
Euskal kulturaren alde lan egiten duen Ipar Euskal Herriko irabazteko asmorik gabeko erakundea da Euskal Kultur Erakundea (EKE). Uztaritzen du egoitza eta «EKE sortuz geroztik, duela 35 urte, Estatuak ez zuen orain arte sekula apaldu bere dirulaguntza», argitu du asteartean kaleratu duen komunikatuan.
‘Euskal kultur erakundea lanjerean’ izenburu adierazgarriarekin zabaldu baitu EKEk agiri bat. Uztailaren 16an posta elektronikoz jakinarazi zitzaien dirulaguntzen murrizketa eta orain EKE-ko administrazio kontseiluan elkarteen ordezkariek beraien protesta jakinarazi dute.
Emailean, 2024ko urteari konparatuz, %15eko murrizketa iragarri zitzaion; hau da, Estatuak ematen dion dirulaguntzak 30.000 euroko murrizketa izango duela aurten. «Beherakada esanguratsu horrek kezka handia sortzen du EKE-ren bulegoaren baitan, bai eta hainbat galdera pausarazten ere, batez ere Estatuaren laguntzak ez duelako batere emendaketarik izan 2005etik hunat», argitu dute.
Are gehiago: «Epe laburrean, proiektu gehienak engaiatuak eta finantzatuak izan diren heinean, erabaki horrek gure elkartearen finantza oreka larriki arriskuan ezartzen du. Epe ertainean, gure diru partaide guziek lau urterako baliozkotu duten EKE-ren bide-orria zalantzan ezarria izanen da ondoko urteetan beherapen hori baieztatzen bada».
Ondorioak latzak lirateke, gainera, «lanpostu batzuk mehatxatuak eta elkartekideei ematen zaien dirulaguntza apaldua» izango direlako.
Bestalde, kezkatuak azaldu dira beste erakunde finantzatzaileek (Euskal Hirigune Elkargoa, Departamendua, Eskualdea) izan lezaketen jarreragatik, Estatuak «bat-batean bizkarra» eman diolako elkarteari.
«Azkenik, erabaki horrek Estatuak gure lurraldeko oinarrizko ezaugarriei aitortzen dien balioa galdetzera garamatza –diote–. Ulertzen dugu Estatua aurrekontu murrizketak egitera behartua izatea, eta kulturaren alorra ahalegin horretan laguntzera deitua izatea, baina funtsezkoa iruditzen zaigu azpimarratzea EKE ezin dela konpainia artistiko batekin edo ikuskizun gela batekin parekatu».
Haren diruztatzearen murriztea, EKE osatzen duten 200 elkarteei eta haien milaka boluntarioei kalte egitea dela diote, bai eta urtero laguntzen dituen 120 proiektuei ere. Honek «lotura sozialaren, kultura eskubideen eta herri sormen dinamikaren bektore den euskal kultur ekosistema oso bat ahultzea da», adierazi dutenez.
Eta bereziki, erakusten du, haien esanetan, «Estatuak ez duela heldu diren hamarkadetan euskara eta euskal kulturaren salbatzeak dakarren erronkaren handitasunaren neurria hartzen, ez eta EKE-k eginkizun horretan duen funtsezko eginkizuna kontutan hartzen ere».

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Chiapas limpia su escudo de símbolos de la conquista española

Dantzalekura itzulera

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro
