NAIZ

Fagor Herrigintza programaren laugarren deialdia martxan da

Fagor Herrigintza lankidetza programaren laugarren edizioan gizarte egitasmoak aurkezteko deialdia irekita dago, irailaren 30 arte. 60.000, 40.000 eta 20.000 euroko hiru laguntza banatuko ditu.

Fagor Herrigintza programaren laugarren edizioa abian da.
Fagor Herrigintza programaren laugarren edizioa abian da. (FAGOR)

Fagor Herrigintza lankidetza programan parte hartzeko deialdi berria ireki da astelehen honetan, eta irailaren 30 arte egongo da zabalik. «Euskal Herri hobe baten alde» lanean ari diren gizarte eragileen egitasmoak laguntzeko programa da, eta laugarren edizioa du aurtengoa. Fagor Taldeak komunitatearekin eta, oro har, gizarte erronkekin duen konpromisoa da egitasmo honen oinarria.

Ohi moduan, hiru laguntza banatuko ditu: 60.000 eurokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa. Eragileak berak aukeratuko du zein laguntza lerrotan aurkezten duen bere proiektua. Proiektuak fagor.eus webgunearen bidez aurkeztu beharko dira, eta dokumentazioak euskaraz egon beharko du gutxienez.

Aurten ere Fagorreko kooperatibetako bazkideek aukeratuko dituzte Fagor Herrigintza programaren bidez laguntzak jasoko dituzten hiru proiektuak. Hala, kooperatiba taldeak bere webgunean argitaratuak dituen oinarrien araberako balorazioa eginda, laguntza lerro bakoitzeko hiru proiektu izango dira bozketa fasean –guztira, bederatzi proiektu izango dira bozketa fasean–. Azaroan egingo da bozketa, eta abenduko lehen hamabostaldian jakinaraziko da emaitza.

«Askotariko proiektuak lagundu dira azken urteotan Fagor Herrigintzaren bidez, barrura begirakoak zein nazioarteko elkartasunari loturikoak. Deialdi ireki honen helburua da Euskal Herriko eragile orori ematea Fagorren gizarte laguntza jasotzeko aukera, eta, hein batean, egunez egun egiten duten lana eta ahalegina aitortzea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak.

Euskal gizartetik sortutako ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortu zen Fagor Herrigintza 2022an. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propio eta berritzaileak emateko lan egiten duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagorrek. 

Aurreko hiru edizioetan honako egitasmoak lagundu ditu: 2022an, Zaporeak elkartea (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitarioa (40.000 euro) eta Seaska ikastolen federazioa (20.000 euro).

2023an, Biolur (60.000 euro), Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa (40.000 euro) eta Iñurri elkarteak (20.000 euro) jaso zituzten laguntzak.

Iaz, berriz, Hiruatx (60.000 euro), Txintxirri ikastola (40.000 euro) eta Ihitten (20.000 euro) izan ziren aukeratuak.