
Maderas de Llodioko Enpresa Batzordeak ohar baten bidez jakitera eman duenez, enpresarekin astelehenean izandako bileran jakin zuten kaleratze kolektiboa ezarri nahi duela zuzendaritzak. Hurrengo bilera hilaren 9an egitekoak direla zabaldu du Aiaraldea hedabideak.
Fabrikako Enpresa Batzordeak, zeinetan LAB sindikatuak gehiengoa duen, «kezka eta gaitzespen sakona» adierazi ditu oharrean, zuzendaritzak egindako komunikazioaren aurrean. Izan ere, adierazi dute prozedura abiarazteko asmoa zehaztasun gehiago azaldu gabe mahaigaineratu zutela eta «langileen egonkortasuna arriskuan jar dezaketen» beste neurri batzuk hartzeko asmoa ere badaukatela.
Halaber, azpimarratu dute enpresak erabakia hartzeko aukeratutako momentua, hitzarmenaren negoziazio-prozesu bete-betean baitaude eta, enpresa batzordearen arabera, hainbat puntutan adostasuna lortzen ari ziren. Hala ere, irailaren 1ean zuzendaritzako «elkarrizketaren dinamika hautsi eta neurri zorrotz eta aldebakarraren aldeko apustua egin zuen, zuzenean langileen etorkizunaren aurka».
Era berean, Enpresa Batzordeari «guztiz onartezina» iruditzen zaio asmoa komunikatzeko modua: «Bilerarik aurrez deitu gabe, xehetasun handirik eman gabe eta plantan zeuden ordezkariei modu inprobisatuan helaraziz». LABen arabera, jokabide hori ez da errespetuzkoa eta lan-harremanetan «egon behar duen gutxieneko formaltasuna» urratzen du.
Hori dela eta, Enpresa Batzordeak argi utzi nahi izan du ez duela Maderas de Llodio enpresaren kaleratzerik onartuko eta prozedura «berehala» erretiratzeko exijitu dio enpresari, hitzarmenaren negoziazioari berriz ekiteko. Horrela jakinarazi diote idatziz ere zuzendaritzari.
Horrela, LABek lanpostu guztiak eta langileen eskubideak defendatzeko konpromiso «irmoa» adierazi du eta aurreratu du datozen egunetan egitekoak diren bileran erabakiko dutela neurriari eman beharreko erantzun kolektiboa nola artikulatu.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
