Andoni Arabaolaza

12 urte dituen Leo Cea eskalatzailea gogor lotu da bederatzigarren mailara

Gorges du Loup-era (Estatu frantziarra) eginiko bisita batean, haur horrek “Trip tik tonic” bidea (9a) sei egunetan sinatu du. Frankenjuran (Alemania), berriz, gai izan da “Wallstreet” (8c) historikoa kateatzeko.

Leo Ceak 12 urte baino ez ditu, baina haurraren izena kirol eskaladan berezko lekua hartzen ari da. Eskalatzaile txiletar honek, adibidez, badu harro sentitzeko argudiorik: 9a maila egiten eskalatzaile gazteena da. Hain zuzen ere, zailtasun hori iaz, 11 urterekin, erdietsi zuen. Bikain ezagutzen dutenek diote Ceak ez duela mugarik, eta dagoeneko hainbat babesle eta entrenatzaile haurraren atzetik daude progresioan lagundu ahal izateko.

Udako oporrak amaitu zaizkio Ceari, baina aurreratu behar dugu ondo baino hobeto aprobetxatu dituela. Adibidez, Frankenjurara eginiko bisita batean, “Wallstreet” bidea (8c) oso azkar kateatu zuen. Gogoratu behar dugu marra hori munduko lehen 8c izan zela. Hortaz, ibilbide historiko batekin egin da.

Alemaniatik Estatu frantziarrera joan zen helburu oso erakargarri bat probatzera: “Trip tik tonic” (9a). Gorges du Loup-en dagoen ibilbide hori Theo Blass frantziarrak eskalatu zuen 12 urte eta 9 hilabete zituela. Cearen xede nagusia bidearen igoera goiztiarrena lortzea zen, eta, espero zen bezala, arrakasta lortu du.

Beste behin, lerrotako protagonistak erakutsi du estilo ezberdinetan bikain moldatzen dela. Horrekin esan nahi dugu “”Wallstreet”-ek eta “Trip tik tonic”-ek ezaugarri oso ezberdinak dituztela. Haurraren senitartekoek aurreratu dute “Trip tik tonic”-en progresio oso azkarra izan zuela eta bigarren ekinaldirako mugimendu guztiak menderatuta zituela. Tartean, bidearen giltza. Mugimendu gogor horri dagokionez, esan behar da hiru aste lehenago puskatu zela. Halere, Ceak ez zuen eragozpenik izan giltza horren sekuentzia berria gainditzeko.
Oro har, saialdi horietan (sei eguneko lana izan zen) ez zuen baldintzekin zorterik izan. Hezetasun handia egiten zuenez, une egokiaren zain egon zen. Behin betiko ekinaldian haizea altxatu zen, eta haurrak baldintza horiek aprobetxatu zituen “Trip tik tonic” erorikorik gabe igotzeko eta bere zerrendari 9a mailako laugarren bidea gehitzeko. Gogoratu behar dugu Ceak 1,43 metroko garaiera duela; beso-zabalera, berriz, 1,48.

Proiektuak

12 urteko haurra itzuli da etxera: Txilera. Baina hegazkina hartu aurretik azaldu zuen hurrengo oporretan Margalefera (Herrialde Katalanak) joan nahi duela. Izan ere, nazioarteko eskalatzaile zaildu askok bezala, eskalada eskola horretan helburu oso erakargarriak ditu.

Bien bitartean, Ceak esan du arrokan estutzen eta rokodromoan gogor entrenatzen jardungo duela: «Eremu ezberdinetako bide berriak ezagutu eta probatu. Hori da eskaladatik gehien gustatzen zaidana. Ekinaldiak egiten oso ondo pasatzen dut, niretzako ez da buruhauste bat. Ibilbide batean mugimenduak eta sekuentziak menderatzen ditudanean, pozarren jartzen naiz. Ikusten dut hobetzen ari naizela, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dit. Muturreko maila duten bideetan nire kontzentrazioari sendo eusten saiatzen naiz. Eta batez ere mugimendu gogorrenarekin edo marraren giltzarekin asko pentsatzen dut. Hori gainditzen badut hurrengo helburua katera erorikorik gabe heltzea da».

Europara eginiko azken bidaiari dagokionez, eskalatzaile honek adierazi du egun ederrak igaro dituela: «Frankenjura eta Gorges du Loup ez nituen ezagutzen; ederrak dira oso! Txilekoekin alde handia dute. Nire herrialdeko bide asko berriak direnez, zikinak egoten dira. Nabaritzen da Europako hauek asko eskalatzen direla».