NAIZ

Bridgestonetik zabaldutako hauts beltza garbitzeko lanak abiatu ditu Galdakaoko Udalak

Hauts beltz batek zikindu zituen pasa den ostiralean Galdakaoko Aperribai auzoko inguruan, Bridgestone enpresatik eratorritakoa izan zen. Udalak garbiketa lanak martxan jarri dituela adierazi du.

Bridgestonek eragindako hauts beltza.
Bridgestonek eragindako hauts beltza. (Galdakaoko udala)

Galdakoko Aperribai auzoko bizilagunek pasa den ostiralean «hauts beltza» antzeman zuten airean, ordu gutxiren buruan hauts horrek auzoko kaleak, autoak, espaloiak eta balkoiak hartu zituen, eta herritarren kezka eragin zuen. Hautsak sortutako zikinkeriari irtenbide eraginkorra emateko helburuarekin, Galdakaoko Udalak Aperribai auzoko garbiketa lanak indartu ditu, «kaleetan eta espaloietan pilatutako hauts beltza kentzeko dispositibo berezia bat aktibatuz».

Hasiera batean, Lakuak Basauriko Bridgestone lantegiko tximinia bat garbitzeko eta mantentzeko lanekin zerikusia izan zezakeela jakinarazi zuen. Hala ere, Bridgestone lantegitik zehaztu dute gertaeraren jatorria ostiral goizaldean enpresaren instalazioetan gertatutako ke beltzaren isuri bat izan dela, konposatu ez toxikoa, oso lurrunkorra.

Udalak adierazi du Lakuarekin zein enpresarekin harremanetan jarraitzen duela, enpresari erantzikizunak eskatu dizkiola azaldu du, eta «gertatutakoa azter dezala eta halakorik berriz gerta ez dadin neurriak hartzeko» eskatu dio. Gainera, eragindako kalteak bere gain hartu ditzala eta auzokideen eskaerak aintzat hartzea eskatu dio Bridgestoneri.

«Pazientzia» eskatu die bizilagunei Udalak, «izan ere, ke beltza material bereziki fina eta iraunkorra da, eta, beraz, neketsuagoa da eranbat kentzea». Datozen egunetan egoeraren jarraipena egingo duela baieztatu du udalak.