NAIZ

Hezkuntza Departamentuak D ereduko lerro bat irekitzea galarazi du Corellan, ELAk salatu duenez

Nafarroako Hezkuntza departamentua euskara irakasteko prozesuan oztopo izatea kritikatu du ELAk. Hain zuzen, sindikatuak salatu du departamentuak eskola-mapa aldatu duela eta aldaketa hori dela eta, Corellako hamaika familiei ukatu zaiela ikasturtea D ereduan hastea.

Corellako eskola publikoa.
Corellako eskola publikoa. (CORELLAKO UDALA)

Ikasturte honetan Corellako D ereduan hastea ukatu zaie hamaika familiei. Nafarroako Hezkuntza departamentuak galarazi egin du, nahiz eta aurrematrikulaziorako gaitutako epean, 2025eko martxoan, familiek eredu hori aukeratu zuten, ELA sindikatuak asteazken honetan jakinarazi duenez. Sindikatuaren ustez, «erabaki honek, ondorio praktikoetan, ikasleei euskara ikasteko eskubidea ukatzea dakar».

Departamentuak esan du eskola-mapa aldatu behar duela lehenengo eredua ezarri ahal izateko, «baina ez da horrela», salatu du ELAk: «Izan ere, orain lerroa ireki dezake eta aldaketa hori aurrerago egin. Egin duen interpretazio zorrotz honek talka egiten du Departamentuak PAI ezartzeko eta iraunarazteko duen jarrera tematiarekin. Horretarako, gai da Nafarroan irakasle talde partikular bat sortzeko edo Nafarroako Arartekoaren gomendioei jaramonik ez egiteko. Argi dago programa jakin batzuk sustatzeko denak balio duela, eta euskarazko irakaskuntza denean, ordea, dena direla eragozpenak, oztopoak eta atzerapenak».

ELAk gobernuko kideak diren Geroa Bai eta Contigo Zurekin alderdiei eta gobernua kanpotik sostengatzen duen EH Bilduri eskatu die erabakia ontzat eman ez dezatela eta Hezkuntza Departamentuari erabakia lehengoratzeko presioa egin diezaiotela, familien borondatea errespetatu dadin eta ikasturte honetatik bertatik D eredua martxan jar dadin.