazle belgikarrak Japonian igarotako bere haurtzaroa deskribatzen zuen liburuan.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
