NAIZ

Klasikoak sailean hamabi lan bilduko ditu Zinemaldiak

Christian-Jaque, Jorge Fons, Antonio Gimenez-Rico, Stanley Kubrick, Yoshimitsu Morita eta Manoel de Oliveiraren lanak eskainiko dira Zinemaldiaren Klasikoak atalean. Baita Jose Julian Bakedanok, Xabier Elorriagak, Anjel Lertxundik eta Alfonso Ungriak zuzendutako euskarazko film ertainak ere.

Julian Bakedanoren ‘Oraingoz izen gabe’ filmaren irudia.
Julian Bakedanoren ‘Oraingoz izen gabe’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)

Klasikoak sailak –zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituenak– hamabi lan bilduko ditu Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, hala nola Christian-Jaque, Jorge Fons, Antonio Gimenez-Rico, Stanley Kubrick, Yoshimitsu Morita eta Manoel de Oliveiraren lanak.

Obra horiez gain, Urrezko Maskorra irabazi zuen ‘Furtivos’ (Jose Luis Borau, 1975) ere emango da inaugurazio-film gisa (mende-erdia beteko du pelikulak aurten), baita 80ko hamarkadan Jose Julian Bakedanok, Xabier Elorriagak, Anjel Lertxundik eta Alfonso Ungriak zuzendutako euskarazko film ertainak ere.

Zinemaldiko eta Euskadiko Filmategiko arduradunek, Jose Luis Rebordinosek eta Joxean Fernandezek, zaharberritutako lanen hautaketa ezagutarazi dute asteazken honetan Tabakalerako zinema-aretoan. Elkarrekin aurkeztu dituzte Klasikoak ekimena osatzen duten hiru programazioetako kartelak: Zinemaldiaren izen bereko saila, haren atzerabegirako klasikoa (edizio honetan Lillian Hellman gidoilariari eskainia) eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatutako hiru hilabeteko zikloa, urte honetatik aurrera urrian hasiko dena. Hiru hilabeteko zikloari dagokionez, Alfred Hitchcocken Notorious klasikoak (1946) inauguratuko du, eta Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen proiektatuko diren hamalau filmetako lehena izango da.

Horrela, guztira, Klasikoak sailean 42 film eskainiko dira irailetik abendura bitartean, klasiko nola zahar hala modernoen 124 emanalditan banatuta (film ospetsuak ez ezik, aurkikuntzak ere biltzen dira). Klasikoak, honenbestez, denboran eta espazioan hedatutako zinema klasikoko jaialdia da. Programa horrek, Jose Luis Rebordinosen hitzetan, «ez dio nostalgiari heltzen, oroitu eta memoria egin beharrari baizik». Horren ildotik, hau azpimarratu du: «Kultur erakunde garen aldetik, zinema-jaialdiok eta filmategiok betebeharra dugu orainera ekartzeko iraganeko zinema, nola ikus-entzuleek ezagutzen dituzten klasikoak hala oraindik deskubritzeke dauden harribitxiak. Obra horiek berreskuratzeak berrinterpretazio berriak pizteko balio du, orainaldiarekin ez ezik, pelikula horiek etorkizunarekin ere lotzeko, zergatik ez».

Louis Jouvetek antzeztutako gizon baten mendekua da Christian-Jaqueren (1904-1994) ‘Un revenant’ (1946) filmaren abiapuntua. Zuzendari frantziarrak –Cannesen zuzendari onenaren saria eta Berlinen Zilarrezko Hartza irabazi zituenak ‘Fanfan la Tulipe’ (1952) filmarekin– Singoallarekin (1953) ere parte hartu zuen Donostia Zinemaldiaren lehen edizioan, eta hiru urte geroago Donostiara itzuli zen ‘Si tous les gars du monde...’ (1956) pelikularekin (izan ere, atzerriko film baten gidoi onenaren saria jaso zuen).

