NAIZ

Trainerurik onenak ez ezik, patroirik onenak ere sarituko ditu 2025eko Kontxako Banderak

Irailaren 3ko eta 4ko sailkapen estropadekin jarriko dira martxan urteroko «arraunaren olinpiadak». Beste behin, Donostia arraunaren hiriburu bihurtuko da eta aurten, arraunlarien lana ez ezik, patroien «erreferente gisa betetzen duten zeregina» errekonozituko dute.

2025eko Kontxako Banderaren aurkezpena.
2025eko Kontxako Banderaren aurkezpena. (Maialen ANDRES | FOKU)

Arraun munduak oraindik badu liga ezberdinetako hitzordurik, maila igoera eta jaitsierak erabaki behar direlako batez ere, baina Donostiako Udalak ostiral honetan 2025eko Kontxako Bandera aurkeztu duelarik, arraunari loturiko berri guztiak bigarren mailan geratuko dira hemendik aurrera, urteroko «olinpiaden» gurpila martxan jarri baita.

Hala, urteroko liturgia jarraituz, garaileek astinduko dituzten banderak aurkeztu dituzte Donostiako alkate Eneko Goiak, Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak eta Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portua EKPko zuzendariak.

Aurten patroiek beren errekonozimendu propioa izango dute gainera, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen bitartez emakumezko eta gizonezko patroi onenak sari propioa izango baitute. «Aitorpen horren helburua da, figura horien gaitasun teknikoa saritzeaz gain, beren taldeen erreferente gisa betetzen duten zeregina ere azpimarratzea, koordinazioa, elkarrekiko konfiantza eta presiopean erabakiak hartzea errazten baitute», adierazi dute aurkezpeneko protagonistek sari berezi honen zergatia justifikatzeko.

Aitorpen hori nork merezi duen zehazteko erabiliko diren faktoreak honako hauek izango dira: «maisutza ziaboga egiteko orduan, zenbatgarren amaitu duen bere txandan, zigorrik ez jasotzea eta bi igandetan antzeko moduan jardutea».

Esan beharrik ez dago Donostiako kaiak hartuko duela arreta hurrengo bi aste luzeetan eta, ondorioz, zalez beteko dela. «Arraunaren munduko arreta osoa Donostian izango da berriz ere, gure hirian errotuen dagoen tradizioetako bati esker. Ehun urte baino gehiagoz, txoko guztietako arraunlariek nahi izan dute Kontxako Bandera irabazi. Kirol mailan duen garrantziaz gain, hitzordu honek kolorez betetzen du gure hiria, iraileko bi igandeetan taldeak animatzera etortzen diren milaka pertsonei esker. Horiek guztiak elkarbizitzaren eta kirolaren zein kulturaren bidez gozatzeko gogoaren adibide argia dira gainera», azpimarratu du honen harira Goia alkateak bere hitz-aspertuan.

«Beldurraren estrapada»

Baina Kontxako Banderaren lehian aritzeko sailkatu egin behar da lehenengo, hain famatu egin den «beldurraren estropada» gainditu behar delarik horretarako. Asteazkenean, irailaren 3an, emakumeen txanda izanda eta irailaren 4an, ostegunez, gizonezkoena. Txanda biak 18.00etan jarriko dira martxan eta bietan 21 traineruk bilatuko dute zazpi onenen barruan lekua egitea. Ezberdintasuna distantziari dagokio, emakumeek 1,5 itsas milia bete beharko dituztelako, gizonezkoen 3 itsas milia bete beharko dituzten bitartean.

Esan gabe doa gizonezkoen estropadari begira Donostiarra dagoeneko sailkatuta dagoela, baina aurtengo berritasunik nagusiena emakumeen sailkapen estropadan datorrela. Izan ere, pasa den maiatzean Donostiako Udalean bertan ezagutarazi zenez, Euskotren Ligan ondoen sailkatzen den Donostiako ontziak ordezkatuko du hiria Kontxako Banderan eta jakina denez, aurten Arraun Lagunak izango da zuzeneko pasea izango duen emakumezko taldea, are gehiago Euskotren Ligako irabazle den heinean.

Aurten «beldurraren estropadak» izena bere egingo du arraunlarientzat, uda honetan tokatu zaiena baino itsaso handiagoa aurkituko omen dute-eta, ia bi metroko olatuak aurkitzeraino. Ondorioz, arraunlariek erakusten duten indarraz gain argi ibili beharko dute ere itsasoak jarri behar dituen oztopo guztien aurrean.

Irailaren 7an eta 14an jokatuko dira, jakina denez, 2025eko Kontxako Banderari dagozkion estropadak. 11.00etan hasiko dira emakumeen estropadak eta 12.00etan jarriko dira martxan gizonak.

Kartela, sariak eta sarrerak

Sariei dagokienez, guztira 85.500 euro banatuko dira bi modalitateetan eta aurten ere kopuru berbera zuzenduko da berdin emakumeentzat zein gizonentzat: 25.000 euroko sari ekonomikoa eta bandera jasoko dituzte lehenengo postuan sailkatutako tripulazioek. Gainera, eskifaia irabazleen arraunlari bakoitzak banderaren miniaturako erreplika bat jasoko du, estropadan izandako parte-hartzea gogorarazteko.

Horrez gain, bi igandetako denborak kontuan hartuz, denbora onena egiten duen Gipuzkoako traineruari ADEGI saria banatuko da –emakume zein gizonezkoen artean– 7.500 euroko saria eta garaikurra, traineru baten erreprodukzioa, emango dizkie. Horrez gain, maillot bana emango die estropadan gehien nabarmendu diren emakumezko eta gizonezko patroiari.

Banderak eta sariak aurkezteaz gain, Joseba Larratxe Berazadi "Josevisky" irundarrak egindako kartela aurkeztu dute ere. ‘Itsaso handia’ izena du eta ukipen-pantailako marrazki digitalaren teknikarekin eginda dago. Bertan, denboraren igaroa erakutsi nahi izan du artistak; «zenbat denbora igaro den baleazaleen garaitik gaur egunera arte; eta gaur egungo kirolariek ere itsaso izugarri eta errukigabe batean lehiatzen jarraitzen dutela. Era berean, hausnarketa bat ere planteatzen du: zer da handiagoa, arraunlarien ausardia ala itsasoa bera?»

Estropadak Pasealeku Berritik, Urgulletik, kaitik eta Alderdi Ederretik ikusteko, prezio hauek ezarri dira: 4,50 eurotan sarrera orokorra; 2,20 euro sarrera murriztua dutenentzat, langabeak, pentsiodunak eta 30 urtetik beherakoak; doan 12 urte arteko haurrentzat; 9 euro tribunara sartzeko –dohainik 5 urtera arteko haurrentzat eserlekurik okupatzen ez badute–.

Sarrerak erosteko bi modu egongo dira: batetik, estropada egunean bertan, sarbideetan kokatuta dauden leihatiletan, 9.30etik aurrera; eta bestetik, ostiral honetatik aurrera, www.donostiakultura.eus/sarrerak interneteko helbidean.

Irailaren 3an eta 4an, tribunara sartzeko bakarrik beharko da sarrera. Arestian aipatutako webgunean, Victoria Eugenia antzokiko leihatilan eta tribunaren ondoan kokatuko del leihatilan erosi ahal izango dira sarrera horiek.