Batzuek jai eta besteek lan, parranda eta lana jaietan

Aste Nagusian jai giroak hartzen du Bilbo, baina Bizkaiko hiriburuan batzen den jendetza horren guztiaren artean, parrandazaleez gain, badaude gainerakoek jaietan gozatu ahal izateko lan egin behar izaten dutenak ere; hala nola, tabernariak, kale garbitzaileak, soinu teknikariak, baita Areatzako txurro saltzaileak ere. Hain zuzen, horien bizipenak jaso ditu bertatik bertara GARAk.
«Barra atzean gaudenok pertsonak gara eta bi esku baino ez ditugu»
Olatz Arriaga (Bar Fermin)
Aste Nagusiko lan gogorrenetako bat taberna eta jatetxeetan dago. Iturribide kalea eta Unamuno plaza artean dagoen Fermin tabernara hurbildu gara. Ahalik eta gutxien molestatzeko, 16.00etan joan gara, bezero gutxiago egongo zela pentsatuz. Baina bazkalondokoak luzatu eta arratsaldeko poteoarekin batzen dira. Horrenbestez, ordurako ere taberna nahiko beteta dago.
Barraren beste aldean Olatz Arriagak minutu batzuk eskaini dizkigu. «Aste Nagusian askoz jende gehiago egoten da ordu guztietan, eta lanaldiak gogorragoak egiten dira», esan du. Lan karga jasan ahal izateko antolaketa aldatu dute, lanorduak murriztuz eta langile guztiak ordutegi tarte horretan sartuz. Goizeko 09.30ean zabaltzen dituzte ateak lehen gosariak emateko, eta arratsaldeko 17.00ak arte egoten dira. Egun «potenteetan» ordutegia gauera arte luzatzen dute. Ez dute jaietarako langile gehiago kontratatu: «Lantalde ona daukagu eta, barra txikia daukagunez, hiru pertsonarekin ondo moldatzen gara.
Ordu jakin batzuk, ordea, gogorrak izaten dira: «Mundu guztiak nahi du azkar artatzea eta pazientzia gutxi dago. Dena korrika egiten saiatzen garen arren, barra atzean gaudenok pertsonak gara eta bi esku baino ez ditugu».
Lanaz gain, parranda apur bat egiteko tartea ere aurkitzen dute, baina neurrian: «Arratsaldean libre izaten dugunez, egun batzuetan irteten gara, baina ezin dugu parranda asko luzatu, zeren goizean lanera bueltatu behar dugu», esan du Arriagak barrez.
«Badago ura gainetik botatzeko eskatzen dizun jendea»
Aitor Hernandez (Bilbogarbi)
Aitor Hernandez Bilbogarbiko langilea da. Urte askotan hainbat lan egin ditu Aste Nagusian, eta aurten ur eta desinfektatzaile kamioi bat gidatzea tokatu zaio, goizaldeko ordu txikietatik kaleak garbitzeko. Bere lanaldia 05.30ean hasten da eta, lankideekin batera, funtsezko lana egiten du jaiak egun bat baino gehiago luzatu ahal izateko.
12.00etan hartu gaitu, lanaldia amaitu ondoren. «Botiloia gero eta gehiago hazten ari da, eta poltsak eta botilak edozein txokotan aurkitzen ditugu. Nire zeregin zehatza, nire kidearekin batera, zaborra mahukekin leku jakin batera eramatea da, gero beste kide batzuek makinekin jaso dezaten».
Anekdotaren bati buruz galdetuta, era guztietako egoerak bizi izan dituela esan digu: «Edozein bazterretan lo egiten duen jendea, lurrean botatako mugikorrak eta diru-zorroak, mahukarekin ura gainetik botatzeko eskatzen dizun baten bat...». «Denetarik» badago ere, eta noizean behin parrandazaleren baten errespetu faltaren bat jasan behar izaten badute ere, normalean ez dute arazorik izaten. «Lana eskertzen digun jendea ere badago», adierazi du.
Ordutegi horiekin oso zaila da lana eta jaia uztartzea: «Hori langile bakoitzaren adinaren araberakoa da. Batzuek arratsaldeak aprobetxatzen dituzte jaiez pixka bat gozatzeko. Ni, goizeko 04.00etan kamioi bat gidatzeko altxatu behar izanda, gaueko 22.00etarako ohean egoten saiatzen naiz», azaldu du.
