
Gazan gertatzen ari den sarraskia ikusita, inon ez dago garailerik. Hauxe gertatu da asteazken honetan Vueltan. Lasterketak 11. etapa bizi du, Bilbotik hasi eta Bilbon amaitutako jardunaldian. Tartean, azken egunetan gertatu bezala, aldarrikapen garrantzitsuak egon dira Israelen kontra eta Palestinaren alde, eta arrazoi honengatik hain zuzen ere oso gutxitan ikusi dena gertatu da: antolatzaileek 3 kilometro aurreratu dute helmuga, «segurtasunagatik» bertan zeuden zale ugariengatik, eta ez da garailerik izan.
Denbora, ordea, bai hartu dutela kontutan, eta hor Jonas Vingegaard (Visma) liderra 'onuradun' atera da, Tom Pidcockekin batera amaitu baitu etapa, atzetik zetozen beste faboritoei –Joao Almeida tartean– hamar bat segundo ateraz.
Honek guztiak, nola ez, kirol arloa bigarren plano batean utzi du. Etapa, ordurarte, interesgarria eta emozioz beterikoa ari zen izaten. El Viveroko lehen igoeran, gainera, Mikel Landa (Soudal) izan da protagonista. Arabarrak aurrera egin du bakarka helmugarako 56 kilometroren faltan, eta ez dio inork jarraitu.
Gaurko etapan leihakorra izan nahi zuela aitortu du jardunaldia hasi aurretik, eta bete egin du. Murgiako txirrindulariak bakarka lortu du gailurrera iristea, baina jaitsieran Santiago Buitrago kolonbiarra (Bahrain) gehitu zaio.
Atzetik zetozen Victor Campenaerts (Visma), Eddie Dunbar (Jayco-AlUla), Pierre Rolland (Arkea), Juan Guillermo Martinez (Picnic) eta Kamil Bonneu (Intermarche) gizonengandik 35 segundora zeuden.
Hala ere, helmugarako 32,5 kilometroren faltan, Landak ezin izan dio erritmoari eutsi. Arabarrak eroriko itsusia jasan zuen Giroko lehen etapan eta hilabete dezente pasa ditu hautsitako T11 ornoa osatzeko. Asteazken honetan gorputzak erritmoa jaisteko esan dio.
Viveroko bigarren igoeran Joao Almeidak (UAE) erritmoa bizitu du eta atzetik atera zaio Jonas Vingegaard liderra. Oraindik aurretik zihoan Buitrago malda gainean harrapatu dute. Eta Pike igotzen hasi aurretik, antolatzaileek inork espero ez zuena komunikatu dute: helmuga 3 kilometro aureratuko zen eta ez zen garailerik egongo; bai, ordea, kontutan hartuko zirela denborak.
Pidcock eta Vingegaard bakarrik geratu dira Pikeko jaitsieran, etapa amaitu den puntuan hamar bat segundoko aldea ateraz atzetik zetozen Joao Almeida, Jai Hindlei, Matteo Jorgenson edota Felix Galli. Hortxe amaitu da etapa aldarrikatzaile eta arraro hau.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena


