
Hezkuntzaren etorkizunari buruz hausnartzeko asmoz, segregazioaren aurkako ituna landuko duen lantaldea datorren astean bilduko da estreinakoz. Horren berri eman zuen atzo elkarrizketa batean Lakuako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak.
Horren harira, LABek salatu du eskola-segregazioaren foroari buruz dakien apurra prentsaren bitartez jaso izana «abiapuntu desegokia» dela. Izan ere, sindikatu abertzaleak azaldu duenez, eragile gonbidatuek ez dakite gaur-gaurkoz zein diren foroaren eta bileraren gai-zerrenda, helburua, edukiak, metodologia eta parte hartzaileak.
LABek adierazi du abiapuntu hau ez dela «batere egokia» eta «adostasunak eraikitzetik urrun» dagoela. Bide horretan, Hezkuntza Sailaren seriotasun falta kritikatu du.
«LABek segregazioari aurre egiteko itun sozial baten beharra planteatu izan du, baina ez 50 parte hartzaile eta Osasun Mahaiaren metodologia berarekin seriotasunik gabe hasiko den foro baten argazki bat ateratzeko», azaldu dute. Dena den, deialdiarekin kritikoak izan arren, LABek baieztatu du lehen bilera horretan egongo dela. Azaldu dutenez, lehen bilera horren ostean, bertan jarraitu edo ez baloratuko dute.
«Eskola segregazioari aurre egiteko eta hezkuntza sistema publiko bakar, berri eta propioaren norabidean sakontzeko dinamika sindikala martxan jartzea izango da LABen apustua», azpimarratu dute sindikatutik.
ELAk ez du parte hartuko
Bestalde, ELA sindikatuak baieztatu duenez, ez dute parte hartuko eskola segregazioaren itunean. Bide batez, Lakuari oroitarazi dio «hezkuntzan aldaketa estrukturalak» egin behar direla segregazioari aurre egiteko.
Sindikatuak deia egin die gainontzeko sindikatu eta eragileei «mahai horretan ez parte hartzeko» eta «beharrezko aldaketak foro horretatik kanpo adosteko eta borrokatzeko».
«Ikasle zaurgarrien eta bestelako ikasleen banaketa orekatzeaz gain, hezkuntza prozesuaren helburua ere bada ikasleen arteko ekitatea eta kohesio soziala bultzatzea, eta horretarako sakoneko aldaketak ezinbestekoak dira», ELAren iritziz.
Jakinarazi dutenez, ELA hezkuntza arloko beste eragile batzuekin harremanetan jarri da elkarrekin segregazioari aurre egin eta kohesio soziala lortzeko aldarrikapenak adostu eta horien alde mobilizazioak abiatzeko.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona
