
Larunbat honetan porturatu dira Italiako Barin joan den asteartean Aita Marik Mediterraneo erdialdean erreskatatutako hamahiru pertsonak, horien artean bost haur. Jakinarazi dutenez, ontzia goizeko zazpietan heldu da, eta 45 minutuan egin dute lehorreratzea, «normaltasun osoz». Italiako Polizia eta Gurutze Gorria zain zeuden erreskatatutako pertsonak artatzeko.
Baina biziraun duten lagun horiek lau egunez nabigatu behar izan dute urruneko kai batera iristeko. Gaitzetsi dutenez, Piantedosi Dekretuak hurbilen dagoen leku seguruan lehorreratzea eragozten du, eta horrek arriskuan jartzen du euren bizia.
«Betebehar negoziaezina»
Aita Marik salatu du urruneko portuen izendapen sistematikoak eta itsasontzi humanitarioen aurkako kriminalizazio-politikek nazioarteko itsas zuzenbidea urratzen dutela eta Mediterraneoan laguntza emateko oztopo zuzena direla.
«Europar Batasuna Libiarekin duen Migrazio Ituna indartzen ari da, eta mugen kudeaketa giza eskubideak urratzen diren herrialdeetara kanporatzen da. Testuinguru horretan, itsasoan bizitzak salbatzea betebehar humanitario negoziaezina da eta inoiz ezin da delitu bihurtu», berretsi du Gobernuz Kanpoko Erakundeak.
Hamabi pertsona desagertu dira
Bestalde, espainiar Gobernuaren Balear Uharteetako ordezkaritzak berri eman duenez, migratzen ari ziren hamabi lagun desagertu dira, ostiral arratsaldean patera batetik salto egin ondotik, Cabrera irlatik hurbil.
Patera 18.45ean erreskatatu zuten, Cabreraren hego mendebaldetik 36 miliatara. 26 pertsona zihoazen bertan, baina horietatik 14 bakarrik salbatu zituzten, magrebtar jatorrikoak.
Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuak (Río Gallego), Itsas Salbamenduak eta CUCOk bilaketa dispositibo bat jarri dute martxan inguru horretan. Erreskatean lehen biek hartu zuten parte.
Bi pateraren berri
Caminando Fronteras kolektiboak gutxienez bi patera desagertu direla jakin du migratzaileen senideekin mintzatu eta gero. Aljeriako kostatik Balear Uharteetarantz abiatu ziren azken egunotan, baina ez ziren helmugara iritsi.
Lehenbizikoa iragan igandean atera zen eta dirudienez 25 pertsona zeramatzan, denak magrebtarrak. Helena Maleno GKEko arduradunak uste du ostiral arratsaldean erreskatatu zuten ontzi hori bera dela, 14 lagun bizirik atera direna baina 12 desagertu utzi dituena.
Aktibistak azaldu duenez, familien beste abisu bat jaso zuten bigarren patera bat, 26 pertsona zeramatzana, desagertua egon zitekeela esanez. Bertan, antza denez, 18 magrebtar eta zortzi somaliar zihoazen, azken hauen artean sei emakume.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

