Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

35 filmek osatuko dute euskal ordezkaritza Zinemaldiaren 73. edizioan

Zinemaldiak euskal zinema babestuko du inoiz baino ekoizpen gehiagorekin, 38 guztira: 35 film eta 3 serie. Gainera, Zinemirak, Telmo Esnal eta Asier Altuna, tandem gipuzkoarra omenduko du haien ibilbide oparoagatik. Altunak, gainera, ‘Karmele’ filma aurkeztuko du 73. edizio honetan.

Zinemaldiak 73. edizioan parte hartuko duten euskal zinemako filmen aukeraketaren aurkezpena egin dute Tabakaleran.
Zinemaldiak 73. edizioan parte hartuko duten euskal zinemako filmen aukeraketaren aurkezpena egin dute Tabakaleran. (Andoni Canellada | FOKU)

Aurtengo Donostia Zinemaldiko 73. edizioan –irailaren 19tik 27ra– Euskal Herrian ekoitzitako zinemagintza inoiz baino indartsuago eta anitzago egongo da ordezkatua, 38 ekoizpenekin, ia iazko bikoitza: 27 film luze, 5 film ertain, 3 film labur eta 3 serie, sail ugaritan barreiatuta. Euskal sorkuntzak zinemaldiko atalik garrantzitsuenetan izango du lekua: Sail Ofiziala, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made In Spain, Belodromoa, Haurrentzako Zinema, Klasikoak, EITB Gala eta RTVE Gala. 

Aurkezpen-ekitaldian Tabakalerako zinema aretoan dozenaka pertsona bildu dira ostiral goizean: euskal zinemaren ordezkariak, hedabideak.... eta baita jaialdiaren zuzendari nagusi Jose Luis Rebordinos ere. «Aurten inoiz baino euskal ekoizpen gehiago izango ditugu», ospatu du Rebordinosek, eta komunikazio arduradunak, Ruth Perez Anucitak, berriz, Zinemira saria Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek jasoko dutela iragarri du.

Euskal zinemari dedikatutako sail bereziak, Zinemirak, aurten 13 proposamen jasoko ditu eta horietatik lau film luzek erabateko mundu estreinaldia izango dute jaialdi donostiarrean. Aldi berean, Irizar Saria jasotzeko hautagai izango dira Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, Alberto Rodriguez, Alauda Ruiz de Azua, Agustin Diaz Yanes, Asier Altuna, Irati Gorostidi Agirretxe, Marta Medina eta Enrique Lopez, Jon Arregui Larrazabal eta Miguel Angel Vivas. Beste behin, 20.000 euroko saria jasoko dute ekoizleek saria eskuratuz gero. Sari hau Donostia Zinemaldiak, Jaurlaritzako Kultura Sailak, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babesten dute, eta Euskadiko Filmategia, EPE-IBAIA eta Zineuskadiren laguntza dute, kolaborazio zabala erakutsiz. 

Zinemira saila

Inge Mendiorozek bere bigarren ez-fikzioarekin, ‘Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako’ biografiarekin, irekiko du Zinemira saila, kantagintzaren ikur honen bizitza ikuspegi berri batetik kontatuz. Amaiera, aldiz, Anuska Ariztimuñoren ‘Hombre bala’ lanak emango dio, Mikel Erentxun musikariaren bizitza errepasatuz. Mikelatxo Urbiren ‘Arg(h)itzen: torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen’ eta Gaizka Urrestiren ‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’ ere protagonista izango dira sail honetan.

Lehian ez dauden proposamenen artean, Zinemira sailak Jesus Mari Lazkanoren ‘Natura fugit’ animazio film laburra eta aurrez aipatutako Mendiorozen dokumentala proiektatuko ditu lehiaz at. Zinemaldiaren aurretik estreinatu izanagatik zortzi ekoizpenek ere parte hartuko dute sailean, baina Irizar sarirako lehian parte hartu gabe: Nacho Vigalondoren ‘Daniela Forever’, Patxi Bisquerteren ‘Ombuaren itzala’, Borja Cobeagaren ‘Los aitas’, Asier Urbietaren ‘Faisaien irla’, Oier Plazaren ‘Popel / Errautsak’, Sara Fantovaren ‘Jone, batzuetan’, elkarlanean zuzendutako ‘Itoiz udako sesioak’ eta ‘Gregorio Ordoñez, el asesinato que despertó la rebelión contra ETA’ dokumentala.

