
Euskal Herria Kopa kolorez aldatu da. Eibarrek bere izena idatzi du palmaresaren 15. laukian, Realak eta Athleticek gaur arte eurena txandakatu ondoren. Talde donostiarra saiatu da hori saihesten baina batzuetan bere erasotzaileek asmatu ez izanak, beste batzuetan aurkariaren defentsa zorrotzak, Astralagak eta zutoinak ere, txapela bigarren urtez jarraian janztea eragotzi diote. Eibarrek, berriz, lehen abagunean asmatu du partida irabazteko.
Armaginen proiektua goitik behera aldatu da Yerai Martinek gidatutako hirurteko bikainaren ondoren baina ildo nagusi berberak mantentzen omen dira. Bere aurrekoak sinatu zezakeen hamaikakoa diseinatu du Iñaki Goikoetxeak eta gauza bera esan daiteke Eibarrek belarrean izan duen jokabideaz. Defentsa zorrotzari eman dio lehentasuna, nahiz eta bere hiru erasotzaileek presioa egiten zuten aurkariari arazoak sortzeko. Asmoa, gutxienez, hori zen, errealitatean Iara, Uranga eta Emma jokoan oso gutxi sartu badira ere lehen zatian, behintzat aurrelari gipuzkoarrak gola sartu duen arte.
Jokaldi erabakior hori heldu aurretik, Realak lana eman dio Laura Martiri. Atezain iritsi berriak ez du segurtasun handirik erakutsi eta bere atzelarien laguntza handia behar izan du atea hutsean mantentzeko. Dezente izan dute Garazik eta Carlak, ia arrisku guztia Lucia Rodriguezek eta Lucia Pardok osatutako Realaren eskuin hegaletik iritsi baita. Edna Imade min hartuta dagoenez, Arturo Ruizek puntan aurrelari zehatzik ez jartzea erabaki du.
Nerea Eizagirre izan da erasoko erantzunkizun handiena izan duen jokalaria baina taldeak ez du funtzionatu eta entrenatzaile txuri-urdinak bi aldaketa egin ditu lehen ordu erdia bete aurretik. Emma eta Moraza zelairatu dira, Guridi eta Maria Molinaren ordez. Kataluniakoa Lucia Rodriguezen aurretik kokatu da, Lucia Pardo erdirantz bultzatuz. Eizagirrek mugitzeko askatasuna irabazi du eta bere taldeak arrisku gehiago eta argiagoa sortu du.
Baina behin betiko pizgarria Eibarrek eman die donostiarrei, golarekin. 37. minutuan, Malen Urangaren presioak Estensororen akats potoloa eragin du, atezainak baloia jokoan jarri nahi zuenean. Aurrelari armaginak penalti puntu berean lapurtu dio, 0-1ekoa sartzeko. Amorratu egin da Reala eta atsedenaldirako falta ziren minutu gutxietan, asko estutu du berdinketaren bila. Carlak baloia lerro gainetik ateraz saihestu du azken unean.
Ate bietan egon da aldaketa atsedenaldian, Astralaga eta Arrularen sarrerarekin, baina partidak ez du larregi igarri; akaso Realak gola lehen zatian baino are modu hobeekin bilatzeko. Eibar gogor defendatu da eta berriro hozka egiteko ilusioa sortu zaio, minutuak igaro ahala aurkariaren etengabeko ahaleginak gasolina kontsumitzen ziola eta atzean zuloak irekitzera behartzen ziola ikusita. Hala ere, azken minutuetara arte aukera guztiak txuri-urdinek margotu dituzte. Lehen zatian ia progatonismorik gabe igaro ondoren, Aiara gehiago agertu da orain. Bere taldeak eskertu egin du eta bere aurkariak, sufritu; Patri Ojedak lehertuta utzi du zelaia.
Eizagirrek sinatuta hegal horretatik iritsi da partidako aukerarik argienetakoa. Kapitaina area barruan sartu da bi aurkari gaindituta eta bere jaurtiketa finak zutoinaren oinarrian jo du kornerrean amaitu aurretik.
Defentsa armagina tinko mantendu da eta, aldaketek sartutako oxigenoaz baliatuz, Goikoetxearen taldeak bigarren gola bilatu nahi izan du azken minutuetan. Oraingoan, Arrula izan da Sara Martinen jaurtiketa lerro gainetik atera duena. Eta ondoren, langa izan da madrildarraren falta zuzena urrundu duena. Beste aldean, Cahynovaren burukada langarekin topatu da, partidaren eromeneko azken txanpan.
Epaileak Ceciliaren gol bat ere baliogabetu du, jokoz kanpo baitzegoen aurrelari donostiarra, eta Eunateren geldiketa on batek ere golik gabe utzi du Reala partidaren azken unean.
Eibar: Martí (Astralaga, 46.min.); Patri Ojeda (Karol, 75.min.), Etxezarreta, Mireia, Carla, Garazi (Laura Camino, 60.min.); Altonaga (Iribarren, 75.min.), Belem; Iara (Sara Martín, 51.min.), Uranga (Guereñu, 60.min.) eta Emma Moreno (Valej, 60.min.).
Real Sociedad: Estensoro (Arrula, 46.min.); Lucía Rodríguez (Isasisasmendi, 75.min.), Apari (Cecilia, 82.min.), María Molina (Moraza, 27.min.); Andreia (Cahynová, 85.min), Paula Fernández, Guridi (Emma, 27.min.); Lucía Pardo, Eizagirre eta Intza (Soroa, 82.min.).
Epailea: Lidia Barragan (Gipuzkoa). Txartel oria Emmari (84’).
Golak: 1-0, 37.min.: Uranga.
Gertakariak: Euskal Herria Kopako 15. edizioaren finala, Dulantzin jokatuta.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

