NAIZ

Urruzunoko irabazleek euskal kulturan murgiltzeko egonaldia egin dute Oiartzunen

Urruzuno Literatur Lehiaketaren 40. edizioko irabazleak euskal kulturan murgiltzeko egonaldia egin dute Oiartzunen. Hogei bat gaztek hartu dute parte literatura tailerretan eta idazketarekin eta sormenarekin lotutako jardueretan parte hartu dute.

Egonaldian parte hartu duten gazteak.
Egonaldian parte hartu duten gazteak. (EUSKO JAURLARITZA)

Urruzuno Literatur Lehiaketak 40. edizioa ospatu du aurten, eta egun hauetan irabazleak literatur egonaldi batean bildu ditu. Hogei bat gaztek literatura tailerretan eta idazketarekin eta sormenarekin lotutako jardueretan parte hartu dute Oiartzunen.

Lakuako Hezkuntza Sailak egonaldi bat eskaintzen die Urruzuno 2025 literatur lehiaketako irabazleei, erreferentziazko sortzaile eta egileen bitartez euskal kulturara hurbiltzeko. Egun hauetan Oiartzunen daude, Leire Bilbao, Yolanda Arrieta, Juan Kruz Igerabide eta Tere Irastorza idazleekin literatur tailerrak egiten. Horrez gain, Andoni Egaña eta Maddalen Arzallus bertsolariekin eta Gari abeslariarekin topaketa sortzaileak partekatzeko aukera izan dute euskal kulturaren beste esparru batzuetan.

Urruzuno lehiaketan nabarmendu diren ikasleek beren literatur lanen aintzatespena jaso zuten joan den ekainean Donostiako Miramar jauregian egin zen ekitaldian. Hezkuntza Sailaren lehiaketa horrek 40 urte daramatza euskal literatur bokazioen lekuko izaten. Egungo idazle askok parte hartu izan dute lehiaketa horretan, eta irabazleen artean euskal literaturan ez ezik, bertsolaritzan, kazetaritzan edo kultur sorkuntzaren beste edozein arlotan ere, izen handikoak daude.

Lakuako Hezkuntza Sailak nabarmendu du egungo obrak euskal gizartearen aniztasunaren eta konplexutasunaren isla direla. Hezkuntza sailburuak azaldu zuenez, ikasleen lanetan «paisaia, sinesmen eta harreman berriak, idazleen erreferentzia berriak, hizkuntza eta kultura berrietarako keinuak, maitasun harreman anitzagoak... aurki daitezke, XXI. mendeko Urruzuno lehiaketako testuetan agertzen diren munduari begiratzeko modu berriak».

Honakoak izan dira aurtengo irabazleak eta egonaldian parte hartu dutenak: Mara Albistur Gurrutxaga (Orereta Ikastola, Errenteria), Naroa Asensio Gaston (Aita Larramendi Ikastola, Andoain), Elene Azurmendi Larrion (Beasain BHI, Beasain), Araitz Bastegieta Bidaguren (Gernika BHI, Gernika-Lumo), Jone Berrizbeitia Munitxa (Ibaizabal Ikastola, Durango), Maider Cabezas Fuentes (Itxaropena Ikastola, Trapagaran), Jasone Gabiria Mendiolea (IES Arratia, Igorre), Enara Gallastegi Barrenetxea (IES Arratia, Igorre), Irati Gallastegi Molero (Fray Juan de Zumarraga BHI, Durango),  Iñigo Gómez Rodriguez (Colegio San Vicente de Paul, Barakaldo), Aiora Jauregi Pagalday (Beasain BHI, Beasain), Aichatu Lamin Nafa (IES Miguel de Unamuno, Gasteiz), Gara Medrano López (IES Botikazar, Bilbo), Haizene Merino Perez (Ander Deuna Ikastola, Sopela), Izaro Pagalday Aburto (Lauaxeta Ikastola, Zornotza), Uxue Piris Palomero (Herri Arte Eskola, Errenteria), Joanes Plazaola Ricondo (Urretxu-Zumarraga Ikastola, Urretxu), Ioritz Ramos Otxoa (Orereta Ikastola, Errenteria), Katalin Respaldiza Urigoitia (IES Arratia, Igorre), Garazi Retegi Egia (Fray Juan de Zumarraga BHI, Durango), Leire Sarasola Auzmendi (Beasain BHI, Beasain), Aixa Vilas Moreno (Herri Arte Eskola, Errenteria) eta Alain Waliño Etxabe (Zumaia BHI, Zumaia).