Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Enzo Oddok eta Leo Billonek Drus-eko ‘Lafaille’ bidea askatu dute

Abuztuaren 5etik 7ra, sokada frantziarra gai izan zen duela hamalau urte Jean-Cristophe Lafaillek mendebaldeko aurpegian neguan zabaldutako ibilbide gogor horri (A5, 1.100 m) puntu gorria jartzeko. Zailtasun tekniko handienak 8b+ maila du.

‘Lafaille’ marraren krokis berria luze guztiak era askean igo eta gero.
‘Lafaille’ marraren krokis berria luze guztiak era askean igo eta gero. (Leo BILLON)

Mont Blanc-eko mendiguneak ezusteko itzela jaso zuen iragan abuztuan. Albisteak zimendu batzuk astindu ditu; hain zuzen ere, Drus-eko (3.733 m) mendebaldeko horma mitikoak. ‘Lafaille’ bidea murru horretan txertatu zenetik, aura berezi bat izan du. Jean-Cristophe Lafaille alpinista frantziar historikoak eginiko maisulana da. Duela hamalau urte bi etapatan zabaldu zuen. Lehenbizikoan, 2.000. urteko martxoan, Jerome Arpine sokalagun izan zuen. Hamar luze zabaldu zituzten, baina oraindik metro asko geratzen zitzaizkien lan guztiak amaitzeko.

Hurrengo urteko otsailean, Lafaille sekzio ezezagun horiek irekitzera bakarrik aurkeztu zen. Aurkeztu, eta proiektua biribildu. Denera, bide berrian, ‘Lafaille’-n, 21 luzeko proposamena osatu zuen. Neguan, bigarren etapan bakarka eta A5 mailako metroak gaindituz. Hori izan zen Lafaille handiak Mont Blanc-eko mendigunean eginiko ekarpen bikaina.

Bada, hogeita lau urte beranduago, ‘Lafaille’-k beste ekarpen bat jaso berri du. Hori bai, ikuspuntu moderno batekin. Gaur egungo eskalatzaile eta alpinista zailduenek amesten duten joera berritzailea indarrean jarri da. Hots, artifizialean zabaldutako ‘Lafaille’ bidea askatu dute.

Aski ezagunak dira protagonista horiek: Enzo Oddo eta Leo Billon. Bada, joan den abuztuan, eskalatzaileok ‘Lafaille’ ibilbideari puntu gorria jarri zioten. Hiru eguneko lana izan zen, 5etik 7ra. Luze guztiak librean gainditzeaz gain, beste bi gehitu dizkiote. Marra horrek aurrerantzean aurpegi modernoa erakutsiko du. Horrekin esan nahi dugu A5 maila «desagertu» egin dela eta era askean, gehienez, 8b+ zailtasuna duela. Hori gutxi ez, eta, krokisean ikusten den bezala, era askeko proposamen berriak zortzigarren eta zazpigarren mailako hainbat luze ditu. Hitz batean esanda, 'Lafaille' Mont Blanc-eko mendiguneko artifizialeko marra zailena izatetik, era askeko gogorrena izatera igaro da. Hori da Oddoren eta Billonen ekarpen handia.

Neguan muturreko mistoan kranpoiak eta pioletak ondo astindu ondoren, eskalatzaileok «trajea» aldatu eta katu-oinei protagonismoa eman zieten. Udako proiektu handi hori prestatzeko gogor entrenatu zuten arrokan zein rokodromoan. Oddori ez zitzaion gehiegi kostatu transferentzia hori egitea. 9a+ mailara iritsi zen 15 urterekin, eta egun, 30ekin, badirudi sasoi hori ez duela galdu. Billon, berriz, ez da maila horretara heldu, baina alpinismoan zein arrokan oso-oso zaildua da. Horregatik, alpinista beterano honek gaztea fitxatu zuen erronka horri aurre egiteko.

Oddo 'Lafaille'-k duen artesi tekniko gogor bat librean eskalatzen. (Leo BILLON)

Billonek ‘Lafaille’-rekin maiz amets egin du. Sokada hori iaz ibilbidea aztertzera abiatu zen. Ateratako ondorioek zioten aukera bazegoela luze guztiak librean eskalatzeko. Irteera horretan, bide guztia librean (7b gehienez) eta artifizialean igo zuten egun bateko jardunean. Eskalada horretan ohartu ziren artifizialeko tresneria ia soberan zutela, baina ohartu ziren ere librean igotzea oso-oso gogorra izango zela. Besteak beste, zortzigarren mailako lau luze aurreikusi zituzten.