Euskal ekoizpenak gainontzeko sailetan

Euskal ekoizpenak Zinemaldiko sail ezberdinetan sakabanatuta egongo dira aurten ere, nazioarteko ikusleengana iristeko aukera zabalduz. Nabarmenenak, Sail Ofizialaren barruan Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian sartuko diren bi filmak: Moriarti ekoiztetxearen azken produkzioa batetik, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik zuzendurako ‘Maspalomas’, eta Alauda Ruiz de Azua zinemagile bizkaitarraren proposamen berria bestetik, ‘Los domingos’. Asier Altunaren ‘Karmele’ filma eta Koldo Almandozen ‘Zeru ahoak’ seriea Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan estreinatuko dira; Irati Gorostidiren ‘Aro Berria’, bere aldetik, New Directors sailean lehiatuko da, eta Jon Arreguik Culinary Zineman aurkeztuko du ‘Tetsu, txispa, hoshi’.

Horizontes Latinosen Diego Cepedesen ‘La misteriosa mirada del flamenco’ ikusteko aukera izango da; Zabaltegi-Tabakaleran Olaizola Lizarralderen ‘Bariazioak’; eta Nest sailean Inês Nunesen ‘A solidão dos lagartos’. Made In Spain sailak beste bost euskal film hartuko ditu: ‘Nosotros’, ‘8’, ‘La infiltrada’, ‘¡Caigan las rosas blancas!’ eta ‘Miss Carbón’.

Belodromoan, berriz, ‘Go!azen’ seriearen denboraldi berria eta ‘Euskal Herria Hegan’ programaren lehen atala aurkeztuko dira. Haurrentzako Zinema sailari dagokionez, ‘Heidi, katamotzaren erreskatea’ filma emango da. Eta Klasikoak sailean, zaharberritutako euskal film ertainak proiektatuko dira, hala nola, ‘Hamaseigarrenean aidanez’, ‘Ehun metro’, ‘Zergatik panpox’ eta ‘Oraingoz izen gabe’.

Bi ibilbide ospetsuren aitortza

Euskal zinemaren ibilbideari egindako ohorezko aitortza gisa ematen da Zinemira saria, eta aurten Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak izango dira omenduak Donostian ospatzen den gala handian. Bikote gipuzkoarra 1997tik elkarrekin aritu da zinemagintzan, eta ‘Txotx’ eta ‘Aupa Etxebeste!’ bezalako lanekin mugarri garrantzitsuak ezarri eta euskarazko zinema normalizatzen lagundu dute. Altunak, gainera, ‘Karmele’ film berria aurkeztuko du Zinemaldian, Kirmen Uribe idazlearen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ (Susa, 2016) eleberrian oinarritutako pelikula, eta bien ekarpen zabala Kimuak katalogoan ere ikus daiteke.

Zinemalditik nabarmendu dutenez, 73. edizio honetan euskal zinemaren presentzia erreferente bilakatu da, ekoizpenen kantitate eta kalitatean jauzi berria emanda. Zinemira sailak eta Irizar sariak euskal sorkuntzaren bultzatzaile izaten jarraitzen dute, artisten lana eta sortzaileen ekarpena publikoki aitortuz, eta Donostiako Zinemaldia euskal industriaren topaleku handi bihurtuz.

Urbilen ikusgai

Azkenik, zehaztu dute Zinemaldiaren zein Zinemiraren sustatzaile den Urbil merkatalgunearen lankidetzari jarraipena emateko, Zinemaldian programatutako hainbat film eskuragarri izango direla Urbileko zinema aretoetan. Zinemira sailean parte hartuko duen ‘Faisaien irla’ filmaren emanaldi bat egongo da eta Haurrentzako Zinema sailean hautatutako hiru filmen proiekzio bana egingo da Zinemaldiak irauten duen asteburuetan. Gainera, Belodromoko ‘Go!azen’ seriearen bi emanaldiez gainera, hilaren 25ean beste emanaldi bat egingo da bertan.