Peli Lekuona | Iraia Cambra

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua: «Gobernuak herritarren ahoa itxi du»

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak haserre jaso du Lakuaren Gobernu Kontseiluak emandako irizpen negatiboa, zeinak baztertu egin duen pentsioen osagarria proposatzen zuen herri-ekimen legegilea. Ana Mezo mugimenduko kideak NAIZ irratian salatu duenez, Lakuak herritarren ahoa itxi du.

Audio_placeholder

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua: «Gobernuak herritarren ahoa itxi du»

Loading player...
Ana Mezo hedabideei adierazpenak eskaintzen.
Ana Mezo hedabideei adierazpenak eskaintzen. (Marisol Ramirez | FOKU)

Lakuaren Gobernu Kontseiluak pentsioen osagarria proposatzen zuen herri-ekimen legegilea baztertu du, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua haserre dago. Ana Mezo bertako kideak osasun ekonomikoari eta laguntzen «bikoiztasunari» buruzko argudio «oso sinpleak» erabili direla salatu du NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan. Euren ahotsa isilarazi dutela sentitzen du: «Gobernuak herritarren ahoa itxi du, eta horrek demokrazia parte-hartzailearen atea ixtea dakar».

Mezoren esanetan, ez zuten inondik espero irizpen negatiboa, are gutxiago komunikabideen bidez jasotzea erabakia: «Ez genuen inolako komunikazio ofizialik jaso. Erabakiaren berri prentsaren bidez izan dugu. Errespetu faltatzat hartzen dugu».

Gainera, uste du erabilitako argudioak «oso arinak eta patxadarik gabeak» direla eta ez dutela kontuan hartu urtebeteko lana, 145.000 sinadura baino gehiago eta gizartearen babes zabala.

Irailaren 25a

Gasteizko Legebiltzarrean irailaren 25ean egingo den osoko bilkuran erabakiko da lege proposamen hau eztabaidatuko den ala ez. Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaria argi mintzatu da: «Gaur egungo gobernua osatzen duten bi alderdi politikoek —EAJ eta PSE— iritzia aldatzen ez badute, eztabaida bera ere ez da izango. Horrek esan nahi du demokraziari atea itxi zaiola».

Aipagarria da Gasteizko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek ekimena legezkoa dela ondorioztatu dutela. Hortaz, Ana Mezorentzat argi dago: «Erabakia ez da teknikoa, politikoa baizik. Legearen arabera, gure proposamena araudira egokitutakoa da. Gobernuak ez badu aldaketarik egiten, agian gobernua bera aldatu beharko da».

 

Mobilizazioak

Irailaren 25eko osoko bilkura garrantzitsua izango da, eta egun horretarako mobilizazio sendoa aurreikusi dute pentsiodunek. Horrez gain, gaur bertan prentsaurreko bat egingo dute Gasteizen, Legebiltzarraren parean. Bertan zehaztuko dituzte datozen asteetako ekintzak.

 

Pobreziaren atarian

Gaur egungo datuek ere agerian uzten dute proposamenaren premia. NAIZek argitaratutako datuen arabera, 240.000 pentsiodun inguru ez dira lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen, eta horietatik %7k soilik jasotzen dute diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE). Mezok goera hori «porrota» dela kritikatu du: «Zerbait gaizki dago sistema batean, baldintzak betetzen dituztenen artean %7k bakarrik jasotzen badute laguntza hori».

Emakumeek pairatzen dute egoerarik okerrena: «Emakumeak dira kaltetu nagusiak. Bizitza osoa lanean ibili dira, zaintza lanetan, normalean ordaindu gabe. Eta lan merkatuan parte hartu dutenean, lan prekarioetan. Horregatik ez dute kotizatu, eta orain babesik gabe geratzen dira». Diru sarrerak bermatzeko errentak ez ditu norbanakoak kontuan hartzen unitate ekonomiko gisa, baizik eta etxeko diru-sarrera osoa. Hori dela eta, emakume askok ezin dute laguntza hau jaso. Herri-ekimenak, aldiz, banakoaren egoera hartzen du kontuan: «Gure proposamenak norbanakoa jartzen du erdigunean. Horregatik da justuagoa».

Testuinguru honetan, mobilizazioak prestatzen ari dira pentsiodunak. Irailaren 25eko osoko bilkura garrantzitsua izango da, eta egun horretarako mobilizazio sendoa aurreikusi dute. Horrez gain, ostiral honetan bertan prentsaurreko bat egingo dute Gasteizen, Legebiltzarraren parean. Bertan zehaztuko dituzte datozen asteetako ekintzak.

Gobernuari zuzendutako bilera eskaera ere eginda dago, baina, momentuz, ez dute inolako erantzunik jaso. «Guk ofizialki eskatu dugu Mikel Torresekin bilera egitea eta txosten juridikoa ezagutzea. Oraindik ez dugu erantzunik jaso», azaldu du Ana Mezo Pentsiodunen Mugimenduko kideak.