Salma Hayek, Bruno Bichir, Ernesto Gomez Cruz eta Maria Rojo dira ‘El callejón de los milagros’ (1994) filmaren –Klasikoak sailari amaiera emango dionak– antzeztaldeko aktorerik nabarmengarrienak. Naguib Mahfuzen eleberriaren egokitzapen ezaguna da, Jorge Fonsek (1939-2022) zuzendua, aipamen berezia jaso zuena Berlinalen. Mexikoko zuzendari ospetsuak Epaimahaiaren Sari Berezia beretu zuen Donostian ‘Rojo amanecer’ (1990) filmarekin, Zinemaldiko Sail Ofizialean ‘Los cachorros’ (1975) pelikularekin parte hartu eta urte batzuk geroago.

Antonio Gimenez-Rico (1938-2021) da ‘Vestida de azul’ (1983) ez-fikzioaren egilea; obra aitzindari horrek emakume transei ikusgarritasuna emateko balio izan zuen Estatu espainoleko trantsizioaren urteetan. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zion hasiera pelikulak bere ibilbideari, eta duela bi urte, estreinaldiaren 40. urteurrena ospatu zuen memoria eta aktibismo transari buruzko elkarrizketa batekin.

Barry Lyndon (1975) filmak –Stanley Kubricken (1928-1999) obra ospetsuenetako batek– anbizio handiko eta eskrupulurik gabeko gazte irlandar baten (Ryan O'Neal) gorabeherak kontatzen dizkigu. Zinemagile britainiarraren hamargarren lanak zuzendari onenaren BAFTA lortu zuen, lau Oscar sariz gainera zuzendaritza artistiko, argazki, soinu-banda eta jantzien diseinu onenen kategorietan.

‘Kazoku gemu / The Family Game’ (1983), Yoshimitsu Morita zinemagile japoniarrarena (1950-2011), komedia ziniko eta surrealista bat da, itxuraz normala den familia baten baitan ezkutatutako arazoei maisutasunez eta umorez heltzen diena. Filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema jaialdian.

Azkenik, Manoel de Oliveiraren (1908-2015) –Portugalgo zinemaren patriarka izan zenaren– lehen lana ere erakutsiko du Klasikoak sailak. Filmak zuzentzen ia 80 urte eman zituen zinemagilaren lehen film luzea, ‘Aniki Bóbó’ (1942), Duero ibaiaren ertzeko haurtzaroaren erretratua da, 40ko hamarkadako Portoko etxe, eskola eta kalexken artean.

Duela gutxi iragarri zen bezala, 1935tik 1999ra bitartean estreinatutako 16 film luzez osatuta egongo da Lillian Hellman gidoigile estatubatuarrari eskainitako atzerabegirakoa. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatuta, Filmategia espainiarrarekin batera, zikloak Hellmanen lana errepasatuko du. Hollywood klasikoaren funtsezko figura izan zen Hellman, eta zinemagile ugarirekin egin zuen lan: William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle, George Roy Hill, etab.

Jarraipena

Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak Klasikoak programazioarekin jarraituko dute urria eta abendua bitartean. Zikloa udazkenean izango da edizio honetatik aurrera (lehen udaberrian egiten zen), eta Notorious (Alfred Hitchcock, 1946) proiektatuko da. Protagonistak –Ingrid Bergman eta Cary Grant– dira edizio horretako kartelaren irudi. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren hitzetan, «bi antzezleek modu ikonikoan irudikatzen dute zineman klasikotzat jotzen dugunaren irudia bera; gainera, Hitchcocken maisulanetako bat da Notorious, eta derrigorrezko erreferentzia espioitza eta suspensezko zinema erromantikoaren generoan, zikloa hasteko modu ezin hobean gainera».

Era berean, Fernandezek ekimen partekatu honen garrantzia azpimarratu du: «Donostia Zinemaldiarekin batera egindako lanak eta beste zinemateka batzuekiko elkarlanak gure sarea indartzen du nola Euskal Herrian hala nazioartean, zinemarik onena aurkitu edo berrikusteko aukera ematen du, eta kultura zinematografikoa transmititzeko gure ataza ukaezinarekin jarraitzeko aukera ematen du».

Egitarau osoa, hamalau pelikula eta saio bikoitz berezi bat izango dituena, irailaren amaieran iragarriko da. Emanaldiak Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen izango dira. Lehenengo emanaldia urriaren 1ean izango da, Gasteizko Artium Museoan.