Ederra

Azterketa eta igoera hori egin eta urtebetera, Oddo eta Billon pronto ziren proiektuari benetako hasiera emateko. Ekainaren amaieran ‘Lafaille’-n sartu ziren, ikuspuntu «libre» batekin. Iazko igoeran bezala, lehen luzeak azkar eskalatu zituzten. Oddo gazteak 8a mailako lehen luzearen mugimenduak eta beste sekzio batenak aztertu zituen. Ondoren, 25 metro dituen artesi ederra zein oso zaila garbitu zuten. Oddok bi ekinaldi behar izan zituen librean igotzeko; Billonek, aldiz, beste bat. Luze hori gainditu ostean, sokadak argi eta garbi zuen: «Xede hau egingarria da».

Eskalatzaileok bigarren ikuskapena egin zuten uztailean. Hil horren hasiera oso hotza eta txarra izan zenez, eguraldia noiz baretuko zain egon ziren. Klima lasaitu zen, baina oraindik hotz handia egiten zuen, eta bigarren bisita horretan, lan batzuk egin ondoren, ‘Lafaille’-tik jaitsi ziren. Billonek dio hiru metroko plaka leun bat saihesteko aldaera txiki bat sortu zutela. Horrez gain, bi luze berri (7c) zabaltzeaz gain, bidearen giltzan lau parabolt jarri zituzten, beste hiru aldaeran eta beste gutxi batzuk ibilbidearen azken bi luzeetan.

Hurrengo asteak ez ziren oso atseginak izan sokada horrentzat. Pazientzia galtzen ari omen ziren, baina, zorionez, eguraldia lagun, abuztuaren 5ean behin betiko ekinaldia hasi zuten. Eskaladaren lehen egunean gai izan ziren 8a mailako lehen luzea era askean igotzeko. Billonek dio metro horiek oso lauak direla eta bi parabolt jarri zituztela. Sekzio zailenak, berriz, hamabost mugimendu ditu.

Librean eskalatutako luze zail batzuk poltsikoan zituzten. Baina oraindik lan eskerga zuten aurretik. Atseden hartu ondoren, biharamunean, ibilbidearen giltzari aurre egin zioten. Oddok «eragozpen» handirik gabe askatu zuen; Billoni, berriz, luze zailenak buruhauste gehiago eman zizkion, baina bilerara erorikorik gabe heldu zen. Lan mardulenak sinatuta zituzten, baina oraindik zalantza batzuk argitzeke zituzten. Batez ere, bidearen goiko sekzioan dauden luze batzuk. Hala eta guztiz ere, bi frantziarrok ez zuten etsi, eta aurrera jarraitu zuten.

8a mailako bigarren luzeak zalantza horiek guztiak uxatu zituen. Oddok aise gainditu zuen bigarren ekinaldian, eta Billonek ere bi saialdi behar izan zituen, baina gehiago kostatu zitzaion. Askatutako luze gogor guztien aurrean Oddok erakutsitako erraztasuna goraipatu du beteranoak. Bigarren egun hori 7c+ mailako aldaera eder batekin amaitu zen. Bigarren bibakaren edo atsedenaren garaia iritsi zen.

Billon (ezkerra) eta Oddo bibak batean; eskalatzaileok ekarpen handia egin dute. (Leo BILLON)

Hirugarren eta azken eskalada eguna. Hemezortzi luze atzean utzi ondoren, bi eskalatzaileok azken bi luzeak probatu zituzten. Nahiz eta hotz handia egin zien, biek ala biek lehen saialdian igo zituzten 7c mailako bi luze horiek. ‘Lafaille’ bideari puntu gorria jarri eta gero, protagonistoi soilik falta zitzaien gailurra zapaltzea. Tresneria guztia azken luzean utzi ondoren, zuzen joan ordez, azken 300 metroak ‘Alain-Lenninger’ klasikotik igo zituzten. Erabaki hori oso zuhurra izan zen; izan ere, harkaitz puskatuan luze berri batzuk irekitzeak ez zuen zentzurik.

Irakurraldi batean nabaritu daitekeen bezala, Oddok eta Billonek ekarpen handia egin dute Drus-eko mendebaldeko hormatzarrean. Orain ‘Lafaille’ bideak 8b+ du maila gorena; hain zuzen ere, A5 mailako luzeari dagokiona. Billonek gehitu du halabeharrez 7b/c zailtasuneko mugimenduak dituela. Aurreratu du bidearen giltza ederra baino ederragoa dela eta kalitatezko arroka duen ‘Lafaille’-k bere osotasunean osagai ikaragarri onak dituela. Eta hori azaltzeko, aipatu du estilo ezberdinak eskaintzen dituela: orekan oinarritutako plaka finak, artesi teknikoak, eroria duten sekzioak eta ezproi dotorea.