«Ez dago jakiterik zer salduko den gehien gau bakoitzean»
Jose Alejandro Ayala (Las Delicias txurro-denda)
Txurro, patata frijitu eta porra artean dabil Jose Alejandro Ayala, Aste Nagusirako Areatzan jarri ohi duten Las Delicias txurro-dendan. Parrandazale orok ezaguna du lekua, joan izan delako ordu txikitan soilik izaten den gose amorratuaz patata frijituak erostera edo, besterik gabe, txurroei darien usainarekin sabelaren erresistentzia probatzera.
Mostradorearen atzean izaten da Ayala, duela hainbat urtetatik. Esperientziak, ordea, ez dio aurreikuspenak egiteko gaitasun miragarririk eman: «Ez dago jakiterik zer salduko den gehien gau bakoitzean; batzuetan patata frijituak baino ez ditugu saltzen; besteetan, txurroak baino ez».
Gauez soilik ez, noski, egunez ere zabalik izaten dute txurro-denda, eta desberdintasuna nabarmena da txurrogilearentzat. Izan ere, egunean zehar bezeroak adeitsuak izaten dira, baina gauez izaten da behar bezala portatzea ahazten duenik.
Lana nahi beste izaten dute une oro. 400 bat dozena saltzen dituzte Aste Nagusian egunero-egunero.
Pasadizoren bat oroitzen ote duen galdetuta, ez zaio burura xelebrekeriarik etorri, iaz Bilboko Udaltzaingoa manteroei oldartu zitzaienekoa baizik. Gogoan du iskanbilak erdi-erdian harrapatu zituela, eta nola parrandan ari zirenek manteroen alde egin zuten.
Argi dauka zein den lanaren alderdirik txarrena: «Galdaran ibiltzea». Lehen egunetan bero izugarria egin badu ere, berdin-berdin frijitu behar dira txurroak eta gogorra egin zaio Ayalari.
Onetik zerbait ere badauka Aste Nagusian lanean ibili beharrak, edo behintzat, lortu du jai giroa salmahaitik ikusita ere gozatzea. Gainera, postua Arriaga aurrean dutelarik, badauka parada lantokitik bertatik Bilboko Konpartsek antolatzen dituzten ekintzetako asko ikusteko ere.
«Aste Nagusiak urtean zehar ikusten ez dudan jendearekin elkartzeko aukera ematen dit»
Musta Agharban Azarkan (Musta Argia eta Soinua)
Gehienoi gustatzen zaizkigu kontzertuak, txosnetako musika, DJak... Jaiak ez lirateke ezer horiek denak gabe, ezta Bilboko Aste Nagusia ere. Horrek guztiak behar bezala funtziona dezan, ezinbestekoa da soinu-teknikarien lana. Horretan aritzen da Musta Agharban Azarkan. Neketsua izaten da Aste Nagusia soinu teknikarientzat, Udalak muntatzen dituen agertokiak ez ezik txosna bakoitzak badaukalako bere soinu ekipoa eta, gehien-gehienek, baita eszenatokia ere. Aurten, besteak beste, Zaratas eta Txinparta konpartsetako soinu ekipoez arduratu da. Aitortu du gogorra izaten dela Aste Nagusian lan egitea, akatsek ez dutelako tokirik; «ez diot neure buruari horrelakorik egiten uzten». Muntaketak eurak ere desberdinak direla azaldu du, ez baita gauza bera kontzertu baterako ekipoa muntatzea edo bederatzi egunez funtzionatu behar duen muntaketa bat egitea.
Lana pilatzen zaie, txosnetako muntaketa finkoez gain kontzertuak eta erromeriak ere izaten dituztelako: «Sarritan izaten ditugu hiru muntaketa egun berean eta gogorra da». Hala ere, gustura egiten du bere lana.
Gauza txar bakarra azpimarratu du: burutik atera ezin izaten duen kezka. «Une oro kezkatuta egotea nekagarria egiten zait». Baina alde onak gehiago ditu; «Aste Nagusiak urtean zehar ikusten ez dudan jendearekin elkartzeko aukera ematen dit», adierazi du.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
